Bizikidetzaren bidean tabuak apurtuz

Olatz Artola 2013ko aza. 22a, 09:00
Lokalak. Bizilagunentzat traba, jabeentzat diru iturri eta gazteentzat aterpe. Sentipen kontrajarriak hitz berberaren inguruan.

Mahai baten bueltan bildu dira, lokalaren estalpean, gazteak, bizilagunak eta jabeak, udalak hala eskatuta. Elkarbizitzaren ulerkera eskatzen du lokalaren fenomenoak, eta bizikidetza bermatzeko borondatearekin hasi ziren elkartzen, guztiok batera araudia osatzen. Lokalak erregulatzen dituzten udal ordenantzaren eraketan parte hartu duten lau lokalekin bildu gara: Izaskungo aldapa, Berazubi, Gudari eta Beotibar, hurrenez hurren.

Askatasun-habia gazteentzat
«Estalpe beharrean geunden, eguraldiaz babesteko beharrean. Hori izan zen lokala hartzeko arrazoia. Gerora, laguntasunaren babesleku bilakatu da», aitortzen dute Izaskungo aldapako lokaleroek. Beotibarreko neskek diote etxeko girotik atera nahi dutenean, zoriontsuegi ala tristeegi daudelako, lokalera joaten direla. «Badakizu bertan egongo direnak lagunak direla, eta lagunak diren heinean zoriontasun horrekin bat egin edo lagundu egingo zaituztela».
Beraien logelarekin alderatzen dute lokala. Etxean intimitatea behar dutenean logelara joaten diren bezala, lokala dutenetik, intimitate horren bila bertara joaten dira. «Lagunekin partekatzen duzun espazioa den arren, zurea sentitzen duzu; bakarrik egon ez arren intimoa da, beraz», azaltzen dute neska tolosarrek.
Kale gorrian egotetik aterpe bat izatera pasa ziren duela bederatzi urte Berazubiko lokaleroak. «Bilera gunea bilakatu da guretzat», diote bertakoek eta gaineratzen dute «lokalik edukiko ez bagenu gure koadrila bananduta egongo litzateke. Asko gara, eta gustu eta afinitate kontuak direla medio, bide ezberdinak hartuko genituzke. Lagunekin egon nahi baduzu, hona etortzen zara, eta dagoena dago. Deika ibili behar izango bagenu, akaso, ez ginateke batzuekin egongo, eta modu honetan, bai».
Asteburuetan joatetik ia egunero joatera pasatu dira Izaskungo aldapako gazteak. Denborarekin, erabilera handituz doa, eta egun «klub sozial» bat bilakatu da lokala. Espazio intimoa batzuentzat, bilera-gunea besteentzat, baita babeslekua edo klub soziala ere; baina guztiek aho batez diote lokala bigarren etxea dela.

Desozializazioa: sozializazioa desegitea, bakardadea
Desozializaziorako bidean murgiltzea da askorentzat lokal batean sartzea. Lokaleko ateak ixtean, ateaz bestalde dagoenaz ez direlako ohartzen, interesatzen. Eten egiten dira, giltzapetuta geratu, ordura arteko harremanak. Etiketa hori ipini diete lokalei.
Berazubiko lokaleroen ustetan «pertsonaren araberakoa da hori. Irekia dena, lokalarekin ala gabe, jendearengana irekiko da; itxia dena, aldiz, ez». Guztiek bat egiten dute baieztapen horrekin, eta Izaskungo gazteek honakoa gehitzen dute: «Lokalik gabe ez zara sozialagoa. Kalean ere bakoitzak berea egiten du, bere kaxara joaten da».
Lokalera joango ez balira tabernara joango liratekeela kontatzen dute Gudarikoek, eta lokalak aldeko duena koadrila berriekin erlazionatzea dela. Beraiek lokala bi lagun talde ezberdinen artean hartu zuten, eta honek, lehenago zuten harremana indartu du. Tabernara joaten jarraituz gero, koadrilakoak besterik ez ziren elkartuko, honenbestez, bi lagun talderen arteko erlazioa ez zen sendotuko.
Lokala edukitzeak ez du esan nahi aisia bertan egotera mugatzen direnik. «Badaude lagunak zeinak bere denbora librean lokaletik kanpo gehiago egoten diren lokalean baino», diote Izaskungoek. Berazubikoek ondorengoa gehitzen dute: «Badira lokalean sartuta egongo direnak, baina beste batzuk ez. Bakoitzaren erabileraren araberakoa da». Beotibar kaleko lokalekoak ez dira etxea-lokala ardatzean bueltaka aritzen, kalean ere ibiltzen dira, baita beste lokaletan ere.
Desozializazioa aitzakia hartuta hasi ziren Txapin Festa antolatzen. Besteen lokalak ezagutu eta lokaletik kanpo ere erlazionatzeko xedearekin hasi zen festa. «Txapin Festa antolatzen dute Izaskungo aldapakoek; guk, Berazubi auzoko festak, eta gainontzekoek ere barne ekitaldiak antolatuko dituzte. Lokala sozializatzeko garaian ez da atzera pausoa. Ekintzailea bazara, lokalak ez dizu ekintzailetasunik kenduko».

