Hondakinak

Atez atekoa hobetzeko eta ezartzeko hitzordu berriak

Asier Imaz 2013ko abe. 4a, 18:53

Berastegin hondakinen bilketa eta kudeaketa plan berria aurkeztuko diete herritarrei, bihar. Ikaztegietan atez atekoa jartzeko urratsak ematen jarraitzen dute. Oraingoan, ontziak banatuko dituzte herritarren artean.

Anoetan, Zizurkilen, Alegian, Iruran eta Amasa-Villabonan hondakinen bilketa sistema berriarekin sei hilabete daramatzate, eta atez atekoa hobetze aldera, parte hartze prozesua zabalduko dute herrian, biztanleen iritzi eta ekarpenak jasotzeko helburuarekin. Azkenik, Berastegin, hondakinen bilketa eta kudeaketa plan berria aurkeztuko die herritarrei. Udalek zein mankomunitateak, hiru herri hauetan, herritarrei hitzorduetara agertzea eskatu diete.

Ikaztegietan abenduan jarriko dute hondakinen gaikako bilketa sistema berria: atez atekoa. Bilketarako beharrezkoak diren ontziak ondorengo egunetan banatuko dituzte: abenduaren 9an, 10ean eta 14ean. Ikaztegietako kiroldegian jarriko dute ontziak banatzeko gunea, eta horrekin batera, informazioa nahi duen orok, hitzordu horietan izango du aukera kezka eta zalantzak argitzeko, Tolosaldeko Mankomunitatearen esanetan, bertan egongo baita informazio bulegoa.

Ikaztegietarren artean 200 ontzi sorta banatuko dituzte guztira, dohainik. Etxebizitza bakoitzari bost tokatuko zaizkio: bi ontzi marroi, bat txikia eta aireztatua, eta bestea handiagoa eta itxia; ontzi gris bat; urdin bat eta horia. Aipatu bezala, etxebizitza bakoitzak ontzi sorta bakarra jaso dezake, beraz, nahasketarik egon ez dadin, ontziak nork eta zein etxebizitzarako jasotzen dituen erregistratuko dute, mankomunitatetik azaldu dutenez. Komertzio, jatetxe eta edaritegien kasuan, edukiontzien banaketa pertsonalizatua egingo dute, bertara joanaz. Landa eremuan bizi diren biztanleek nahi izanez gero ontziak jasotzeko aukera edukiko dute. Euren hondakinak ekarpen guneetara eraman ahal izateko giltza elektronikoak jasotzeko, aldiz, udaletxera joan beharko dute.

Berastegi eta Anoeta

Berastegiko udal taldeak biharko batzar berezia antolatu du. Hondakinen bilketa eta kudeaketa plan berria aurkeztuko dute herritarren aurrean, 21:00etan, udaletxeko bilkura aretoan. Bertan, besteak beste, abenduaren 10etik 12ra berastegiarrei udaletxera joateko eskatuko diete, plan berriari buruzko informazioaz gain, bakoitzari dagokion errefus ontziaren giltza jasotzera. Horrez gain, egun horietan hondakin organikoa garraiatzeko ontziak banatuko dituzte.

Anoeta, Zizurkil, Alegia, Irura eta Amasa-Villabonan duela sei hilabete aldatu zuten hondakinen bilketa sistema. Atez atekoa jarri aurretik, parte hartze prozesua jarri zuten martxan herri horietan. Urte erdia pasa den honetan, bilketa sistema berriro aztergai jarriko dute. Mankomunitatetik azaldu dutenez, «hilabete hauetan zehar pertsona bakoitzak bere esperientzia izan du bilketa eredu berriarekin, eta orain, bizipen hori oinarri hartuta, herritarrekin batera sistema hobetzeko prozesua jarriko dugu martxan».

Anoetan hurrengo astean hasiko dira parte hartze prozesuarekin; Zizurkilen abenduan zehar egingo dute, eta Alegia, Iruran eta Amasa-Villabonan urte berrian. Hobetze prozesua herri bakoitzaren ezaugarrietara egokituko dutela azaldu dute mankomunitatetik. Anoetan, telefono deiak, herri galdetegia, postontziak, ideiak biltzeko panelak eta abar jarriko dituzte fase honetan.

Hitzorduak

Ikaztegieta

Abenduak 9, astelehena. 18:00-21:00. Ontziak banatuko dituzte kiroldegian.

Abenduak 10, asteartea. 10:00-14:00. Ontziak banatuko dituzte kiroldegian.

Abenduak 14, larunbata. 10:00-14:00. Ontziak banatuko dituzte kiroldegian.

Berastegi

Abenduak 5, osteguna. 21:00. Hondakinen bilketa eta kudeaketa plan berria aurkeztuko dute, batzar berezian, udaletxeko bilkura aretoan.

Abenduaren 10etik 12ra. 17:00-21:00. Errefus ontziaren giltza jasotzera udaletxera joan beharko dute herritarrek. Horrez gain, hondakin organikorako ontzi bana banatuko da.

Anoeta

Abenduaren 2tik aurrera. Atez ateko sistema hobetzeko parte hartze prozesua zabaldu dute aste honetan.

Zizurkil

Abenduan. Atez ateko sistema hobetzeko parte hartze prozesua zabalduko dute hilabete honetan zehar.

Amasa-Villabona, Anoeta eta Alegia

Urtarrilean. Atez ateko sistema hobetzeko parte hartze prozesua zabalduko dute urte berriarekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!