Asteburuan pilotak atseden hartzeko ez du betarik izango

Asier Imaz 2013ko aza. 8a, 10:14
Amasa-Villabonan, Zizurkilen, Altzon, Ikaztegietan eta Tolosan partida ugari jokatuko dira gaurtik igandera bitarte

Eskuz banaka, binaka, ezker horman, gomazko paletan... asteburu honetan pilota partida ugari jokatuko dira han eta hemen, eta eskualdeko pilotariak bertan ibiliko dira, modalitate guztietan pilota astintzen.

Amasa-Villabonako Bearzana pilotalekuan gaur jarri dute pilota jaialdia. 18:00etan, ikastetxeen arteko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da bertan. 19:00etan, joko-garbiren ezker hormako Euskal Herriko Txapelketaren txanda izango da. Gazte mailan, Behar Zana elkarteko Artola eta Nazabal irtengo dira kantxara, Baigorriko bikotearen aurka jokatzera.

Zizurkilen ondorengo hiru egunetan egongo dira pilota partidak. Gaur, hilak 8, 18:30ean hasiko dira lehen lehiak. Alebinen, infantilen eta jubenilen artean, guztira sei partida jokatuko dituzte. Zizurkilgo pilotariek eskualdeko eta eskualdetik kanpoko pilotarien aurka neurtuko dituzte indarrak. Azaroaren 9an, bihar, Gipuzkoako nesken txapelketako partida bat jokatuko da Zizurkilen, 11:30etik aurrera. Gomazko paletan ariko dira pilotariak, eta etxekoak, San Sebastian-Erasun, Aiako bikotearen aurka ariko dira. Asteburuari amaiera emateko, igandean, 09:45ean jarri dute pilota jaialdia. Zizurkilgo III. Txapelketako lehiak jokatuko dira herrian, benjamin, alebin eta infantiletan. Guztira zazpi partida ikusteko aukera egongo da hilaren 10ean.

Intxurreko pilotariei dagokinez, euren partidak Ikaztegietan eta Altzon jokatuko dituzte. Lehia guztiak gaur izango dira, 19:00etatik aurrera, eta Gipuzkoako Txapelketaren barruan. Ikaztegietan hiru partida jokatuko dituzte Alegiako pilota elkarteko kideek. Aurkariak Antigua, Hernani eta Ziotzako pilotariak izango dira. Altzon, ordu berean hasiko dira Intxurrekoen partidak, hau da, 19:00etan. Kasu honetan, lau partida aurreikusi dituzte. Aurkariak, Oiarpe, Usurbil eta Tolosatik joango dira Altzora.

Ezker hormako finalerdiak
Gipuzkoako ezker hormako txapelketaren azken txanpan, eskualdeko pilotariez gain, inguruko frontoiak ere egongo dira. Eskuz binakako nagusien ohorezko mailan, Aurrera-Saiazeko bikoteak finalerdiak jokatuko ditu usurbildarren aurka. Partida Aginagan izango da, larunbatean, 10:30ean. Azpetian, bigarren finalerdian, Zazpi Itturriko bikotea ariko da. Amezketarrek 16:00etan hasiko den jaialdian jokatuko dute, Ilunperen aurka, larunbatean.

Gipuzkoako ezker hormako eskuz banakako txapelketari dagokionez, finaldietako bat Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko da gaur, 19:45ean hasiko den jaialdian. Aurrera Saiazeko ordezkariak Soraluzekoari egingo dio aurre. Bigarren finalerdia Usurbilen erabakiko da, eta bertan, etxekoen aurka, Zazpi Itturriko ordezkaria ariko da. Partida hau biharko jokatuko da, 10:30ean hasiko den pilota jaialdian, eta amezketarraren lehia jaialdiko hirugarrena izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!