Erabateko publikotasunaren bila

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 20a, 12:11
Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo batzordera helarazi ditu, TOPAk, bere aldarri eta kezkak.

Urduri zeuden Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeko ordezkariak, astelehenean, legebiltzarrera sartu aurretik. Osasun eta Kontsumo batzordean agerraldia izan zuten, eta hogei minutuan platafomaren kezka, aldarri eta eskaera guztiak azaldu behar izan zituzten. Horietan garrantzitsuena, Eusko Jaurlaritzari Asuncion klinikarekin duen kontzertu ekonomikoa eten, eta ospitalea publikoa egiteko lan mahaia osatzeko eskaera izan zen.
2011ko otsailaren 15ean sortu zen TOPA, eta ia hiru urtetan barrena bildutako informazioarekin aurkezpen bat prestatu zuten koordinakundeko Mayi Aranzegi, Kristina Pelaez eta Mari Mujikak; legebiltzarreko talde politiko bakoitzari txosten osatua ere banatu zieten. Lehenik eta behin, gainerako eskualdeen eta Tolosaldearen osasun sistemen arteko berdintasun faltaz aritu ziren: «Guk zergak berdin-berdin ordaintzen ditugu, baina esku pribatuetara joaten dira, kontzertu ekonomikoagatik. Gure ustez, gainerako herritarren eskubide berak ditugu».
Honi lotuta, TOPAK lortu dituen ia 19.000 sinadurak eta eskualdeko 31 alkateren babesa hizpide izan zituzten: «Alkateek sei hilabete daramatzate Jon Darpon osasun sailburuarekin elkartzeko zain, eta ez die jaramonik egiten, egoera larria dela jakinda ere».
Tolosaldeko osasun zerbitzuaren egoera «larri» hori, erabiltzaileen salaketetan nahiz beraiek lorturiko dokumentuetan oinarritu zuten. Kristina Pelaezek «eskualdean inoizko itxaron zerrendarik handiena» dagoela salatu zuen, eta klinikako hainbat mediku, homologaturiko espezialitate titulurik gabe lanean ari direla ere bai: «Prestakuntza bereziko medikuak direla diote, baina Medikuen Eskola Ofizialean ikertzen aritu gara, eta medikuntza orokorreko ikasketak egindako medikuak, urteak eman dituzte espezialista moduan lanean. Gainera, Osakidetzan medikuek gehienez ere 70 urtera arte lan egin dezaketen bitartean, Asuncionen bada 76 urterekin oraindik ere lanean ari denik».
Honi lotuta, eta herritarrek eginiko salaketetara joz, asteburuetan mediku espezialisten gabezia dagoela ere gaitzetsi zuten: «Oftalmologiako larrialdi batekin joan zen herritar bat asteburu batean, eta hurrengo asteazkenera arte ez zioten hitzordurik eman; Donostiara bidali zuten gero». Bide beretik, beste herritar bati, Asuncioneko arduradunek botikak etxetik emateko eskatu ziotela ere salatu zuten agerraldian.

