Ekimen euskaldunak auzolanean Elkarrekin

LOMCE legearen mehatxua

Ainhoa Oiartzabal 2013ko aza. 7a, 12:03

Eskualdean hainbat protesta egin dira LOMCE legearen kontra. Irudian, Lizartzan eginiko bat. I. TERRADILLOS
Laster onartuko du Espainiako Kongresuak LOMCE hezkuntza lege berria. Arauak euskal hezkuntza sisteman ekar ditzakeen ondorioei buruz aritu dira mahai inguru batean LAB, ELA eta EILAS sindikatuak. 'Ekimen euskaldunak auzolanean Elkarrekin' elkarguneak prestatu duen egitarau sortaren lehen ekitaldia izan da.

Espainiako FAES fundazioak (Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak gidatzen du ) duela urte batzuk argitaraturiko txosten bat da LOMCE-ren edo Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren ernamuina. Hala, ikaslearen hezkuntza integrala bermatuko lukeen hezkuntza ereduari baino gehiago, helburu neoliberalekin bat datorren sistemaren alde egiten du lege proposamenak. Ikasleei azterketa gehiago egingo zaizkie, ebaluazio sistema Madrildik ezarriko dute eta oro har, ikastetxeen eta tokiko hezkuntza komunitateen erabaki ahalmena nabarmen murriztuko du. Gainera, ikasleak espainiartzeko helburua duela ere aitortu dute haren sustatzaileek.
Azken 30 urteotan unibertsitatez azpiko ikasketak arautzeko Espainian onartu eta Hego Euskal Herrian ezartzen duten zazpigarren hezkuntza legea izango da Wert legea delakoa, alderdi bakarrak sustatua eta defendatua. Izan ere, Espainiako PPren Gobernua bakarrik geratu zen joan den urriaren 9an Kongresuan legea onartzeko eginiko bozketan; legearen kontra bozkatu zuten oposizioko alderdiek, eta gainera, PPk gehiengoa galtzean, legea kenduko dutela ohartarazi zuten.
Gaur egun Espainiako Hezkuntza ministro den Jose Ignacio Wertek eskola porrota aipatzen du legearen defentsa arrazoitzeko: izan ere, Espainian, porrotaren datuak kezkagarriak direla dio (%26k uzten du eskola), eta emaitza horiek gastu handia sortzen dutela. Hego Euskal Herrian, ordea, askoz ere txikiagoa da eskola uzten duten ikasleen datua: %12-13 (%14 Europan). Eta datuen arteko alde hori, Espainiako eta Hego Euskal Herriko hezkuntza sistemaren arteko diferentziaren adibide bat besterik ez da.
Azken aldian bai Hego Euskal Herrian bai Tolosaldean mobilizazio ugari egin dira Wert legea-ren kontra. Besteak beste, urriaren 12an Bilbon LOMCE-ren kontra antolatu zen manifestazioan hartu zuten parte Euskal Herrian Euskarazek, Ikasle Abertzaleek, Ikastolen Elkarteak edota LAB, ELA eta EILAS sindikatuek. Hain zuzen, hiru sindikatuotako ordezkariek hartuko dute parte gaur, 19:30ean Tolosako kultur etxean LOMCE legea. Zein ondorio izango ditu gure seme-alaben heziketa sisteman? mahai inguruan. Legeak proposatzen dituen aldaketak esplikatzearekin batera, zer ondorio ekarriko dituen eta horri aurre egiteko zein urrats eman daitezkeen azalduko dute.
Hona hemen legeak ezarriko dituen aldaketa nagusienak:

Euskaraz ikasteko eskubideari eragingo al dio?
Ikasleek gaztelaniaz ikasteko eskubidea dutela jaso dute legean, baina horrek, ez du Hego Euskal Herrian aldaketarik eragingo; egungo hizkuntza ereduetan jasotzen baita gaztelaniaz ikasteko aukera (A eredua). Katalunian aldiz, hezkuntza publikoan katalana denez irakats-hizkuntza, norbaitek gaztelaniaz ikasi nahiko balu, hark ikastetxe pribatuetan gaztelaniaz ikasteagatik ordaindu beharreko gastua ordainarazi nahi diote administrazioari.
Hizkuntzen artean mailaketa egin dute: irakats-hizkuntza gaztelania dela jaso dute. Euskarak maila apalagoa izango du. Horrenbestez, eta gaztelaniaz ikasteko eskubidea bermatu behar dela jaso dutenez, egungo hizkuntza ereduak gainditu lituzkeen balizko murgiltze ereduari (Kataluniako eredua) ateak ixten dizkio legeak.

