Gipuzkoako Foru Aldundiak 24.000 euro baino gehiago emango dizkio eskualdeko herri bakoitzari

Asier Imaz 2013ko abe. 5a, 12:18
Inbertsioak eta langabezia ardatz hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ia zortzi miloi euro banatuko ditu udalen eta eskualdeen artean, zorpetze maila handituz

Diru horren jatorria «oso berezia» dela dio Xabier Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasuneko zuzendariak. Banaketa ere berezia da, bai behintzat Araba eta Bizkaiarekin alderatzen bada. Ondoren, PSE-EEren kritikak datoz, eta azkenik, Bilduren eta EAJren adostasuna. Osagai guzti hauek nahikoa ez badira, berriari abenduko azken egunak eta ekonomiaren egoera gehitu behar zaizkio.
2013ko azaroaren 22ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eskualdeko herriak aipatzen zituzten hiru foru dekretu zeuden. Burokrazia hizkuntza horren tartean, herrien eta eskualdeetako garapen agentzien izenekin taula batzuk zeuden, eta hauetan, diru kopuruak. Guztira, zazpi milioi t’erdi inguru. Herri bakoitzari ‘x’ tokatzen zitzaion, eta hauek, inbertsioetarako eta lanpostuak sortzeko bideratu behar ziren.
Xabier Olano altzotarrak Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-ri hainbatetan lagundu zion hizkuntza berezi horren itzulpen lanetan. Oraingo honetan ere horrela izan zedin, Tolosaldeko Ataria baino, Olanoren karguak sortzen zituen zalantzak. Denbora kontuengatik. Xabier Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko langilea da, hain zuzen ere, Ogasuneko zuzendaria. Kokatze aldera, diputazioren barruan Ogasun eta Finantza departamentua dago. Foru diputatua Helena Franco da. Ondoren, lau azpi atal daude, eta horietan garrantzitsuena Ogasuneko zuzendariak gidatzen duena da. Ardura hori dauka Xabier Olano altzotarrak, 2011z geroztik.
Ordezkari publiko gehienek bezala..., Ogasuneko zuzendariak ez zuen inongo arazorik jarri elkartu eta diru laguntzen inguruan hitz egiteko. Altzoko elkartean atea jo, eta Xabier Olanok ireki zuen. Mahaiaren inguruan, arduratik baino arduraz mintzatu zen. Eskertzekoa. Harira.

