Ez dadila azken partida izan!

Igor Agirre 2013ko azaroaren 7a

Talde baten jarraitzaile ororen gustuko partidua zen asteartekoa: Europako talde ‘handi’ batek lehen aldiz jokatu behar zuen Anoetan, Txapeldunen Ligan. Duela hamar urteko Juventusen aurkako norgehiagokan bezalaxe, partida historiko baten aurrean zegoen Reala.

Oraingoan, Manchester United zen talde donostiarraren arerioa eta zaletu txuri-urdinek leporaino bete zituzten Amarako estadioaren harmailak.
Ligako azken partiduetako emaitzek eta Osasunaren aurkako gol festak lagundurik, esperantza handiarekin zeuden jokalariak eta jarraitzaileak astearteko partidari begira. Ez zen gutxiagorako, Old Trafforden jaun eta jabe izan ziren deabru gorrien aurkako partida Txapeldunen Ligako zozketa egunetik egutegian seinalatuta baitzuten realzaleek. Bartzelona, Real Madril eta Athleticen aurkako partiden pareko giroa igartzen zen harmailetan: gogotsu geunden zaleak eta taldeari inoiz baina gehiago bultzatzen genion gure oihuekin.
Belar gainean, ordea, bi taldeen arteko aldea bistakoa zen. Batzuen esanetan Alex Ferguson entrenatzailearen erretiroa nabaritzen ari den Manchester ziztu bizian Bravoren ate ingurura gerturatzen zen bitartean, denbora asko igarotzen zen Realak arrisku izpiren bat ematen zuenerako. Horrelako partidetarako ezinbestekoa den gogo eta grinak, ordea, txuri-urdinen gabeziak estali zituen indarrak xahutu ziren bitartean. Beste partidetan kontran izandako zorteak ere zertxobait lagundu zuen Van Persie-k jaurtitako penaltia zutoinak geratu zuenean. Azkenean, golik gabeko berdinketa bi taldeentzat eta Europako txapelketa nagusiko lehen puntua Realarentzat.
Nork daki noiz errepikatu ahalko den beste behin horrelako gau berezi bat Anoetan. Beharbada, talde honek jarraipena edukiz gero, horrelakoetara ohitzen hasi beharko gara realzaleak. Momentuz, jarraitzaile txuri-urdin guztien oroimenean geratuko da astearteko lehia. Ez dadila azkena izan! Oraingoz, beste bi geratzen dira, gutxienez.

Tolosaldeko realzaleak Mancesterren aurkako joaneko partidan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!