Gutuna: "Lomce-ri ez! Beharrezkoa da borrokak elkartzea!"

Iker Otermin, Euskal Herria Sozialista aldizkariaren izenean 2013ko urriaren 23a

Ikasturte honen hasieran, PPren gobernuak, bere LOMCEa onartzeko asmoarekin jarraitzeaz gain, udarako hilabeteetan zehar beken dekretu berri bat onartu du. Dekretu horrek Estatu guztian unibertsitateko 100.000 ikasle kanporatuko ditu ikasketak ordaintzeko dirurik ez edukitzearen arrazoi hutsagatik.

PPren gobernuak daraman hezkuntza politiken izaera klasista, espainolista eta bereiztatzailea nabarmena eta agerikoa da. Bere helburua, hezkuntza kalitatea ordain dezakeenaren eskura eta zerbitzura bakarrik dagoen eredua ezartzera itzultzea da, eta era berean, hezkuntza publikoa azken hamarkadetan ezagutu dugun moduan deuseztea.
Aurreko ikasturteko urrian eta otsailean Ikasle Sindikatuak-Sindicato de Estudiantesek 72 orduko bi greba deitu zituen. Ikasleen parte hartzea masiboa izan zen Katalunian, Galizian eta Estatuko beste herrietan, baita irakasleen eta gurasoen babesa ere. Maiatzaren 9an hezkuntza komunitate guztian egin zen greba orokorrean (haur hezkuntzatik unibertsitatera), parte hartzea berriz ere masiboa izan zen (Hego Euskal Herrian izan ezik, gehiengo sindikalak ez baitzuen babestu), argi utziz PPren gobernua erabat isolaturik zegoela LOMCEa defendatzen.
Orain, Ikasle Sindikatua-Sindicato de Estudiantesek Mobilizazio Aste baterako deia zabaldu du ikastetxe guztietara urriaren 21etik 25era, hiru eguneko grebarekin (urriaren 22, 23 eta 24).  Aste honen gailurrean, urriaren 24ean, greba orokorra hezkuntza komunitate guztira zabalduko da, gurasoetara, irakasleetara eta ikasleetara, grebara deitzen baitute CCOO, UGT, STES eta CGT sindikatuek eta CEAPA guraso elkarteak ere. Uste dugu funtsezkoa dela euskal gehiengo sindikalak eta Ikasle Abertzaleakek mobilizazioekin bat egitea borroka Hego Euskal Herrian zabaltzeko.
Aldi berean, gure babesa adierazi nahi diegu EAEko hekuntza kontzertatuan sindikatu guztiek (ELA, LAB, CCOO, STEE-EILAS eta UGT) murrizketen aurka eta hitzarmen berriaren alde antolatutako mobilizazioei. Irailaren 26ko greba arrakastatsuaren ondoren, urriaren 21etik 25erako astean emango du borroka honek hurrengo pausoa, manifestazioekin, lanuzteekin eta elkarretaratzeekin,ikasle Sindikatua-Sindicato de Estudiantesek deituriko mobilizazio astearen data berdinetan. Gure ustez, beharrezkoa da borroka hau hezkuntza komunitate guztira zabaltzea, hezkuntza publikora nahiz unibertsitatera, ikasle eta gurasoetara, murrizketen eta LOMCEaren aurkako mugimendu zabal batean. LOMCEa errotik geratzeko, murrizketa guztiak atzera botatzeko nahiz hezkuntzako lanpostuak eta lan baldintzak defendatzeko modu eraginkorrena, eta bakarra, elkarturik eta irmotasunez borrokatzea da, ahalik eta golpe indartsuena jotzeko erasoen eta murrizketen erantzule diren gobernuei: PPrena nahiz UPNrena eta EAJrena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!