Enplegu Berdea proiektuko ikasleek jaso dute titulua

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 26a, 17:43
Eskualdeko 13 langabetu aritu dira egitasmoan, eta horietatik lauk lana aurkitu dute jada.

Duela urtebete inguru hasi ziren Tolosaldea Garatzeneko arduradunak, Enplegu Berdea izeneko formakuntza zikloa prestatzen. Zikloaren zati guztiak amaitu dituzte jada, eta tituluak banatu dizkiete lanean aritu diren ikasleei. Tolosaldea Garatzen agentziako Unai Manterolak prozesuaren izaera interesgarria nabarmendu nahi izan du titulu banaketan: «Lana, esfortzua eta pazientzia eskatu dizue parte hartu duzuen guztioi, baina prozesu benetan interesgarria izan da, bai formakuntzarako, eta baita enpresentzako ere».
Izan ere, eskualdeko 13 langabetuk jaso duten Enpresa Berdea zikloak bi zati izan ditu. Formakuntzaren zatia jorratu dute, batetik, 350 ordu eskainiz. Pasa den urtarrilaren 31n hasi ziren, eta apirila bitarte, Tolosaldeko enpresetan ingurumena kudeatzeko sistemen inguruko edukiak lantzen aritu ziren. Aipatzekoa da, gainera, praktiketan aritu diren bitartean 500 euroko beka jaso dutela, Lanbideren eskutik.
Aipriletik aurrera, berriz, praktikak egiten aritu dira 13 ikasleak, eskualdeko enpresetan. Jardun horri 500 ordu eskaini dizkio zikloak, eta Tolosaldeko hainbat enpresetan ISO 14001, Karbono aztarna, EMAS III erreglamendua eta EKOSCAN ingurugiro ziurtagiriak jartzeko balio izan du, besteak beste.
Alderdi teoriko eta praktikoak osatuz, beraz, ikasleek ingurumen kudeaketarako sistemen inguruko ezagutzak jaso dituzte azken hilabeteotan. Helburu nagusia ikasleek ingurumen arauak ezagutzea izan da, bai barne-merkatuan, eta baita esportazioaren esparruan ere. Horrela, eskualdeko enpresek eremu horretan dituzten beharrak identifikatu dituzte, gabezia horiei erantzuteko.
Tolosaldea Garatzeneko lehendakari Ibai Iriartek formakuntza zikloko ikasleak zoriondu ditu, eta egitasmoaren balio bikoitza azpimarratu du: «Proiektu bakarra den arren, bi helburu betetzen dira, langabezian daudenak heziz eta beren curriculuma betez, eta enpresen gabeziak betez. Modu honetara, bi aldeek ateratzen diote etekina egitasmoari. Izan ere, langileei aukerak hazten zaizkie lan merkatuak, eta enpresei ere, ziurtagiri eta antzekoekin kualitatiboki jauzi bat egiten dutenez, ateak irekitzen zaizkie».

Arrakastadun zikloa
Ingenieritza teknikoan, Industria ingeniaritzan, Kimikan, Biologian nahiz Ingurumen zientzietan unibertsitate titulua duten langabetuak aritu dira Enpresa Berdea proiektuan; guztiek ere, 35 urte baino gutxiago dituzte.
Eskualdeko lantegietan praktikak egin ondoren, zenbaitek zortea izan dute, eta hamahiru ikasleetako lauk lana aurkitu dute jada, egitasmo honi esker.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!