Eskualdeko enpresek Peruko eta Kolonbiako merkatua ezagutuko dute

IƱigo Terradillos 2013ko urr. 25a, 12:00
Misio komertziala antolatu du Lehiberrik laugarren urtez. Hain zuzen ere, bere lan ardatz nagusietako bat da nazioarteratzea, eta hori sustatzeko bidean burutuko dute beste behin ekimena. Aurtengoan, Peru eta Kolonbiako merkatuak ezagutu ahal izango dituzte eskualdeko enpresek. Azaroaren 24an abiatuko dira Hego Amerikara, eta abenduaren 6an itzuliko dira.

Hego Koreara egin zuten lehendabiziko misioa, Brasilera bigarrena, eta Mexikora hirugarrena. Unai Andueza Tolosaldea Garatzeneko enpresa ordezkariak azaldu duenez, Habi lurralde deiturikoak hartu dituzte kontuan laugarren misio komertzialerako: «Batetik, Bric deituriko herrialdeak ditugu, hau da, garatzeko bidean diren lau herrialde nagusiak Brasil, Errusia, India eta Txina, baina, hauetan baino aukera komertzial handiagoak ikusten ditugu laster garatzeko bidean egongo direnetan». Horien artean leudeke Asia hegoekialdeko lurraldeak Indonesia edota Thailandia, kasu, eta Hego Amerikako Txile, Kolonbia eta Peru.
Bada, aurtengo misioa, «aurreko urteetako esperientzian oinarrituta» hizkuntzaren eta kulturaren «gertutasunagatik» erabaki dute Perura eta Kolonbiara izatea. Anduezaren arabera, «aukera handia» eskaintzen duten lurraldeak dira, «oraindik garatu gabe daudelako».
Gisa horretako misio komertzialak oso ohikoak izaten dira, baina Tolosaldea Garatzenek antolatzen dituenak «berezitasunak» ditu. «Misio komertzial asko oso orokorrak izaten dira, baina guk enpresa bakoitzari egokituriko agenda osatzen dugu, eta bezero potentzialak eta salmenta sarea osatzeko kontaktuak izango dituztela ziurtatzen diegu», adierazi du Anduezak. Bestalde, misioetan parte hartu ohi duten enpresak «txikiak» izaten direla, eta kasu askotan, nazioartean «eskarmentu gabekoak» direla azpimarratu du. «Horregatik, gure babes osoa izaten dute».

Nazioartean lehen kontaktuak
Misioan, Tolosaldea Garatzenek Kolonbian eta Perun esperientzia duen aholkulari baten bitartez, misioak irauten duen egunetarako, enpresaren interesen arabera osatutako lan agenda bat prestatuko dio enpresa bakoitzari, ondorengoetan oinarrituta: bezeroen bilaketa, hornitzaile edo banatzaileen bilaketa, sektoreko benchmarking-a, bazkide edota partnerren bilaketa... Bai lan agenda osatzeko, baita misioak irauten duen bitartean, Tolosaldea Garatzeneko lan talde teknikoaren laguntza izango du enpresa parte hartzaileak. Lan agenden antolakuntza, eta horrela nahi izanez gero, bidaiaren antolakuntza Tolosaldea Garatzenen eskutik joango da.
Bestalde, misio komertzialen emaitzak ez direla berehalakoak nabarmendu du Anduezak. «Misioak ez dira epe motzerako, nazioarteratze prozesuak luzeak izaten baitira». Bere ustez, misioak garrantzitsuak dira enpresa batek nazioartetzeari hasiera eman eta lehen kontaktuak egiteko.
Aurreko urteetan bezala, 8-10 enpresetako ordezkariek osatuko dute aurten taldea. Gutxieneko kopurua dagoeneko beteta dagoela adierazi dute Tolosaldea Garatzenetik, baina, oraindik interesatuek izena emateko aukera dute. Misio komertzialean parte hartu nahi duten eskualdeko enpresek, Lehiberri, Tolosaldeko Lehiakortasun eta Berrikuntzarako forora atxikitu beharko dute lehendabizi. Informazio gehiago nahi duenak lehiberri@lehiberri.com helbidera idatzi dezake, edo bestela, 943 65 45 01 telefono zenbakira deitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!