Gazte zaratatsu eta pasiboaren ustea, erdi ustel
«Lokal hitzak konnotazio negatiboak dauzka; eta gu, gazteak izanik, zikinkeria, zarata eta jarrera pasiboaren estereotipoarekin erlazionatzen gaituzte. Gazte lokaletan botata egoten garela uste dute askok, eta badira lokala horretarako darabiltenak, baina kasu guztietan ez da horrela», aitortzen dute Beotibarreko neskek. «Guk ez dugu telebistarik eduki lokalean, eta horrek aktibo izaten lagundu digulakoan gaude». Gudari kalekoek lokala hartzeagatik jendearen jarrera ez dela aldatzen diote, hau ere pertsonaren araberakoa dela, hots, aktiboa denak aktibo izaten jarraituko duela.
Berazubiko lokalean mahaiak eta aulkiak zeuden hartu zutenerako. Asko izanik, sofak jarrita garbi mantentzea zaila ikusten zuten, eta zegoenari etekina atera zioten. Izaskungo Aldapakoek, aldiz, hasiera batean sofak jarri zituzten. Denborarekin, sofa horiek kenduz joan dira, eta jarduera egin ahal izateko mahaiek eta mahai-futbol bezalako jolasek sofa horien lekua hartu dute. «Badirudi, gaztetan, kalean egin ezin duzun hori egiteko hartzen duzula lokala, baina arrazoia ez da hori. Lagunekin egoteko toki bat nahi duzu, aisialdian gozatzeko, eta denborarekin lokala horretarako egokitzen zoaz. Gure espazioa denez, gure nahietara moldatzen dugu», kontatzen dute Izaskungoek.
«Gauza txarrak egin daitezke, baina gu ez gara horretara joaten», aitortzen dute Gudari kaleko gazteek, eta Beotibarrekoek eransten dute «lokalean edo kalean, berdin jokatuko da». Berazubiko mutilak ere bat datoz. «Kalean egin ezin dena, jendeak, kalean egiten du; beste batzuk etxean eta beste batzuk lokalean. Nahi duenak, egin egingo du, eta kito!».
Lokalean ezkutuan ibili gabe gordeta daude gazteak. Halaber, guztiek azpimarratu dute gurasoengandik ezkutatuta egoteak ez diela debekatuta dagoena egitera bultzatzen. «Lokala hartzerakoan, ordura arte zenituen ohiturekin jarraitzen duzu. Tabernan kontsumitu ordez, lokalean gastatzen duzu. Baina, oro har, egunerokotasuna ez da apenas aldatzen. Lokala hartzeagatik ez baituzu joera txarrik hartzen», diote Beotibarrekoek.
Taberna inpertsonalagoa izanik, espazio pertsonal baten bila dabiltza gazteak, besterik gabe. Lokalekiko dagoen pertzepzioa okerra dela pentsatzen dute guztiek, baina uste horrek indarrean jarraituko duelakoan daude. Beti lotu izan dira gazteak portaera jakin batekin, eta lokalero hauen ustetan, kostako da hori aldatzea.

Bizilagun eta gazteen elkarbizitza
Egungo gizartean estereotipoak gailentzen direla diote gazteek, ezagutu aurretik epaitzeko joera dagoela. Bizilagunekin, liskar asko, gazteak izateagatik, eduki dituztela diote, alegia, epaitu egiten dituztelako. «Hasierako garaietan eztabaidak izan genituen. Ezin ukatu noizbait arazoak sortu ditugula, baina badira kasuak udaltzaingoak goizeko ordu bietan lokalera etorri izana kexa batengatik, eta lokalean bi lagun egotea film bat ikusten», kontatu dute Berazubiko lokaleroek. Oro har, arazoak ez dira larriak izan, lokal batenak salbu. «Lokala hartu baino lehen jada kexatu egin zen bizilaguna», kontatzen dute Gudariko gazteek.
«Auzotarraren jarrera ikusita, berarekin hitz egiten ahalegindu ginen. Okerrera joateko balio izan zuen, horregatik ere kexatu baitzen. Arrangurak pilatuz joan ziren, epaitegietara iritsi arte», azaltzen dute mutilek. Bizilagunaren argudioak hutsalak ziren; zarata sortzen zutelako kexatzen baitzen eta probetan soinu-maila errespetatzen zutela frogatzen baitzen. «Ezagutu baina lehen begitan hartu gintuen, aurreiritzietan oinarrituta epaitu gintuen», gaineratzen dute.
Bizikidetza arazo honen ondorioz, behartuak izan gabe, lokala uzteko beharra sentitu zuten gazteek. «Ez zuen etsi berea lortu arte: guk alde egitea. Ulertzen dugu portaera txarra edukiko bagenu auhendatzea, merezita, baina ez da kasua». Neskek ere bizipen bat ekarri dute gogora «bizilagunekin ez, jabearekin izan genuen guk liskarra. Bi pisu zituen lokal hark, eta beheko solairuan kotxea sartuko zuela aipatu zigun, eta handia zenez, ez genuen trabarik jarri. Hori esan, eta hiru asteren buruan, kotxeaz gain tabike bat ere jarri zuen; solairua ezerezean utziz».
Problema hauek ekiditeko beharra ikusi da udaletik; lokalen fenomeno honetan gazteen eta auzotarren eskubideak bateratzeko premia, baita gutxieneko baldintzak betetzeko derrigortasuna ere. Arazoak murrizteko eta bizikidetza bermatzeko helburuarekin sortu da beraz Lokalak Arautzeko Udal Ordenantza.

