Eskualdeko merkataritza txikiari, argazkia

Jon Miranda - Amaia Goiekoetxea Azpeitia 2013ko urr. 29a, 17:49
Berrobiko Iturriza denda da galdeketako saltokietako bat. A. GOIKOETXEA
Martxoan hasi eta abuztura bitarte, Tolosaldeako saltokietan dihardutenei galdeketa egin zaie, eta ikerketa lan horretatik ateratako ondorioak plazaratu dituzte orain Tolomendik eta Tolosaldea Garatzenek.

Tolosak, Amasa-Villabonak eta Ibarrak beraien merkatari-elkartea izanik, ikerketa honetatik kanpo geratu dira. «Herri hauetako elkarteak bertako saltokiak ezagutzeko balio digute, beraz, galdeketatik kanpo utzi ditugu», azaldu du Tolosaldea Garatzeneko Merkataritza Sustatzeko Bulegoko arduraduna den Agustin Adurizek, «Tolosaldea guztian 610 komertzio kontatu ditugu: Tolosan 395 daude kokatuta, hau da, %65a, eta %24a Ibarran eta Amasa-Villabonan banatzen da». Datu hauen arrazoi nabarmenena biztanle kopurua dela adierazi du Adurizek: «Biztanle hauei zerbitzua eman behar zaie eta horregatik daude saltoki gehiago horietan».

Honenbestez, eskualdeko herri txikienak dira ikerketa honetan aztertu direnak: «Herri txikietan ere badago komertzioa eta jakin nahi genuen zein egoeratan zegoen. Ostatu eta tabernen inguruko berri gehiago edo gutxiago badugu, baina herri txikietako janari denda, harategi, botika eta bestelakoen berri ez geneukan», azaldu du Tolomendiko teknikaria den Imanol Olanok, «zein egoeratan zeuden aztertu nahi genuen. Kontuan hartuz herriari oso zerbitzu garrantzitsua ematen diotela beraiengana joan, lasai beraiekin hitz egin, ikusi zein arazo eta behar dituzten, eta etorkizunari begira zertan lagun geniezaieken beraiekin adostuz».
Erakunde hauen eta merkatarien arteko lotura estutzea ere badu helburu ikerketa lan honek: «Gertutasun hori garrantzizkoa da», azpimarratu du Adurizek.

77 saltokietan
Tolosa, Amasa-Villabona eta Ibarra alde batera utzita, gainerako herrietan 77 saltoki aurkitu dituzte ikerketa burutzeko: horietako 17 Alegian, 15 Zizurkilen, 14 Anoetan, 8 Iruran eta gutxiago Asteasun, Berastegin, Amezketan, Berrobin, Bidegoianen, Lizartzan eta Ikaztegietan.
Egunerokotasunari loturiko dendak dira gehienbat horietan topa daitezkeenak: elikagaienak, nagusiki. Horietatik 52 elikagaiak saltzen dituzten dendak dira (okindegiak, harategiak, fruituarenak,...), 8 botika edo botikin funtzioa betetzen dutenak eta gainerako 17ek bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Elikagaien haritik, fruitu eta berdura dira herri hauetako saltokietan gehien erosten direnak: «Herritarrek kalitatea baloratzen dute: prezioari ere begiratzen diote, baina kasu hauetan kalitateari ematen diote lehentasuna», azaldu du Olanok.
Herri txiki hauetako saltokien funtzioak ere azaldu dituzte Olanok eta Adurizek: «Funtzio soziala betetzen dute mota honetako dendek, egunero bezero berberak biltzen direlako, eta han komentatzen dituzte eguneroko kontuak». Bestalde, segurtasun funtzioa ere betetzen dute euren aburuz. «Kalean zerbait arraroa gertatuz gero, hor dago merkataria. Adibidez, argia edo jendea egoteak lapurretaren bat saihestea eragin dezake, eta saltzaileak horrelakoren bat ikusiz gero ere abisua eman dezake», gaineratu du Adurizek.

Egokitzeko beharra
Behin galdeketa burututa, ondorioak atera dituzte azterketa lan horretatik. Horien artean, gazteak erakartzeko gaitasun falta, udalen eta herritarren konpromisoa sendotu beharra eta baserriko produktuen presentzia txikia azpimarratu dituzte.
«Jende gaztea herri txikietan bizi egiten da, baina maiz handik kanpo egiten du lan eta baita erosketa ere», azaldu du Adurizek, «zerbait ahazterakoan jotzen dute herriko saltokira. Egia da adineko asko joaten dela baina herrietako negozioa mantendu nahi bada, gazteek ere gerturatu beharko dute». Hori da erronka nagusienetako bat: «adinekoen atzetik ordezkorik ez gerturatzeak, belaunaldi aldaketarik ez egoteak, denda ixtea dakar. Hor eman dezakegu bultzada garrantzitsua», gaineratu du Olanok.
Garai eta teknologia berrietara egokitzea garrantzitsua izan daiteke gazteak erakartzeko bidean, eta zentzu horretan eskualdeko saltokiak atzean geratzen ari direla dirudi. «Ofizioa oso ongi ikasia duen jendea da saltokietakoa, baina duela 10-20 urtetako lan ohiturekin jarraitzen dute. Jende gaztea erakartzeko teknologia berriak erabili beharko lituzkete», azaldu du Olanok, «ez da denden zaharkitze fisikoa soilik, baita saltzeko moduari loturikoa ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!