Bertsolari Txapelketa Nagusia

Tolosan kantatuko dute Irazuk eta Agirrek bigarren finalerdian

Jon Miranda Labaien 2013ko urr. 27a, 18:52

Bertsolari Txapelketa Nagusian sailkatutako bertsolarien artean daude Jexux Mari Irazu larrauldarra eta Amaia Agirre billabonatarra. Eskualdeko bi bertsolariak Tolosan jokatuko den final aurrekoan arituko dira elkarrekin. Azaroaren 10ean, Usabal kiroldegian.

Oionen larunbatean jokatutako saioarekin bukatu dira final laurdenak Bertsolari Txapelketa Nagusian. 18 bertsolari sailkatu dira eta duela lau urteko sei finalistekin batera arituko dira final aurrekoetan.

Bi itzulitara jokatu dira final aurrekoak Bertsolari Txapelketa Nagusian. Lau saio izango dira lehen itzulian, Gernikan, Tolosan, Oiartzunen eta Murgian. Saio horietan puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute. Bigarren itzulikoak Elizondon, Donostian eta Maulen jokatuko dira.

Honenbestez, horrela geratu dira lehen itzuliko final aurrekoak:

Azaroak 9, Gernika-Lumo: Amets Arzallus, Jon Martin, Julio Soto, Jone Uria, Nerea Elustondo eta Jokin Uranga.

Azaroak 10, Tolosa: Unai Iturriaga, Igor Elortza, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Amaia Agirre eta Iñigo Mantzizidor "Mantxi".

Azaroak 16, Oiartzun: Aitor Sarriegi, Jon Maia, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Lizaso eta Odei Barroso.

Azaroak 17, Murgia: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Xabier Silveira, Unai Agirre eta Fredi Paia.

Final aurrekoek eman dezaketenaren inguruko analisia eta Oiongo saioaren inguruko informazio guztia jaso ahal izango duzue Ataria irratian, asteazkenean arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!