Osasun publikoaren inguruko herri kontsulta bat egitea aztertzen ari da TOPA

Ataria 2013ko azaroaren 9a

Gainerako eskualdeekin alderatuta, parekidea den osasun zerbitzu publikoa eskatzen du TOPA koordinakundeak Tolosaldearentzat: eskualdeko ospitale publikoa eta espezialitate anbulatorioa. Aldarri horrekin sektore zabal bat sentsibilizatzea lortzen bada, eskualdean herri kontsulta bat egitea aztertzen ari da TOPA.

Beste eskualdeekin alderatuta exkaxa da Tolosaldean jasotzen dugun osasun zerbitzua TOPAren iritziz. Kexak ere geroz eta ugariagoak dira: mediku jeneralistak espezialisten lanak egiten ari direlako, kontsultaren zain bi ordu eta gehiago egon behar izan duelako jendeak edota oso erizain eta solairuetako zeladore gutxi daudelako. Itxaron zerrendak geroz eta luzeagoak dira gainera. 

Borrokan segitzeko arrazoiak ugariak direla uste dute osasun publikoaren aldeko mugimendutik. Osoki hornitutako espezialitate anbulatorio bat eta eskualdeko  ospitale publiko bat izan dezagun. Osasun zerbitzua pribatizatzeko saiakera honen aurka hainbat konpromiso hartu ditu TOPAk. Besteak beste, kexak aurkezten segiko dute eta osasun arloan lanean ari diren gainerako eragileekin elkarlana bultzatuko dute. Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin biltzeko asmoa ere badute eta indarrak batuz gero, eskualde mailako herri-kontsulta bat egiteko aukera aztertuko dute koordinakundetik.

TOPAko kide batekin hizketan aritu da Tolosaldeko Ataria.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!