Santa Zezilia eta musikaren garrantzia

Joxemi Saizar 2013ko aza. 21a, 23:31
Gaur, azaroak 22, Santa Zezilia eguna da, musikarien zaindariaren eguna. Horregatik, festa honen historia eta musikaren garrantzia gure herrian, izango dira gaurko kolaborazioaren gaiak.

Ez dago oso argi zergatik den Santa Zezilia musikarien zaindaria, baina ziurra dena da Gregorio XIIIak 1594an izendatu zuela musikarien patroia. II. edo III. mendean bizi izan zen Erromako Zezilia martiriak, jauntxo familiakoa izanik, segur aski musika tresnaren bat joko zuen gaztetan; lira, zitara edo harpa adibidez.Horiekin agertzen da irudietan. Dirudienez, ezkondu zen egunean, musikariak jotzen ari ziren bitartean bera bihotzean Jainkoari kantatzen ari zitzaion. Erdi Arotik aurrera organoa jotzen eta kantari irudikatu izan da. Zaindari izatearen arrazoia organo hitza gaizki itzultzea izan daitekeela ere esan izan da. Poeta, itsu eta hainbat hiriren zaindaria ere bada Zezilia.

Musikari taldeek bere zaindariaren eguna ospatzeko ohitura aspaldikoa da. Zaila da jakitea noiztik ospatzen den Tolosan, datu idatzi gutxi dagoelako, baina hamarkada luze behintzat. Musika Banda bezala, beste hainbat abesbatza, txaranga eta musika taldek gogoratzen dute Santa Zezilia gaurkoan.

Eta zergatik ospatu izan da hainbeste herritar arruntentzat zeresanik ez duen egun hau? Bada musikak garrantzi handia izan duelako historian zehar Tolosan. Herri bakarrenetakoa da estatu osoan musika kapera bizirik mantendu duena mendetan zehar gaur egun arte. Bertan nazioarte mailako sariak irabazi zituzten Felipe Gorriti eta Eduardo Mokoroa musikagile ospetsuak aritu ziren. Musika eskolak eta Musika Bandak mendea aspaldi bete zuten. Bandak goi mailako agintariei (Alfonso XIII.a, Franco) eta ekitalditan (1913ko Euskal Jaiak, Errepublikaren aldarrikapena) jo izan du. Abesbatza tradizioa ez da oraingoa (Orfeon Tolosanok sari ugari irabazi zituen) eta azken hamarkadetan Abesbatza Lehiaketarekin sendotu egin da tradizio hori.

Bandak, Orfeoiak eta ondorengo hainbat abesbatzak (Leidor, Abeslari Lagunak, Eresoinka, Hodeiertz) sari ugari lortu dituzte Euskal Herrian eta kanpoan. Dultzaina, trikitia, akordeoi eta ikasle taldeak ere hor ari dira lanean. Ezin ditugu ahaztu Inauterien anparoan sortutako txarangak. Gure musika leku askotara zabaldu dute hamarkada askotan zehar, baita Inauteriak inon ospatzen ez ziren garaietan ere.

Datu historiko batzuk (askoz gehiago ere badira) emango ditugu musikak Tolosan duen garrantzia azpimarratzeko.  
1530ean Tolosako txistulariak Iruñako sanferminetan izan ziren.
1540an baziren organoa eta organojolea Tolosan.
1618an bazen kapera orkestra Santa Maria parrokian.
1828an lehen musika banda osatu zen Tolosan 18 lagunez osatua: rekintoa, 7 klarinete, 2 tronpeta, 2 kontrabaxu, tronboia, klarina, flautina, bonboa, platertxoak eta redoblanteak. 185 urte dira beraz, musika banda duela herriak.
1846an udalak ordaindutako musika irakaskuntza bazen herrian.
1867an Felipe Gorritik organo-jole eta kapera maisu plaza lortu zuen oposizioan. 1878an Bandako eta Musika Akademiako zuzendari izendatu zuten Gorriti. Nazioarteko sari ugari eskuratu zituen konposatzaile gisa.
1885ean gaur egun Santa Maria parrokian dagoen Stoltz Frères organoa jarri zuten, aurrekoa oso egoeran txarrean zegoelako.
1892an Bilboko banda lehiaketan parte hartu zuen Tolosakoak.
1896an Eduardo Mokoroa izendatu zuten Bandako eta eskolako zuzendari. 1906an utzi zuen kargua, Orfeon Tolosanoko zuzendaria eta Santa Maria parrokiako kapera maisua izateko.  
1901ean Centro Musical Tolosano eta Orfeon Tolosano sortu zen Eduardo Mokoroaren zuzendaritzapean. Hurrengo urtean Donostiako orfeoi lehiaketa irabazi zuen.
1913ko Euskal Jaietan Tolosako, Donostiako eta Diapason bandak eta Orfeon Tolosanok parte hartu zuten eta euskal musikako konposizio lehiaketan Jose Tomas Mujika tolosarrak irabazi zuen «Tolosa» oberturarekin.
1921ean Editorial de Musica Vasca sortu zuten Tolosan Jose Eizagirrek, Bernardino Elosegik eta Ixaka Lopez-Mendizabalek, zuzendaritza artistikoa Jesus Guridik, Jose Francok eta Eduardo Mokoroak osatuz.
1925ean Tolosako Udal Txistulari Banda Coruñara joan zen Miguel Martinez de Lezearen zuzendaritzapean.
1926an Santa Zeziliaren omenezko kontzertu berezia izan zen Bandaren eta eskolako ikasleen partaidetzarekin.
1943an Eskolania Felipe Gorriti sortu zuen Javier Bello Portuk.
1969an Abesbatza Lehiaketa sortu zuen CITek.

Altxor musikal hau mendez mende mantendu egin da eta aurrerantzean ere hala jarraitu ahal izateko, herriak bere musika taldeak eta eskolak zaindu eta lagundu behar ditu. Santa Zezilia egun baterako ez dago aholku egokiagorik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!