Nekazal elkarteek aurrekontuetan kontuan hartu ez izana salatu dute

IƱigo Terradillos 2013ko aza. 27a, 11:32
Gipuzkoako 11 elkartek Aldundiaren jarrera salatu dute, eta euren etorkizuna jokoan dagoela ohartarazi dute

Gipuzkoako nekazaritza sektorearen «zati handi bat» ordezkatzen duten elkarteek, gestio etxeak eta bi nekazal sindikatuen —EHNE eta ENBA— babesarekin, Gipuzkoako Foru aldundiaren jarrera salatu dute. Adierazi dutenez, Jon Peli Uriguenek zuzentzen duen sailak «baserritarrak partaidetzazko aurrekontuetatik kanpo utzi ditu». Aldundiak, berriz, ukatu egin du Lehen Sektorearen iritzia kontuan hartu gabe egin dituenik aurrekontuak.

Baserritarren 11 elkartek salatu dutenez, hauteskunde kanpainetan «hitz gozoak» entzuten dituzte euren lanaren inguruan eta sektorearen egoera hobetzeko hitza ematen da, «baina egunerokotasunean, urtez urte okerrago gaudela ikusten dugu». Eman dituzten datuen arabera, 2009 urtetik 2013 urtera, elkarteek, batez beste, %35eko murrizketak jasan dituzte diru laguntzetan.

Baserritarrek esan dutenaren arabera, 2014 urteko aurrekontuak «elkarren artean eta murrizketarik gabe» landuko zituztela adostu zuten Foru Aldundiarekin, baina, «elkarte eta eragile desberdinekin harremanik izan gabe, 2014rako aurrekontu proiektua aurkeztu dute». Baserritarrek salatu dutenez, dituzten beharrez «galdetu ere egin gabe», eurengan eragina duten erabakiak hartzea, eta gainera, «etorkizunari begira inongo plangintzarik egiteko asmorik ez erakustea» ezin dute onartu. Euren ustez, «hori ez da partaidetzazko aurrekontuak egiteko bidea, ez eta nekazal eta abeltzaintzaren sektoreak merezi duena ere».

Elkarteek baserritarraren eta administrazioaren arteko zubi lana egiten dutela gogoratu dute, eta horrez gain, sektorearen bertebrazioan laguntzen dutela arlo desberdinetan, hau da, baserritarrei zerbitzuak, hobekuntza genetikoa, arlo sanitarioa, komertzializazioa, azpiegiturak eta abar. Bada, elkarteen funtzioa «derrigorrezkoa» ikusten dute, eta euren eskua elkarlanerako luzatu ondoren erantzunik ez izateak mindu dituen arren, prest daudela berriro ere eskaintza luzatzeko adierazi dute, euren etorkizuna «jokoan» baitago.

Baserritarren laguntzak mantendu
Foru Aldundiak, bere aldetik, baserritarrei zuzenean emandako diru laguntzak mantendu, eta kasu batzuetan igo egin dituela adierazi du. Hori bai, elkarteei bideratutako laguntzetan murrizketak izan direla onartu du: «aurrekontu orokorrak eta departamenduak izandako beherakadak kontuan izanik, esfortzu berezia egin da baserritarren zuzeneko laguntzak mantentzeko, ondorioz murrizketak elkarteei zuzendu behar izan zaizkie aurreko bi urteetan».

Datorren urteko aurrekontuari dagokionez, aurrekontua mantentzeko «ahalegina» egin duela azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, beraz, ez du murrizketarik egitea aurreikusten, eta igoera batzuk baloratzen ari dira. «Ez da egia sektoreko elkarteekin harremanik izan ez dugunik, ez eta ere murrizketak aipatu diren adinakoak izan direnik, sektorea orokorrean kontuan hartuta».

 

Iñaki Ugartemendia. Gipuzkoako Frisoi elkarteko lehendakaria

«Urtetan elkarteek egindako lana ezerezean geratzeko arriskua dago»

Frisoi elkartearekin batera, Gipuzkoako beste 10 elkartek salatu dute Aldundiaren jarrera, Lurgintza eta Abelur gestioetxeen eta EHNE eta ENBA sindikatuen babesarekin. Iñaki Ugartemendia zizurkildarraren arabera, «elkarterik gabe baserritarrak zerbitzu ugari galduko lituzkete».

