Amaia Arbillaga eta Ibon Gonzalez, eskualdeko azkarrenak Behobian

Asier Imaz 2013ko aza. 11a, 18:47

Amaia Arbillaga Plazaola eta Ibon Gonzalez Loitegi izan dira eskualdeko korrikalari azkarrenak Behobia-Donostia lasterketan. Arbillaga tolosarrak 1:23:19 behar izan ditu ibilbidea egiteko, eta bederatzigarren sailkatu da emakumeen artean. Gonzalez zizurkildarrak 1:10:48an gelditu du erlojua, eta 69. postuan helmugaratu da

Galiziako Pedro Nimok (1:04:30) lehen aldiz parte hartu du Behobia-Donostia lasterketan eta lehen tokian helmugaratu da. Claudie Behobide (1:16:20) gipuzkoarra izan da lehen emakumezkoa.

28.342 korrikalarik eman zuten izena lasterketan eta horietatik 23.637 abiatu dira Behobiatik. Aurten nota beltza ere izan du maratoi erdiak. 29 urteko korrikalari nafar bat hil baita helmugatik bi kilometrotara.

Fortuna Kirol Elkarteak behin betiko sailkapena zintzilikatu du bere web orrian. Ikusi Tolosaldeko korrikalarien denborak jarraian:

 

 

IBON GONZALEZ: "Emaztea bigarren alabaren zain zegoen, eta gauza kuriosoa izan da"

Lasterketari buruz hitz egitean, Alazne emazteari aipamen berezia egin nahi izan dio Ibon Gonzalezek (Zizurkil, 1977), «emaitza hauek lortzea ezinezkoa izango litzateke berarengatik ez balitz». Bigarren haurraren esperoan dago bikotea, eta haurdunaldiak 40 aste, hain juxtu, igandean egin zituen.

Zein helbururekin joan zinen Behobia-Donostiara?
Helbururik gabe atera nintzen, benetan gauza kuriosoa gertatu baitzaigu. Nire emaztea bigarren alabaren zain dago, eta igandean bertan bete zituen 40 aste. Ez nuen lasterketa egiteko asmorik hasiera batean. Irailean, lagun bat lesionatu egin zen, eta bere dortsala utzi zidan, badaezpada. Herenegun alarmarik ez zegoela ikusita, lasterketara joan nintzen, eta ondo atera zitzaidan.  

Azkar bukatzeko arrazoia hori izango zen agian.
Helmugan aita zain utzi nuen, autoarekin. 11:15ean kotxera sartu, arropa sekoa jantzi eta korrika etxera. Orain ere deiaren zain nago, aste honetan jaioko dela uste baitugu.

Helburu zehatzik gabe, lasaiago?
Korri egiterako orduan horrek izugarrizko lasaitasuna eman dit. Donibane Lohitzun-Hondarribia maratoi erdia seigarren postuan amaitu nuen, eta banekien oso ondo nengoela. Sasoi aldi hau urteetako prestaketaren fruitua dela uste dut, ez azken hilabeteetako entrenamenduena. Lasterketan benetan oso ongi sentitu naiz.

Zure markarik onena izan al da aurtengoa?
Bai, bost edo sei alditan atera naiz Behobia-Donostian, eta orain arteko onena 1:12an nuen.

Horrenbesteko haizea ibili al zen Donostia aldean?
Bai, oso gogorra izan zen zentzu horretan. Atzeraka botatzen zigun bolada batzuetan; izugarria. Jendeak bere helburuak ez ditu bete, eta asko etsita ikusi nituen, erabat ukituta. Jendeari denbora joan egin zitzaion, minutu t’erdi edo bi minutuko kaltea eragin zuen haizeak.

Zure kasuan, aldiz, alderantzikoa gertatu zen.
Eguraldi onarekin 1:10etik erraz jaitsiko nuela uste dut, eta benetan diot. Donibane Lohitzun-Hondarribia oso eguraldi txarrarekin jokatu zen, haizea eta bero handiarekin, baina izugarrizko lasterketa egin nuen, eta Behobia-Donostiara oso ongi iritsi naiz.  

Kanpotik ikusten den jaia, barrutik ikusten al duzue?
Lasterketa berezia da, eta korrikalarientzat erakargarria, hori ezin da ukatu. Batzuk hau besterik ez dute buruan izaten, baina, nire ustez, korrika egiteko ez da lasterketa politena, hau da, badira beste batzuk ospe gutxiagorekin politagoak. Donostiako Maratoi Erdia, eta batez ere, berriro azpimarratu nahiko nukeen Donibane Lohitzun-Hondarribia. Lasterketa gogorra da, baina korri egiteko benetan zoragarria da, nahiz eta Behobia-Donostiak duen oihartzunik ez izan.

 

AMAIA ARBILLAGA: "Haizea ikaragarri nabaritu dugu, oso indartsu ibili da ibilbide guztian zehar"

Behobia-Donostia lasterketa amaitzen eskualdeko lehen emakumea Amaia Arbillaga (Tolosa, 1984) izan zen. Ohore hori lortzen duen lehen aldia ez da, baina hala eta guztiz ere, pozik agertzen da tolosarra. Igandeko lasterketara entrenamendu berezirik egin gabe joan zen Arbillaga, urte guztiko lana oinarri hartuta.

Orain arteko denborak kontuan hartuta, igandean marka pertsonalik egin al zenuen?
Ez. Duela bi urte 1:12ko denbora egitea lortu nuen.  

Lasterketa amaitu ondoren, denek gauza bat zuten ahotan: haizea.
Ikaragarri nabaritu dugu. Oso indartsu ibili da, eta denbora guztian gainera. Nire kasuan, ibilbidea bakarrik egin dut, inongo talderen babesik gabe, eta azken zatian ederki nabaritu dut nekeari haizea nola gehitu zaion. Bestela, tenperatura aldetik, niretzat oso ondo egon da, nahiz eta batzuk  freskoago nahi izaten duten.

Tolosaldeko lehena izan zara berriro ere. Zein helbururekin joan zinen Irunera?
Nire helburua lehen hamarren artean sartzea zen, duela bi urte ere gauza bera lortu bainuen. Bederatzigarren amaitu dut, eta helburua lortu dudanez, alde horretatik gustura. Bestalde, eskualdeko lehena izateak beti ematen du poza.

Behobia-Donostia lasterketaz gain jaia dela entzuten da han eta hemen. Korrikalariek hori sumatzen al duzue ibilbidea egiten ari zareten bitartean?
Sei aldiz aterako nintzen lasterketa honetan, eta egia esan, jende piloa gerturatzen da animatzera. Horrek entrenamenduetarako motibazioa suposatzen du, ez baita beste edozein lasterketa. Jaia bezala da, bai, baina horrek ez die entrenamenduei ezer kentzen, bertan ateratzeko pixka bat sufritu egin behar da.

Nolakoak izan dira entrenamendu horiek?
Egia esan ez dut serioegi entrenatzen. Astean lau edo bost aldiz joaten naiz korri egitera. Hiru ordu laurdeneko saioak egiten ditu. Hortik aurrera, ez ditut serieak edo dietak egiten; gimnasiora ere ez naiz joaten. Korri besterik ez dut egiten. Batzuetan lasaiago, besteetan bizkorrago. Egia da Behobia gerturatzen ari den heinean, konstantzia ere handiagoa dela. Zure burua pixka bat entrenatzera behartzen duzu, baina ezer berezirik egin gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!