Kontzertua eteteko arrazoiak
1994. urtean Asuncionek porrot egin, eta Jesus Gomez Montoya jabe den Inviza enpresak erosi zuen klinika. Ospitale kontzertatua zenez, Montoyak akordioa sinatu behar izan zuen jaurlaritzarekin, eta klinikak bere diru sarreren %95a jasotzen du, gaur egun, kontzertu honetatik: urtean 20 milioi euro inguru.
Hitzarmen edo kontzertu honen arabera, Asuncionek zuen 4 milioi euro baino gehiagoko zorra bere gain hartu zuen Invizak, pixkana ordaintzeko, urtero portzentajeak gradualki igoz, bere irabazien arabera. TOPAk azken hilabeteotan salatu duenez, ordea, «Inviza enpresa sare bateko kide da, Geusa, Yatpinde eta Asistencia Médica Tolosarekin batera. Orain arte Gipuzkoan indarrean zegoen Enpresen Promoziorako Legeak babestu du talde hori, eta Montoyak sare horretan barrena mugituko lituzke irabaziak, zor historikoa ez ordaintzeko». Gauzak horrela, 19 urtean zorra ez da ia jaitsi, eta Aranzegik agerradian azpimarratu zuenez, 200 urte pasatu beharko lukete, gaur egungo siteman Asuncionek zorra ordaintzeko.
Aurtengo maiatzean Asuncioneko langileei soldata jaitsiera baten berri eman zietenean hasi zen TOPA hau guztia are sakonago ikertzen, eta epaiketara jo zuten, Mari Mujikak legebiltzarrean azaldu moduan: «Invizak bi aldiz atzeratu zuen epaiketa, enpresako dokumentazio berriak etengabe aurkeztu zituelako. Urrian, ordea, epaileak arrazoia eman zigun, Invizak ezin izan zuelako langileei soldata jaisteko arrazoirik frogatu, enpresa talde bateko kide delako. Eta hori sententzia batek dio, ez guk».
Hau guztia oinarri hartuta, «gobernuak herritarrekiko konpromisoak hartu beharrean, Invizarekiko konpromisoak» hartzen dituela salatu zuen TOPAk legebiltzarreko agerraldian, eta pribatizazioaren aldeko apustu garbia ikusten dute: «Asuncionen diru sarreren %95a diru publikotik baldin badator, eta diru publiko hori enpresa talde honetan barrena mugitzen badute, irabazirik ez aitortzeko, eta zor historikoa ordaindu gabe, argi dago gure osasunarekin negozioa egiten ari direla».
TOPAren ustez, hau guztia arrazoi nahikoa da, Eusko Jaurlaritzak Asuncionekin duen kontzertu ekonomikoa bertan behera uzteko: «Hasteko, kontzertuan zehaztutako helburuak ez dituzte bete, eta klinikak gaur egun ez du gaitasunik Tolosaldeko, Legorretako eta Andoaingo herritar guztien beharrak artatzeko; izan ere, gogora ekarri behar da gaur egun erreferentziazko ospitalea dela Asuncion biztanle hauentzat guztientzat, eta ezin dutela Donostia ospitalera joan».
Gainera, 2011n berrituriko kontzertu ekonomikoaren oinarriek diote, urtero-urtero Asuncionek eskaintzen duen zerbitzuaren azterketa bat egin behar dela, txosten bat osatuz; «2011z geroztik ez da txosten horien berririk», diote. Osasun sailari «erantzukizun politikoak» eskatu zizkioten, beraz, bai aipaturiko ikuskatze-txostena ez egiteagatik, eta baita «klinikak porrot egin zuenean, esku pribatuetan uzteagatik ere».
Honenbestez, kontzertua etetearekin batera, Tolosaldean eskualdeko ospitale publiko bat osatzeko lan mahai bat sortzea ere eskatu zuten TOPAko hiru ordezkariek legebiltzarrean.

