Inbasioa Manchesterren

Irati Hartsuaga 2013ko urr. 29a, 11:12
Joan den astean Realak Manchesterrera mugitu zituen milaka zaleen artean zen Irati Hartsuaga tolosarra.

Manchesterrera Reala ikustera eginiko bidaiaren kronika idazteko eskatu zidaten. Sarrerak eskuartean eta bidaia antolatuta, asteartean sartu ginen autobusean, Manchesterrerantz, 45 lagun. Aurpegi ezagun asko, lagunak batzuk, beste batzuk guztiz ezezagunak. Lasarten ere jaso genituen beste dozena erdi bat lagun, haraino iritsia baitzen gure bidaiaren berri.
24 ordu luze aurretik, lehenbiziko lana mus txapelketa antolatzea izan zen. Bikoteak osatu, eta autobuseko mahai bakarrean hasi ziren partidak. Frantzia zeharkatu ahala, ilundu zuenean, literak muntatu eta lotara. Calais-ko tunela igarotzeak piztu zigun jakin-minak bakarrik eten zuen gaueko loa; jakin-minak, eta gau hotzaren erdian, pijama jantzita, karneta erakustera atera beharrak, noski.
Errepidearen ezkerreko errailetik iritsi ginen Manchesterrera, Realaren mota guztietako ereserkiak autobusean jarrita. Lehen realzalea leihotik ikusi genuen, topatuko genuenaren iragarle. Autobusetik jaitsitakoan, tantaka ikusi genituen elastiko txuri-urdinarekin jantzita zebiltzanak, tanta zaparrada bihurtu ziren pixkana, eta uholde, azkenean. Benetako inbasioa zen hura. Tolosarrak nonahi, kale kantoiko musikariak ere, Realeko bufandak soinean eta ikurrina bizkarrean… Bidean ezezagunen batekin talka egindakoan ere, «barkatu» zen entzuten zen lehen hitza, eta ez «excuse me» edo «sorry», espero zitekeen bezala.
Manchesterreko plazarik ezagunenetako batean, Cathedral Gates-en, elkartu gintuzten realzale guztiak. Eskoziar batzuk ere baziren tartean, kamiseta txuri-urdinarekin, «Real Sociedad from the Basque Country» kantari. Tabernara sartu, eta Sarri-sarri eta Ikusi mendizaleak bozgorailuetan. Benetako inbasioa arlo guztietan. Zale txuri-urdin bat (Anoetan sarrerak erosteko ilara kudeatu zuena) Old Trafford-era joateko kalejira antolatzen hasi zen, baina kantu batekin eten genuen plazan geunden guztiok. «Guk euskaraz, zuk zergatik ez?». Kasu egin zigun.
Eta orduan, kalejira. Bost kilometroko kalejira. Oinez eraman gintuzten bildu gintuzten tokitik, futbol zelairaino, eta bost kilometrotan isildu ere egin gabe joan ginen, animoz beterik. Berdin, zelaira iritsitakoan; barrura sartu eta isildu gabe jarraitzen genuen kantari,beroketak egiten ari ziren jokalariak animatuz. Partidak ez zituen gure eztarriak itxi, ez gintuen, bigarren minutuan geure atean sartutako golak, mututu. Ez dadila animo faltagatik izan, «Jo ta ke, irabazi arte!». Ez zen nahikoa izan, tamalez. Partida bukatuta ere, kantari jarraitu genuen, horretara joan baikinen, animatzera. Zelaia hustuta ere gu han, isildu gabe. Realeko jokalariak berriro atera ziren aldagelatik zelaira, eskerrak ematera, eta guk are ozenago kantatu genien. United klubekoek ere eskerrak eman zizkiguten bozgorailuetatik, gure jarreragatik: «We will see you in San Sebastian». Hotelera buelta ere kantari egin genuen autobusean, gure eztarri urratuekin eta indar urrituekin. Kantari, nekearen nekez loak hartu gintuen arte.
Gure bidaia ez zen hor amaitu (mus txapelketa finalerdietan dago), baina bai Realari segika egin dugun zatia. Esperientzia zirraragarria izan da; neure burua forofotzat ez daukadan arren, inork baino ozenago egin nuen garrasi. Hunkigarria izan zen, Old Trafford-eko sarrerako karteletan, Erreala-zaleok ongi etorri Old Trafford-era euskaraz idatzita ikustea. Hiru puntu beltz baino ez: kalejiran gindoazela bertako jarraitzaileek gure artera bota zuten garagardo lata, Reala animatzeko kantuen gehiengoa gaztelaniaz izatea, eta…. ah, eta emaitza! «We will see you in San Sebastian»…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!