2014ko aurrekontuak prestatzerakoan Foru Aldundiak baserritarren elkarteak ez dituela kontuan hartu salatu duzue.
Pasa den urtean, garai hauetan, bilera bat izan genuen, elkarteek, gestioetxeek eta baserritarrek Foru Aldundiarekin. Bertan, mahai bat eratzekotan geratu ginen, departamentuari zegokion dirua eta elkarteetako banaketa lantzeko. 2013a iritsi da, eta ez da mahairik sortu, eta gainera, deitu ziguten esanez aurrekontuak eginda zituztela. Beraz, berriro ere gauza bera gertatu dela ikusi dugu, eta egoera lehertu egin du.

Zergatik gertatu da hori, zergatik ez da mahaia sortu?
Ez dakigu. Beraiei galdetu beharko litzaieke. Guk urte guztia pasa dugu mahai horren osaketaren zain. Apirilean beste bilera bat egin genuen, eta han ere mahaia osatzeko eskatu genuen berriro. Gainera, beraiek ere ados agertu ziren osaketaren inguruan.

Ez zela mahaia sortzen ikusita zer egin zenuten?
Urriaren hasieran beste bilera bat eskatu genion Foru Aldundiari, eta gaur egunera arte ez dugu erantzunik jaso.

Gipuzkoako Foru Aldunditik erantzun dutenez, elkarteekin bilerak egin dituzte, eta ez da egia kontuan hartu ez dituztenik aurrekontuak egiterakoan.
Bilerak egin direla elkarteekin egia da. Baina, ez gara aurrekontuen inguruan hitz egiteko osatu behar zen mahaiaren bueltan jarri. Elkarteen funtzionamendurako egin dira bilerak. Gure kasuan, esaterako, duela hamabost egun, frisoi elkartea bere funtzionamenduaz hitz egiteko bildu zen Aldundiarekin. Bilera hartan esan ziguten aurrekontuak prestatuak zituztela.

Eta orain zer egingo duzue?
Aurrekontuak oraindik onartu gabe daude, eta emendakinak egiteko epea abenduaren 2an amaituko da. Guk emendakinak sartzeko asmoa dugu, eta ikusiko dugu zer gertatuko den.

2009 urtetik, batez beste, %35 jaitsi dela elkarteei bideratutako diru laguntza salatu duzue. Zein ondorio ekarri ditu horrek?
Elkarteen funtzioak genetikan hobekuntzak, hileroko kontrolak, kalitatea eta kopurua neurtzea... dira, eta zerbitzu horiek baserritarrei emateko langileak daude elkarteetan. Zerbitzu horiek mantentzeko, bazkideei kuotak igo egin zaizkie eta zerbitzu batzuk eskaintzeari utzi zaio. Ahal dugun neurrian egin ditugu murrizketak, eta gehiago egin ezin ditugun unera iritsi gara. 25 urtetan egin dugun lana ezerezean gera daiteke murrizketa horiekin elkarteak desagertzeko bidean jarriko baitira.

Zuen kasu zehatzean, zein da frisoi elkartearen eginkizuna, eta zein helbururekin sortua izan zen?
Hobekuntza genetikoa, osasun arloa, lanaren etekina, txekorraren irabazien neurketa, esnearen kontrola behi bakoitzak ematen duen kalitatea eta kantitatea ikusiz, txekorrak txapatzea eta kontrola eramatea... Esaterako, ni elkartean banago, akoplamendu programa bat egin dezakegu behi eta zezen jakin batekin. Elkartean ez banago, berriz, ez dakigu behia zerekin ari garen elkartzen. Urte askotako lana eta datu bilketa dago hor atzean. Horiek dira, besteak beste, eginkizunak, eta horretarako sortu zen, baserritarrei zerbitzuak emateko. Elkarterik gabe baserritarrak zerbitzu horiek gabe geratuko lirateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!