Txostenak eta galderak
Osasun eta Kontsumo batzordean PP, PSE-EE, EH Bildu eta EAJko talde politikoek parte hartu zuten, eta guztiek ere beren erantzuna eman zieten TOPAko kideei.
PPko Laura Garridok eskerrak eman zizkien informazioagatik, baina txostena aztertu arte ezer ezin zietela esan azpimarratu zuen.
PSE-EEk, berriz, Asuncionen inguruan «batzorde honetara bertsio desberdinak» iritsi izan direla azpimarratu zuen: «Hala ere, zuek aurkezturiko guztia aztertuko dugu, sinadura kopurua eta alkateen babesa esanguratsuak baitira», nabarmendu zuen PSE-EEko Blanca Roncalek.
EH Bilduko Rebeka Uberak hainbat galdera egin zizkien TOPAko kideei, eta horrekin batera, koordinakundearen iritziarekin bat zetozela azpimarratu zuen: «Gabezia bat dago zuen eskualdean, eta datu hauek are gehiago kezkatzen gaituzte. Ekainaz geroztik kontzertua baloratuko duen txostenaren zain gaude, eta oraindik ez da iritsi. Ulertzekoa da lehen zeuden baliabideak erabiltzea, osasun zerbitzua eskaintzeko, baina kontzertu bat sinatzen den unetik, kontrol bat eskatzen du horrek».
EAJko Kerman Orbegozok, azkenik, beren talde politikoaren asmoa «euskal osasun sistema publikoa izatea» dela nabarmendu zuen: «Hala ere, tokian tokiko egoera aztertuta, batzuetan beharrezkoa da publiko eta pribatuaren arteko zerbitzua uztartzea». Azkenik, zehaztasun gehiago eskatu zizkien TOPAko kideei, egindako salaketen inguruan: «Kualifikatu gabeko medikuen kasua aztertu egin beharko litzateke, izan ere, behar bada mediku egoiliarrak izango dira, hori gertatzen baita. Sendagaiak etxetik ematearena, berriz, zenbat aldiz gertatu da? Kasu isolatua da edo orokortutako zerbait? Hori zehaztu egin behar da».
Agerraldi osoan hainbestetan aipaturiko txostenaren zain geratzeaz gain, alderdi politikoen erantzuna ere espero du TOPAK. Bitartean, beren aldarriekin jarraituko dute, eta ostiralean bertan hitzordua egina dute. Osasun arloko ezagutza sortzea: paperetik lainora izeneko jardunaldia izango da, eta Jon Darpon sailburua etortzekoa da. Agerraldia egingo dute, 08:00etatik 10:00etara, Topic zentroaren kanpoaldean. Gaur, berriz, Topic-en bertan, UEMAko Maren Berastegiren eta TOPAren hitzaldia izango da, 18:30etik aurrera: Osasun etxean ere euskaraz.

 

TOPAren agerraldia legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo batzordean

TOPA
Koordinakundea
«Gure osasunarekin negozioan ari dira, eta kontzertuaren baldintzak ez dituzte betetzen. Kontzertua etetea nahi dugu, eta ospitale publiko bat sortzeko lan mahaia osatzea ere eskatzen dugu».

Kerman Orbegozo
EAJ
«Ez dugu esan nahi zuen kasua aztertuko ez dugunik, elkarlanerako prest gaude, Baina tokian tokiko egoeraren arabera, batzuetan beharrezkoa da publikoa eta pribatua uztartzea».

Rebeka Ubera
EH Bildu
«Zuen iritziarekin bat gatoz, eta datu hauek are gehiago kezkatzen gaituzte. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu ospitalea publiko egiteko lan mahaia sortzea, gaur egun arreta ona ez delako bermatzen».

Blanca Roncal
PSE-EE
«Asuncionek 30 urte baino gehiago daramatza funtzionamenduan, eta legebiltzarreko osasun batzorde honetara, klinikaren inguruko hainbat bertsio iritsi dira urte horietan guztietan».

Laura Garrido
PP
«Asko eskertzen dizuegu informazio hau guztia hemen azaldu, eta horrez gain guri txosten bat ekartzea. Hala ere, aztertu egin behar dugu informazio hori guztia, eta une honetan ezin dugu ezer baloratu».

 

Kristina Pelaez eta Mari Mujika • TOPAko kideak:
«Alderdi gehienek ez dute konpromiso zehatzik hartu»