Diruaren banaketa
Espainiako gobernua eta Eusko Jaurlaritza adostasun batera iritsi ziren, aurretik jarrita zeuden zorpetze mugak pixka bat malgutze aldera. Adostasun horren ondorioz, autonomia erkidegoko foru aldundiei zorpetze muga handitu zitzaien; Gipuzkoako diputazioari 18 milioi eurotan. «Lehendabizi egoera ekonomikoa baloratu genuen, eta hortik abiatuta, inbertsio batzuk bultzatzea erabaki genuen», dio Olanok. Baldintza batzuekin, ordea. «Garai bateko azpiegitura erraldoi horietan ez genuen sartu nahi, alderantziz, ahal zen neurrian, inbertsioak herrietan egin behar zirela ikusi genuen. Orduan, 18 milioi horien heren bat udaletan banatzea proposatu genuen, udal bakoitzak erabaki zezan zer egin diru horrekin». Gipuzkoako herri guztien artean sei milioi euro banatzeko aukera asko egon daitezke. Horiek aztertzea eta formulak asmatzea Olanoren lantaldeari tokatu zitzaion: «Heren hori banatzeko garaian herri txikiak bereziki onuradun atera dira, eta hori esatea zilegi da, hori bilatu delako. Herri txikiek zeregin garrantzitsua dute Gipuzkoan, eta ez genuen nahi Araban bezala...». Zer gertatzen da Araban? «Hiriburu handia denez, eta herriek oso pisu gutxi dutenez, Gasteizek ematen du dena». Olanorentzat Gipuzkoaren balorerik handienetakoa lurralde oreka da. «Hiriburua ez da izugarria, 700 biztanletik 175 bizi dira bertan. Eskualde buru potenteak daude, eta gero herri txiki mordoa. Azken hauen eginkizuna oso garrantzitsua da, lurraldearen orekari begira, eskualde buruena garrantzitsua den bezala».
Bilduren proposamenaren aurka bozkatu zuen PSE-EE alderdiak Batzar Nagusietan. Diruaren banaketa biztanleriaren araberakoa izatea nahi zuten. Jarrera horrekin gutxiengoan gelditu ziren, EAJk Bilduren proposamena babestu baitzuen. Bizkaia eta Araban diputazioek beste norabide bat hartu dute, hau da, udaletara diru kopuru bat bideratu beharrean, eurek erabaki dute tokatu zaien kopuruarekin zer egin. Xabier Olanok honela laburbiltzen du beste bi lurraldeetan gertatua: Araba eta Bizkaian udaletara zenbat bideratu dute? «Euro bakar bat ere ez. Hori Gipuzkoan bakarrik egin dugu». Eta PSE-EEk zer esan du... Harira.
Foru dekretu bilakatu den proposamenaren helburu nagusia, herri txikien ekarpena azpimarratzea da; eskualde buruei garrantzia emanaz, eta hiriburua kontuan hartuaz, dio Xabier Olanok. Baina banaketa egiterako unean, nola azaldu hori? «Gutxienez inbertsio txukun bat egiteko aukera izan behar zuten herri guztiek, eta hori nolabait neurtzeko 24.000 euro jarri genituen. Hortik gora, beste hainbat aldagai hartu genituen kontuan, biztanle kopurua tarteko».
Udalei ematen zaien diru hori ezin da edozein gastutarako erabili; inbertsioetarako bakarrik da, eta horrela justifikatu behar dira. Lanak azkar egin behar dituzte udalek, epea 2013an amaitzen baita. Hala eta guztiz ere, nahiz eta azaroan agertu aldizkari ofizialean, irailaren amaieran diru laguntza hauen jakitun ziren udalak, Olanoren esanetan.
Diputazioak 18 milioi horiek jasotzean maileguan hartzen ditu, baina udalek ez, hau da, ez dute jasotako kopurua itzuli behar. Hala eta guztiz ere, herritar bezala mailegua ordaintzea tokatuko zaie gipuzkoarrei. Ondorioz, galdera argia da: zorra handitzeko erabakia hartu duzuen bezala, aztertu al duzue ez handitzearen aukera? Xabier Olanok hiru faktore aipatzen ditu 18 milioi horien inguruan: «Lehenik, gehiegi zorpetu gabe kopuru horri aurre egiteko aukera bazegoela ikusi zen; bigarrenik, egoera ekonomikoak ahalegin bat egitea eskatzen zuela ikusi genuen, han eta hemen pizgarriak sustatuz; eta azkenik, foru aldundiak berak bazituen aurrera eman nahi zituen proiektuak, eta baliabideak horretara bideratzea erabaki zen».

Langabezia ere kontuan
Heren bat inbertsioetarako, eta beste zati bat, langabeziari aurre egiteko. Hori izan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakia, eta horretara milioi euro t’erdi baina gehiago bideratu dituzte. Guztira, denboraldi baterako, zuzenean 200 lanpostu inguru sortu nahi dituzte. Alde batetik, udalei emango die kontratuak egiteko aukera, eta bestetik, eskualdeetako garapen agentziei. Ondorioz, Tolosaldea Garatzenek ere diru laguntzak jasoko ditu. Eskualdeko garapen agentziak hiru kontratu egiteko baliabideak eskuratuko ditu, eta horrez gain, enplegu programetarako 125.000 euro.
Langabeziaren inguruko neurrien inguruan, Xabier Olanok elkarlanaz hitz egiten du: «Beti esan dugu udaletatik langabeziaren aurka ahalegina egin behar dela. Baldintzak oso kezkagarriak dira garai hauetan, eta badakigu epe motzeko irtenbideak direla zentzu batean, baina zenbaitentzat arnas pixka bat hartzea dela ere ezin dugu ahaztu. Horrez gain, enpleguaren inguruko ekimen eraginkorrenak eskualde mailan egiten direnak dira. Horregatik hartu dira kontuan garapen agentziak».
Arlo honetan ere lurraldeen orekaren garrantzia agerian gelditu da Olanoren pentsaeran, izan ere, Gipuzkoan eskualdeek pisu handia dutela dio altzotarrak, eta hori kontuan hartu behar dela: «Oso eginkizun garrantzitsua dute, eta hori bultzatzea oreka horren osagarri garrantzitsuenetakoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!