'Euskaraz bizi' egitasmoaren inguruko bizipenak, pantailara

Amaia Goikoetxea Azpeitia 2013ko urr. 24a, 10:00
Aritz Larretak eta Izarne Olanok osatu dute ‘Euskaraz Bizi’ egitasmoaren gaineko dokumentala. A. GOIKOETXEA AZPEITIA
Gaur 19:00etan eskainiko da Tolosako Kultur Etxean, ‘Euskaraz Bizi’ egitasmoak izandako bilakaera aztertuz, Izarne Olanok eta Aritz Larretak osatutako dokumentala.

«Oso harro gaude gure ume txikia jaio delako; hau gurea da, Izarne», dio Aritz Larretak Atariarekin izandako solasaldiaren amaieran. Eta ez da gutxiagorako: gogotik lan egin badute ere, emaitzarekin ezin gusturago daude egileak.
Pasa den ikasturte hasieran ekin zioten proiektu komun honi. Izarne Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egiten ari zen, eta gradu amaierako lana egitekotan zen. Irakasle batek Psikopedagogia egiten ari zen ikasle baten berri eman zion, hark ere lana egin behar zuela eta ‘Euskaraz Bizi’ egitasmoaren inguruko dokumentala egin nahi zuela esanaz. «Ni Laskoraingo ikasle ohia izanda eta Kazkabarrako begiralea, baiezkoa eman nuen», gogoratu du Izarnek. Hala hasi ziren elkarlanean Larreta eta bera.
Azaroan izan zuten lehen hartu emana proiektuaren inguruan, eta abenduan ekin zien lehen grabazioei. Gabonetan eta Aste Santuan egin dute grabazio lan handiena: «Astean zehar Eskoriatzan nengoen, eta sasoi horiek eta asteburuak erabili genituen grabazioetarako. Eguraldiarekin, egia esan, sekulako zortea izan dugu», azaldu du Izarnek.
Emeterio Zaldibia, Lorea Berasategi, Txoan Ormazabal, Helena Baraibar, Itziar Zabala, Kike Amonarriz, Pablo Suberbiola eta beste hainbat lagunen hitzak jaso dituzte grabazio saio horietan. ‘Euskaraz Bizi’ egitasmoaren inguruan izan diren bizipen ezberdinak jaso dituzte horrela, aditu, ikasle ohi, irakasle eta bestelakoen testigantzak uztartuz. ‘Euskaraz Bizi’k eremu ezberdinak ukitzen ditu, eta ondorioz, eremu ezberdin horietako jendea elkartzea izan da helburua Larretaren eta Olanoren aburuz. «Gaia testuinguruan kokatzeko adituen hitzak bai, baina nagusiki, bertako jendea, etxekoa, elkarrizketatu nahi genuen zuzenean bizi izan dutelako, eta txalotu ere egin nahi izan dugu, bide batez, euren lana», gaineratu du Larretak.
«Ikastolaren mugimendua hasi zenekoaz galdetu genien sortze prozesuan izan zirenei, eta Euskal Herriari eta euskarari begirako eskola nahi zutela erantzun ziguten beraiek. Hortik abiatuta, ‘Euskaraz Bizi’ egitasmoaren bilakaera aztertu dugu», azaldu dute. Egitasmoaren nondik norako orokorrak azaldu dituzten arren, bereziki Laskorainen hark izan duen aplikazio eta garapena aztertu dute ikus-entzunezkoan: «Ni bertako langilea naiz, Izarne ikasle ohia, eta  Laskorain ikastolan ere emaitza oso onak eman ditu ‘Euskaraz Bizi’k. Proiektu honetan gabiltzanok, langileek zein gurasoek onarpen handia diote proiektuari eta onarpen horren arrakasta eta gakoak aztertu nahi izan ditugu», azaldu du irakasleak.
Hurbileko testigantzak
Kamera aurrean jarrita maiz ez da erraza izaten jendea eroso sentiarazten, baina Larretak eta Olanok bide errazagoa izan dute horretan. «Elkarrizketak oso hurbilekoak, informalak, ziren neurri batean, Aritz eta ni ezagunak baikinen elkarrizketatuentzat», azaldu du Izarnek. «Batzuei agian zailagoa egin zaie, eta horregatik, egindakoa ahaleginagatik ere eskerrak eman nahi dizkiegu», gaineratu du Larretak.
