Arrainen heriotza

Asier Artola 2013ko aza. 8a, 10:35
Ibai eta uren historia baliabide bikaina izan daiteke kapitalismo gisa ezaguna den prozesu historikoa ulertu eta gure eskualdearentzat ekarri zituen ondorioak baloratzeko

Edward Hawke Locker militar eta margolari ingelesak 1813an marraztu eta handik hamar urtera Londonen argitara eman zuen Tolosaren grabatu batean beladun ontzitxo bat agertzen da Oria ibaian, garaiko Iurreamendi jauregiaren parean. Erromantizismoak eragindako gehigarri pintoresko bat izan liteke, zalantzarik gabe. Zibilizazioaren aberritik zetozen bidaiariek exotismorako joera zuten euren deskribapen grafiko eta literarioetan (grabatu honetan bertan inguruko orografiak hartzen dituen fantasiazko formetan ikus daitekeena). Baina ez dezagun belaontzia oraindik ahaztu.

1845 aldera Madozek Espainiar Erreinuko herri guztiak deskribatuko zituen hiztegiaren proiektua sustatu zuenean, Tolosaldetik informazioa igorri zioten korrespontsalek agian arraroa suerta dakiguken datu bat bidali zioten gure inguruko herrietako biztanleen bizimoduari buruz: euren ekonomiaren zati bat ibaietako arrantzak osatzen zuen. Amuarrainak, barboak edota izokinak ateratzen omen zituzten Oriatik eta eskualdeko ibai eta errekastoetatik. Aingirak produktu bereziki gutiziatuak omen ziren. Tolosaren Alde Zaharreko toponimian ere utzi zuten aztarna aktibitate hauek Santa Maria elizaren atzeko Kai-aurre kalean, edota ezin ahaztu ugartearren animalia totemikoa amuarraina dela. Baina urte gutxiren buruan desagertu zen mundu hau.

Ibai eta uren historia baliabide bikaina izan daiteke kapitalismo gisa ezaguna den prozesu historikoa ulertu eta gure eskualdearentzat ekarri zituen ondorioak baloratzeko. Garai jakin bateko bizimodu, eguneroko praktika eta baloreak aztertzeko arazo eta krisiak abagune bereziki interesgarriak izaten direnez, oraingoan arrainen bizitzaren gorabeherei erreparatuko diegu Tolosan gizarte kapitalistak, erlazio mota berrietan oinarrituriko sistema sozioekonomiko batek alegia, izan zuen inplantazioaren modu eta erritmoei erreparatzeko.

Lockerrek paisaia hura marrazten zuen urte haietan arrainak hiltzeagatik egingo zen ezagun Juan Antonio Dugiols. Frantziar honek Belauntzako burdinolan kobrezko pertzen ekoizpena finkatu zuen mendearen hasieran, baina 1814ko uda arte ez zen aparteko arazorik izan. Uda hartan ordea hildako amuarrain eta aingirez josi omen zen Elduarain erreka. Ibarrako Udalak epaitegietara eraman zuen auzia, errua Dugiolsek erabiltzen zuen kobrearen kupritsari egotziz. Dugiolsen abokatuak urteetan prozedura bera arazorik gabe erabili zuela eta, baserritar testiguen ignorantziari egin zion eraso. Ibarrako Udalak Dugiols frantziar eta legearen etsai bezala aurkeztu zuen eta arrainen heriotzak kolore konspiratiboak hartu zituen. Hainbat mediku eta ejertzitoko ingeniari ere etorri ziren ur hura aztertzera. Dirudienez uda hartan ur emaria asko murriztu zen eta ur kantitate handietan ez deusa zen sustantzia hura, ur gutxitan pozoi hilgarri bilaka zitekeen. Amezketako meategietan ere ba omen zen antzeko esperientziarik, eta meategiek iraun zuten bitarte asko murriztu omen zen bertako arrantza.

Baina industria tradizional haren eraginak ez ziren ezer gero etorriko zenarekin. Oraindik ere industriaren haurtzaroa zen eta gauza ugari zegoen ikasteke. 1840 aldera ordea industri prozesua areagotzen da. Fabrika berriak ibai handien alboetan finkatzen dira. Euren zaborrak bertara botatzen zituzten; energia beharretarako presak eraiki zituzten. La Esperanza paper fabrikak eta Tolosako udalak hainbat hika-mika  izan zituzten hauen altuera zela eta. Santa Luziako bizilagunak ere urduri jarri ziren, enpresak Uzturre magaleko urak beregana biltzeko joera erakutsi baitzuen. Ibaia enpresaren kanal bilakatzen doa. Uraren pribatizazioaren hastapenak dira. Nola bada, pentsatuko zuten, jabego pribatu bilakatu jaberik ez zuen elementu hura? Ura etxeraino iristen ez zen garai haietan ibai hauek ematen zuten sukalde lanetarako, arropa garbiketarako, ortuen erregadiorako eta abarretarako baliabidea. Zibilizazio industrialak komuna zena partikular egingo zuen, autokontsumoan oinarritzen zen populazio bati aldaketa gehigarriak ekarriz: diru sarrerak eduki beharra oinarrizko zerbitzuetara bidea izateko. Tolosa hiriburu izan zen garaian, gainera, Gorosabelek, orduan alkate, proiektu faraoniko bat aurkeztu zuen: Oria ibaia nabigagarri bilakatzeko lanak egitea, Tolosatik itsasorako bidea itsasontziz egin zedin. Proiektua azkenean ez zen bete, hiriburu aldaketak eta trenaren finkapena medio, baina presek eta kutsadurek eragina izan zuten arrainen memorian. Ez omen zuten iturburuetarako bidea topatzen eta beraien ugalketa ezinezko bihurtu zen.

Honela uler ditzakegu Andoaingo, Elduaingo eta Berastegiko udalek Diputazioari 1879an igorritako kexak, izan ere industri finkapenen aurretik arrantzak «proporcionaba buena ganancia a los pobres pescadores de estas comarcas» eta presen eraiketetatik «no se ha visto en el río Leitzaran un solo salmón». Mundu baten eraldaketa hamarkada gutxiren buruan. Arrainak eta ura, komunak kontsideratzen ziren gaiak merkantzia bilakatuta. Hala erori ziren gizakiak gizarte berri baten sareetan. Eta bidenabar, arrainen gisan, idealizazioetatik kanpo gelditu ziren iragan bizimoduak ahaztuko zituzten, memoria kolektiboa deitzen den horretan aztarren bakar bat ere utzi gabe. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!