Bertsolari Txapelketa Nagusia

Aitor Mendiluzek txartela lortu du BECen kantatzeko

Jon Miranda 2013ko abe. 2a, 11:45

Gure eskualdeak ordezkari bat izango du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Jexux Mari Irazuk hirugarren egin du azken finalaurrekoan.

Aitor Mendiluze, finalaurrekoaren ondoren: "Sufrituz aritu naiz bertsotan, ezin kokatuz"

Jexux Mari Irazu: "Saioarekin gustura geratu naiz"

Jexux Mari Irazuren kartzelako saioa (irudiak bertsoa.com-ek utzita)

Aitor Mendiluze eta Unai Agirre hamarreko handian (irudiak bertsoa.com-ek utzita)

 

Maule-Lextarren ospatu zen larunbatean Txapelketa Nagusiko azken final aurrekoa. Aitor Mendiluzerekin batera, Jexux Mari Irazuk osatu zuen eskualdeko ordezkaritza Zuberoako hiriburuan. Ongi borobildu zuen aurtengo parte hartzea larrauldarrak. Gertuko erreferentziak erabili zituen saioan zehar eta berea izan zen kartzelako bigarren ariketa puntuatuena; “inork ez zuen espero, baina lortu egin duzu” gaiari erantzuteko, Zuberoan geratzeko hautua egin duen laborariaren paperetik kantatu zuen Irazuk. Bosgarren Txapelketa Nagusia izan du aurtengoa  eta emandakoaren gustura geratu dela azaldu dio Tolosaldeko Atariari, “batez ere Maulen egindako saioarekin”.
Aitor Mendiluzek hilaren 15ean BECen jokatuko den finalean kantatuko du. Laugarren egin zuen Maule-Lextarreko final aurrekoan eta deseroso sumatu genuen bertara gerturatutako bertsozaleok. Ideiak ezin ekarri ibili zen zenbait garaitan, lotuta bezala. Tolosaldeko Atariari ere horrela aitortu zion irurarrak: “orain finalean behintzat, Murgian eta Maulen egin ez dudana egiten saiatuko naiz, bertsotan gozatzen”. Sentsazio horiek bizi arren, hutsik ez zuen egin Mendiluzek eta ale ederrak  utzi zituen Maulen. Saiorik ederrena puntutan egin zuen Agin Labururekin batera.
Larunbateko final aurrekoa irabazteko faboritoa Sustrai Colina zen eta pronostikoak bete zirela esan behar da. Unai Agirrerengan zeuden esperantza asko jarrita eta hernaniarrak neurri batean bertsozalea aseta utzi zuen Maulen. Erregular jardun zuen, akatsik egin gabe eta printza ederrak utziz. 691,5 ere eman zizkion epaimahaiak, nahikoak finalean sartzeko, baldin eta Aitor Sarriegirekin berdinduta geratu izan ez balitz. Bi finalaurrekoetan postuetan zein gorago geratu den begiratu zioten finalera zein pasa erabakitzeko. Beraz, Sarriegi izango da BECen bigarrengo aldiz.
Sustrai Colina eta Unai Agirreren atzetik, eskualdeko bi ordezkariak etorri ziren, Jexux Mari Irazu eta Aitor Mendiluze. Azkeneko bi postuetan sailkatu ziren Jone Uria eta Agin Rezola.
Honenbestez, erabakita geratu dira Maialen Lujanbiorekin batera zein zazpi bertsolari arituko diren abenduaren 15ean Barakaldon jokatuko den finalean: Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi.
Asteazkenean arratsaldeko 17:00etan Ataria irratian, Maulen entzundako bertso gehiago jasoko ditugu eta luze eta zabal aztertuko dugu bertsolariek bertan egin zuten lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!