Bateren bat hunkitzen ere ikusi dute kamerako objektibotik barrena. «Jone Urteagari, Laskoraingo Ikastolako zuzendariari, Emeterio Zaldibiaz hizketan hasi zenean malkoa atera zitzaion eta hunkitu egin zen; oso polita iruditu zitzaidan momentu hori», dio Larretak.
Bestalde, kantuan ere jarri dituzte parte hartu duten lagunetako batzuk: «Ez genuen aurretik pentsatu. Inprobisatuz, elkarrizketa batean sartu genuen kantua. Gustatu, eta gainerakoetan errepikatzea erabaki genuen».
Argitxo, gidari lanetan
Testigantzek izan dute pisu gehien dokumental honetan egileek aitortu digutenez, eta tartean kontakizuna bideratzeko elementu berezi bat ere sartu dute: «Argitxok ematen dio lotura dokumentalari. Haur bat jarri dugu Argitxoren irudia marrazten: hasieran abarkak, gero galtzerdiak, zerbait berdea, gorria,... eta bukaeran, Argitxo sortzen duela ikusten da», azaldu du Olanok. «Eta oraindik bizirik dagoela, eta gure geletan ezkutatuta dabilela», gaineratu du Larretak.
Gidariak osatutako hari horrek bi orduko materiala zuen. Ondorioz, grabazio egun mamitsu horien ondoren, edizio lanetan guraizeak sartzea ezinbestekoa izan da, orduerditik beherako dokumentala osatu duten arte. Honenbestez, elkarrizketa batzuk ere baztertu egin behar izan dituzte azken emaitzatik. «Soziolinguistikako zenbait aditu elkarrizketatzeko ideia nuen buruan. Interesgarria izan arren, ikusi genuen ez zetozela bat bizipenetan oinarritutako gainerako edukiarekin», azaldu du Larretak.
Guraizeak sartu behar izan dituzten arren, jorratu gabe utzi dituzten gairen bat ere botatzen dute faltan: «Niri orain beste 10.000 dokumental ere bururatzen zaizkit egiteko. Batxilergoko euskara irakasleei elkarrizketa egin genien, soziolinguistika espezifikoki lantzen baitute ikasleekin, eta hori ‘Euskaraz Bizi’ren eraginez ere bada neurri batean. Horren jarraipena egitea interesgarria litzateke», azaldu du Larretak. Izarne ere bat dator ikasleen hitza gehiago jasotzearekin: «Adin ezberdinetako ikasle gehiagoren testigantzak hartuko nituen nik».
Elkarlana izan dute ikasbide
Izarnek ikasle moduan ezagutu du ‘Euskaraz Bizi’ eta Aritzek baita irakasle gisa ere. Biei dokumental honek gaian gehiago sakontzeko aukera eman die.
Ez, ordea, hori bakarrik. Batak bestearen jardunaz ere ikasi duela aitortu dute. Alderdi artistikoa Olanok landu du eta produkzio lana Larretak: «Nik edukia eta Izarnek forma jarri dio», azaldu du irakasleak.
Emaitzarekin harro daude egileak, eta herritarrei ere erakutsi nahi diete. Laskorain ikastolan aurkeztu dute jada, eta harrera ezinhobea izan zela adierazi dute. «Jendearen lana txalotzea da dokumentalaren helburuetako bat baina baita ikastetxeetan honen berri ematea. Ekinez gero, baliabideak jarriz gero, ondo antolatuz gero eta zuzendaritzak sinetsiz gero, gauza asko egin daitezkeela euskararen erabilera sustatzeko», azaldu du Laskoraingoak.
Azken baieztapen horren froga da Izarne Olanok eta Aritz Larretak burututako lana, eta gustura elkarbanatu nahi dute gaur, 19:00etatik aurrera, Tolosako Kultur Etxera hurbiltzen direnekin. Egileek esan bezala, harro erakutsi nahi dute osatu duten euren «haurra».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!