Bertsolari Txapelketa Nagusia

Igor Elortza maisu eta eskualdekoak azken postuetan

Ataria 2013ko aza. 10a, 17:43

Igor Elortzak hanka terdi BEC-en du, eta Irazuk eta Agirrek apenas dute aukerarik finalerdien bigarren fasean sartzeko.

Azken emaitza

Igor Elortza 722

Iñigo Manzisidor 667,5

Etxahun Lekue 649

Unai Iturriaga 649

Jexux Mari Irazu 638,5

Amaia Agirre 638

 

Tolosan kantatzeak ez die zorterik ekarri eskualdeko ordezkariei. Saio gora-beheratsua izan da Usabalgoa, kolpe politak bai baina bertsoaldi borobilik utzi ez duena. Harituz eskualdeko bertsozale taldea aritu da saioaren antolakuntzan, Amaia Agirrek agurrean aipatu duen moduan. Saioan zehar inork zalantzan jarri ez duena Igor Elortza nabarmendu dela besteen gainetik, ariketa guztietan erraz eta zuzen aritu da eta kartzelako lan eder batekin borobildu du arratsaldea. Ezustea ordea, Iñigo Manzisidor, “Mantxi”-k eman du, Legazpiko saioan ezinean aritu ostean, bere onena eskaini du Usabalen. Umoretik, ofizio guztietan kolpe ederrak jo ditu eta publikoa bereganatu du.

Iturriaga irregular

Unai Iturriaga izan da saioko irregularrena. Zortziko handian eta txikian lan onak egin ostean, poto egin du puntu erantzunetan eta berriz sei puntuko motzean gora egin ondoren, poto egin du berriz kartzelako ariketan. 93tik hona final guztietan izan da Iturriaga baina bigarren fasean asko asmatu beharko du aurten BEC-en izateko. Etxahun izan da, agian, erregularrena. Ez da nabarmendu, baina ariketa guztietan zuzen aritu da larrabetzuarra.

Eskualdekoak zigortuak?

Jexux Mari Irazuk ez du saio biribila osatu baina kolpe ederrak jo ditu, zortziko txikian eta sei puntuko motzean, esaterako. Kartzelako lan sinesgarri batekin osatu du lana baina ez dio balio izan puntuak pilatzeko. Lortu dituen puntuekin oso zail du bigarren faserako sailkapena. Minduta sumatu dugu larrauldarra ataria irratiari eskainitako elkarrizketan:

 
 
Irazurengandik puntu erdira, seigarren izan da saioan Amaia Agirre. Villabonakoak ondo hasi du arratsaldea, zortziko handiko lan ederra eginez. Zortziko txikian eta puntutan ez du gehiegi asmatu eta horrek bultzatu du puntuazioa behera. Sei puntuko motzean eta kartzelan lan txukuna egin izana ez da nahikoa izan epaileentzat seigarren postua ekiditeko. Ia ziur, Usabalen amaitu da villabonatarraren aurtengo txapelketa baina ezin esan trakets ibili denik. Uneotan, beste lehentasun batzuk dituela nabarmendu digu elkarrizketan.
 
 

Zail da bertsoaldi bat hautatzea baina horretan jarrita ofizio umoretsu bat hautatu dugu. Sei puntuko motzean Iñigo Manzisidor “Mantxi”-k eta Jexux Mari Irazuk egina. Aitona bilobek badute zeresana!

 

Bertsoaldien hautaketa zabalagoa eta informazio guztia Ataria irratian izango duzu asteazkenean arratsaldeko 17:00etan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!