Bizikletak aparkatzeko 238 leku berri izango dira eskualdean

Mikel Iraola 2013ko aza. 27a, 10:20
Tolosaldea Garatzenek bederatzi udalerrirekin batera osatu du plana eta abenduan jarriko dute martxan

Amaitu da aparkalekurik ez izanagatik, bizikleta edonon utzi edo besteekin batera pilatu behar izatea. Izan ere, bizikletan ibiltzen diren herritarrek gutxienez 238 plaza eta 44 aparkaleku gehiago izango dituzte aparkatzeko abendutik aurrera eskualdean.

Tolosaldea Garatzenek, bederatzi udalerriekin batera, egun dagoen bizikleta aparkaleku sarea aztertu eta udal bakoitzeko bizikleta plangintzak egin ditu, udalerri bakoitzaren ezaugarrien arabera. Plan horietan aparkalekuen kudeaketarako gida bat eta aparkaleku berrien kokapen eta hauen hornikuntzarako proposamen zehatz bat egin da, eta hilabete batzuetako lanaren ostean, abenduan jarriko dute martxan.

2011 eta 2012 artean idatziko Bizikletaren Sustapen Planean garraiobide hau erabiltzeko sustapen neurri sorta bat proposatu zitzaien udalei eta hauen artean lehentasun neurrietako bat izan zen aparkaleku sarearen egokitzapenarena. Udaran aparkaleku sarea aztertu eta proposamena egin zen, eta urrian aldaketak egin ondoren, onartu berri dute plana.

Alegia, Anoeta, Amasa-Villabona, Asteasu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Tolosa eta Zizurkil izan dira aparkalekuen plangintza honetan parte hartu duten udalerriak. Herri hauek lotura dute garraio publikoarekin, eta bereziki, trenarekin, eta bertan aparkaleku sare egokia bermatzea «ezinbestekoa» zela ondorioztatu zuen Tolosaldea Garatzenek egindako lanak.

Hasiera batean 218 plaza berri aurreikusi baziren ere, azkenean 238 plaza eta 44 aparkaleku berri eraikiko dira. Uztai erdiko aparkalekuak izango dira, bakoitzean bina bizikleta sartzen diren horietakoak. Dagoeneko eraikita daude, eta abenduan hasiko dira hauek jartzen.

Aparkaleku hauek bizikleta bidaien helburu nagusiak izango diren tokietan zentratu da plangintza hau, batez ere, kultur eta kirol ekipamenduetan eta garraio publikoaren konexio puntuetan.

Aparkalekuak egitea bakarrik ez, hauek ondo seinalizatzea ere da lanketa honen beste helburuetako bat. Izan ere, Garbiñe Mendizabal, Tolosaldea Garatzeneko Udal garapenerako arduradunak azaldu duenez, «aparkaleku horietako asko leku txarretan, bisibilitate edo segurtasun gutxiko lekuetan daude, eta horregatik jendeak ez du bertan aparkatzen». Horregatik, aparkaleku horien seinalizazio egokia ere egingo da.

Lan honetan Tolosaldea Garatzen eta aipatutako bederatzi udalak elkarlanean izan badira ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izan dute. Ekonomikoki, proiektuaren %48aren laguntza eman du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!