Asuncionen auzia hogei minutuan aurkezteko aukera izan zuten TOPAko Mayi Aranzegi, Kristina Pelaez eta Mari Mujikak, Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo batzordean. Pozik zeuden agerraldiarekin, ospitalea publiko egiteko lan mahaia sortzea zail ikusten duten arren.
Nola sentitu zarete Osasun eta Kontsumo batzordean egin duzuen agerraldian?
Kristina Pelaez: Gustora atera garela uste dut. Hasieran urduri samar ibili gara, egia esan, baina gero aukera izan dugu kontatu nahi genituen gauza guztiak kontatzeko, bai azalpenean, eta batez ere, galderak egin dizkigutenean; horrek aukera eskaini digu gauza askotan sakontzeko. Horri dagokionez, beraz, pozik gaude, informazio gehiena, behintzat, eman ahal izan dugulako.
Legebiltzarkideen erantzunak nola baloratzen dituzue?
K. P.: EH Bilduk ospitale publikoa sortzeko lan mahaiaren proposamena oso egokitzat jo du, eta ea alde horretatik eurek aukerarik baduten zerbait egiteko. Beste alderdien aldetik, berriz, esker onak jaso ditugu gure kezkak hara helarazteagatik eta informazioa emateagatik. Bestalde, ordea, alderdi gehienek ez dute konpromiso zehatzikhartu, eta gauza bera errepikatu dute: Osasun sailak eta Osakidetzak Asuncion klinikaren inguruan egin beharreko txostenaren zain daudela, alegia. Txosten horretako datu zehatzak eskuartean dituztenean lanean hasteko moduan izango direla esan dute guztiek.
Mari Mujika: Nik agerraldiko une bat azpimarratuko nuke, asko harritu bainau. Guk emandako dokumentazioa eta datu guztiak aztertuko dituztela diote. Horrekin batera, ordea, eta Eusko Jaurlaritzak Asuncionekin sinaturiko kontzertuaren arabera, urtero Asuncion klinikaren balorazio bat egitea ere euren betebeharretako bat da. Kontzertu hau, azkenekoz, 2011ko azaroaren 15ean sinatu zuten, eta 2013ko azaroan, gaur egun, oraindik ez dute klinikaren baloraziorik egin! Beren etxeko lanak ez dituzte egin, eta beraz, beraiek une honetan ez dakite klinikaren funtzionamendua nolakoa den, eta Asuncionek zehazturiko puntu guztiak betetzen dituen edo ez.
Informazioa helarazi duzue legebiltzarrera, eta, Asuncion publiko egiteko lan mahaia sortzea eskatu duzue. Osatuko al da?
M.M.: Niri, egia esan, nahiko zaila iruditzen zait. Argi eta garbi dago Euskal Herriko eskuinak pribatizazioaren aldeko jarrera duela, eta beste batzuk horri esker beren negozioa egiten ari direla. Horri buelta ematea nahiko zaila izango dela iruditzen zait, izan ere, onartu egingo lukete, nolabait, azken urteotan egindakoa gaizki egin dutela, edo hartutako bidea ustela izan dela. Horregatik, nahiko zaila ikusten dut beraiek mahai hori osatzea. Gainera, esan bezala, mahai gainean jarri ditugun gauza asko ez zekizkiten, eta ardura politiko bat dute. Adibide nabarmena izan da, EAJko arduradunak honako galdera egin digunean: «Nola egingo zenukete zuen ospitalearen publifikazioa?». Zertarako daude ba beraiek? Zenbait erreakzio harrigarri samarrak izan dira, beraz.
Legebiltzarkideei aurkeztu diezuen txostenean, Invizaren enpresa sarearen berri ere eman duzue. Gomez Montoyaren enpresa sozietatearen berri ofiziala badutela ikusita, erreakzioren bat espero duzue horren inguruan ere?
M.M.: Datu horien jakitun dira, eta areago, Enpresen Promoziorako Sozietate horren funtzionamenduan, parte hartzaile ere badira batzuk. Darpon sailburua bera, Invizaren enpresa sareko kide izandakoa da, enpresa horietako batean lanetan aritu baitzen Eusko Jaurlaritzan sartu aurretik. Sare horren kontzientzia osoa dute, beraz. Arazoa da, Enpresen Promoziorako Sozietate horiek deuseztatzen hasi direla Gipuzkoan. Eta ez dakigu alderdi hauen jarrera zein izango den, eta bereziki EAJk zer egin behar duen horren aurrean. 2013ko ikasturte politikoan, sozietate horiek jada ez daude indarrean, beraz, zein kontrol eraman behar dute beraiek? Zein norabide hartu behar da? Bide honetan, klinikak berak ere, enpresen egitura hori guztia egokitu egin beharko du, eta egokitzapen horretan, EAJ harrapatuta dagoela iruditzen zaigu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!