Bizikidetza araudia
Udalak azken urte erdian, 2013ko maiatzetik, herri partaidetzako prozesu bat bideratu du. Gazte lokalen gizarte-fenomenoan bustitako herritarren artean -gazteak, auzotarrak, jabeak eta adin txikikoen kasuan, gurasoak- lan-dinamikak eratu dira. Herritarren arteko hurbilketaren bitartez, gaiaren gainean eztabaidatu da.
Udalaren ustetan gazte lokal desberdinen bueltan dauden pertsonek errekonozimendu osoa merezi dute. Prozesu parte-hartzailean interpelatuak izan dira komunikazio fasearen baitan, baina interes orokorra duten herritarrei zabalduta egon da era berean. Hiru saio egin dira; lehenengoa, gazte erabiltzaileekin. Lokalaren inguruko diagnosia konpartitu eta osatu da, ikuspegi komunitarioa bermatzeko urratsak emanez.
«Positiboa da gu kontuan hartzea, gu baikara erabiltzaileak. Gainontzekoen iritziak ere aintzat hartzea egokia da, elkarbizitza derrigorrezkoa baita», irizten dute neskek. Giro ona bermatu behar dela uste dute, guztiak gustura egoteko. Berazubiko mutilek ondorengoa diote: «Gaztea izanik eta lokal baten parte izanik, ez ditugu sortzen ditugun arazoak ikusten, kontatzen dizkizutenean ohartzen zara. Batak besteari esanez ulertzera iritsi zaitezke, bestearen tokian jarriz».
Gazte lokalek duten garrantzia onartu da, adostasunez. Ondorengo bi saioetan gazteak, bizilagunak, jabeak eta adin txikiko erabiltzaileen gurasoak hartu dute parte. Elkarbizitza irizpideak eta aldeen arteko komunikazioa zehaztu da batetik, eta lokaletako baldintzak eta aurrera begirako prozedura definitu da bestetik.
Proposamenetatik abiatuta, gazte lokalei buruzko gaiak eta esparruak arautu eta normalizatu dira, Udal Ordenantza berri bat eginez. «Elkarbizitza horretan aurrerapauso bat izan daiteke araudia. Arazoen aurrean helduleku bat egongo da, behintzat; izango dugu zeri eutsi», diote Berazubiko gazteek. «Segurtasunari nahiz bizikidetzari begira hutsune hori genuen, eta lege baten beharra genuen gure baldintzak hobetzeko», azaltzen dute Izaskungo Aldapako lokaleroek.
Udalaren aburuz, erregularizatzea ezinbestekoa da, eta horretarako, lehendabizi, lokalak erregistratu behar direla dio. Abenduaren 9a zabalduko da izen-ematea www.tlsbat.net webgunean, eta hilabetekoa izango da epemuga. Lokalak ikusiko dituztela azaldu dute udaletik, eta baldintzak betetzen ez badira, hiru hilabete izango dituzte egokitu ahal izateko.
Lokala legeztatuta egotea onuragarria delakoan daude gazteak. Segurtasunari dagokionez, ziurrago sentituko direla diote; bai kontratua idazterako garaian, baita lokalean daudenean ere. Lokalen auzien bueltan ibiltzen direnek jakingo dute zer den legez kontrakoa eta zer ez, eta kexarik egonez gero, ordenantzari esker, guztiek jakingo dute arau-haustea eman den ala ez. Galduta ez sentitzeko erreminta gisa ikusten dute, baita menpeko ez  sentitzeko tresna bezala ere.

Tolosako gazte lokalei buruzko bizikidetza araudiaren oinarriak:

1. Erabilera: aisiarekin zerikusi zuzena duten jarduerak
2. Kokapena: lokalen artean 50 m.-ko distantzia
3. Asegurua: erantzukizun zibilekoa
4. Kontratua: lagapen kontratua
5. Baldintza espezifikoak: behe solairuak 220 zm.-ko altuerarekin
6. Gutxieneko baldintzak: segurtasuna eta garbitasuna
7. Zarata: soinu-mailak errespetatu
8. Lokal berriak: eskabidea bete; Tlsbat webgunean, kultur etxean edo udaletxean
9. Erregistratu gabeak: erregularizatu, eta ezinezkoa bada, lokala itxi
10. Arau-hausteak: arinak, larriak edo oso larriak; zigor ezberdina garrantziaren arabera

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!