Bertsolari Txapelketa Nagusia

Aitor Mendiluzek finalerako hautagai sendoa dela erakutsi du Murgian

Jon Miranda Labaien 2013ko aza. 18a, 10:57
Aitor Mendiluzek hirugarren egin zuen atzo Murgiako Txapelketa Nagusiko finalaurrekoan. Ezeren okerrik ez bada, aukera asko ditu finalean sartzeko.

Aitor Mendiluzeren hitzak saioaren ondoren

Atzo Murgian ospatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren finalaurrekoa. Espero zitekeen bezala maila oneko saioa atera zen atzokoa. Sustrai Colinak batu zituen puntu gehien, 706 hain zuzen eta gertutik jarraitu zioten Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendiluzek. Laugarren egin zuen Unai Agirrek, bosgarren Fredi Paiak eta azkeneko tokian sailkatu zen Xabier Silveira.

Honenbestez erabakita dago, finalerdietako bigarren faserako zein 18 bertsolari sailkatu diren. Jexux Mari Irazu larrauldarra ere zerrenda horretan sartu da 738,5rekin eta puntu erdi gutxiago zuen Amaia Agirre  hurrengo faserako atarian geratu da. Billabonatarrarekin batera, Nerea Elustondo, Xabier Silveria, Odei Barroso, Beñat Lizaso eta Jon Maia dira kanpoan geratu direnak. Bertsolari zumaiarrak eman zuen ezustea larunbatean Oiartzungo Elorsoron, Txapelketa Nagusiko lau final jokatu ondoren aurten ez baita BECen egongo.

Gauzak horrela, finalerdietako bigarren faseko hiru saioak Elizondon, Donostian eta Maulen jokatuko dira. Eskualdeko bi ordezkariak, Aitor Mendiluze eta Jexux Mari Irazu, elkarrekin arituko dira Maulen, azaroraren 30ean. Seikotea Sustrai Colinak, Unai Agirrek, Agin Laburuk eta Jone Uriak osatuko dute.

Pronostikoak egiten hasita, 688 puntutik gora dituzten sei bertsolarik (Amets Arzallusek, Igor Elortzak, Aitor Sarriegik, Sustrai Colinak, Beñat Gaztelumendik eta Aitor Mendiluzek), bigarren itzulian oker handirik egiten ez badute seguru antzean dute tokia finalean . Maialen Lujanbio izango dute zain BECeko finalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!