Elkartasunak bete du eskualdeko agenda, asteburuan

Tolosaldeko Ataria 2013ko azaroaren 26a

Libre eguna izan da Villabonan eta Maite Aranalderi bisita egin diote. Lizartzan ere manifestazioa izan da, Sevilla IIra begira.

Asteburuko hamaika jardueren artean, elkartasun egitasmoek bete dute Tolosaldeko agenda.
Batetik, Libre eguna ospatu zuten Amasa-Villabonan, herriko tabernen nahiz Segiko gazteen inguruko epaiketa politikoak gaitzesteko. Besteak beste, mosaiko erraldoia osatu zuten herritarrek.
Lizartzan, berriz, S.O.S. mezua bidali zuten Sevilla II espetxeko egoera dela eta. Manifestazioa egin zuten, espetxe horretan dauden euskal presoen eskubideak errespetatu daitezen eskatuz eta hauei elkartasuna adieraziz. Euren eskubideen alde gose greba hasi zuten euskal presoek urriaren 28an, eta tartean zegoen Garikoitz Etxeberria lizartzarra. Azken honek aurreko astean utzi zuen gose greba, osasun arazoak medio. Senideek azaldu dutenez, datozen egunetan mobilizazio gehiago egingo dituzte.
Azkenik, Maite Aranalde preso ibartarra dagoen espetxera bisita egin zuten asteburuan, hari eta bertako preso euskaldunei elkartasuna adierazteko helburuz. Vivonne-ko (Frantzia) espetxean dago Aranalde ibartarra, eta 35 lagun inguru bertaratu ziren eskualdetik. Dispertsioaren aurkako pankarta bat zutela, itzulia eman zioten espetxeari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!