Zer aldaketa ekarriko du edukietan?
Espainiako Gobernuak erabakiko du ikasgai nagusien curriculuma —Historia eta Geografia, Matematika, Gaztelania,...—. Beste ikasgai batzuetan, ordea, erkidegoek izango dute erabakitzeko ahalmen gehiago. Baina Espainiako, Hego Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako ikasleek, curriculumaren %65 bat eta bera izango dute eta gainera, ikasi dutela baloratzeko kanpo azterketak egingo dizkiete.

Zenbat azterketa berri egin beharko dira? Zeinek zuzenduko ditu?
Irakastaldi bakoitza amaitzean, azterketa bat jarriko dute, eta gainditu egin beharko da titulua jasotzeko —DBHn eta Batxillergoan—. Azterketak Madrilek ezarriko ditu eta hark baloratuko ditu.
Ebaluazio sistema kanpotik ezarrita, eduki propioak lantzeko aukera nabarmen murriztuko da, eta ordu asko azterketa hauek prestatzeko bideratuko dira ikastetxeetan. Ondorioz, ikastetxeek akademien funtzionamendua har dezakete, eta azterketa prestatzera baino ez da joango eskolara jende asko.
Horrekin batera, DBHa bukatzeko «zailtasunak» dituzten ikasleak Lanbide Heziketara bideratuko dituzte, Lanbide Heziketan oinarrizko maila sortuko baitute. Finean, «ikasle txarrak» bertara bideratu nahi dituztela uste dute legearen aurkako eragileek, eta hamarkadak atzera egitea dela diote.
 
Noiz jarri nahi dute indarrean?
Espainiako Kongresutik igaro ostean, Espainiako Senatua ari da legea aztertzen. Handik berriro Kongresura itzuliko da eta PPren gehiengoarekin onartu egingo dela espero da. Hala gauzak, bi ikasturteren buruan indarrean jartzea espero dute. Dena dela, Kataluniako Generalitateak adierazi du legea Auzitegi Konstituzionalera eraman nahi duela.

Erlijioak garrantzi handiagoa izango al du?
Ikasgaiaren pisua areagotu egingo du erreformak, hautazko ikasgaia izango baita, eta notarako balioko baitu. Gainera, Herritartasunerako Hezkuntza kendu egingo dute, eta kutsu politiko nabariko beste ikasgai bat jarriko dute.

Autonomia urrituko al zaie ikastetxeei? Erabaki ahalmena galduko al dute inguruko eragileek?
Eskola kontseiluen indarra ahuldu egingo du erreformak: soilik kontsultarako izango dira. Beraz, zeresan gutxiago izango dute irakasleek, ikasleek eta gurasoek. Zuzendariei ahalmen handiagoa emango diete; besteak beste, langileak hartu ahal izango dituzte. Zuzendariak aldiz, titulu jakin bat lortu beharko dute zuzendari gisa lan egiteko eta Madriletik erabakiko dira.

Ikasle Abertzaleak: «Gure kultura eta hizkuntza zapalduak izango dira»

Hezkuntzako eragileekin batera, ikasleak ere kezkatuta daude lege berriarekin. Ikasle Abertzaleek adibidez, hainbat ekimen egin dituzte Lomce legearen kontra. Azkena, joan den urriaren 25ean egin zuten; herri eskoletan landu zuten gaia, «gizartea sentsibilizatzeko», Eider MIntegi (Lizartza, 1995) Ikasle Abertzaleak elkarteko kideak Tolosaldeko Ataria-ri adierazi dioenez.Bere ustez, legeak Euskal Herria eta Katalunia bezalako herrien kontra joatea du helburu:  «Gure kultura eta hizkuntza zapalduak izango dira; ikasgaietan eman beharreko materia Madrilen erabakia izango baita» Gainera, sexu bereizketa bultzatu duela nabarmendu du; «emakumezkoak eta gizonezkoak bereizten dituzten ikastetxeei diru laguntzak emango dizkiete». Bestalde, ikasleak «zapalduak eta zapaltzaileak» izateko bereiziko dituztela dio, eta enpresa munduari begira heziko dituztela. Lege honen alternatiba Euskal Eskola Nazionala dela azpimarratu eta indarrak batzera deitzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!