Joxe Ramon Apalategi: «Fiaren bazkideak egiteari izugarrizko garrantzia ematen diogu»

Asier Imaz 2013ko urr. 23a, 13:42
Juan Ramon Apalategi
Fiare banku etikoko kidea da Apalategi. Tolosan informazio bulegoa zabalduko dute astelehenetan Fiarek, eta gaur mahai ingurua antolatu dute kultur etxean, 19:00etan.

Donostiako Gureak enpresan 22 urte daramatza lanean Joxe Ramon Apalategik (Ikaztegieta, 1953). Enpresa zientzietan lizentziatua, eta elizaren inguruko mugimenduetan boluntarioa. 2005ean ezagutu zuen Fiare proiektua, Karitasen inguruan lanean zebilela. Lehen unetik erakarri zuen banku etikoaren ideiak, eta bazkide egitea erabaki zuen. Eskualdeko bazkide gehiago egon bazirela dio Apalategik, baina ez ordezkaririk, eta ondorioz, Tolosaldean talde bat osatu ondoren, duela bi urte Fiare proiektua zabaltzen hasi zen ikaztegietarra. Gaur Tolosan antolatu dute eskualdean egingo duten urteko hirugarren ekitaldia. Urte amaieran, Tolosaldeko bazkide guztiekin batzarra egingo dute.  
Banku etikoak egoteak zer esan nahi du, etikarik gabeko banketxeak daudela?
Gaur, Tolosan egingo dugun mahai inguruan Zure diruarekin dokumentala ikusiko dugu, hain juxtu, diruarekin banketxeek zer egiten duten azaltzeko. Banku horiek ez dira ez dakit nongo banketxeak, gertukoak baizik.
Zer egiten dute diruarekin?
Arma industriara bideratu, munduan desberdintasuna areagotzen duten makroproiektuetara... Hori errealitate bat da, baina ez hori bakarrik: euren irabaziak paradisu fiskaletan dituzte askok eta askok. Ikuspegi etiko batetik egiten dituzten inbertsio gehienak susmagarriak edo zalantzazkoak dira.
Banketxe horietako batzuk ekimen etikoak egiten dituztela diote iragarkietan.
Ez dugu ezer horien aurka, baina portzentajeak begiratuz gero, gizarte ekintzetara kopuru txiki bat bakarrik bideratzen dutela ikusten duzu. Sarri, itsura egiteko besterik ez da.
Zer da orduan banku etiko bat?
Bere inbertsio guztiak gizarte helburuetara bideratzen dituen banku bat.
Eredu bakarreko banku etikoak al daude?
Estatu mailan ezagunenetakoa dena, beste eredu juridiko batekin sortua da. Gu mailegu kooperatiba bidetik goaz, eta eurak, bazkide kapitalisten bidez sortu zuten banku etikoa; sozietate anonimo baten moduan funtzionatzen dute, baina egia da, bere inbertsio guztiak ikuspegi etiko batetik egiten dituztela.
Zuen kreditu kooperatiba estatura bakarrik mugatzen al da?
Fiare-ren helburuetako bat Europa mailako mailegu kooperatiba bat izatea da. Bide horretatik, 2005ean, Europako beste banku etikoen esperientziak ezagutzen eta baloratzen hasi ginen. Horrela, Italiako Banco Popolare Etica-rekin elkarlanean hasi zen Fiare.  
Zein ondorio ekarri du elkarlanak?
Akordio hori lortu bezain pronto, Espainia mailan agente finantziero bezala hasi zen lanean Fiare. Aurten, Italiako bankuak Banco Popolare Etica-ri nazioarteko izaera onartu dio, eta horrek, aurrera pauso handia dakar. 2014ko udaberritik aurrera, Fiare beste edozein banketxek dituen zerbitzuak ematen hasiko da estatu mailan, italiarren babesarekin, eta euren diru deposituekin kontatuz.
Zer egin behar da Fiare-ko bazkide egiteko?
Guretzat une honetan hori da garrantzitsuena, beste banketxeetatik etor litezkeen bezeroak lortzea baino, bazkideak egitea. Fiare-k bi ardatz nagusi ditu. Alde batetik, sistema ekonomikoak sortu dituen desberdintasunak, eta bere egituran eta izaeran dituen oinarri ez etikoak gainditzeko instrumentu finantzieroak sortzea, eta bestetik, egitura ez etiko horren aurka dabiltzan mugimendu, erakunde eta norbanakoak elkartzea, eredu finantziero berri batean. Bigarren puntu honek, beraz, banku etikoaren ideia gizarteratzea dakar. Horri izugarrizko garrantzia ematen diogu, eta horregatik jarri nahi dugu nagusiki gure indar guztia bazkideetan.  
Eta horretarako, zuen bulegora joatea nahikoa al da?
Bertan informazioa zabaltzen dugu, eta bazkide egiteko, txartela bete eta 300 euro jartzea nahikoa da.
300 euro horiekin zer gertatzen da ondoren?
Momentu honetan elkartean gelditzen dira, hau da, diru hori ezin da sare finantzieroetan erabili. Nahi duenak, nahi duenean berreskuratu lezake. Bazkidetza hori, elkarte kooperatibo baten partaidetza da. Entitate guztiek legez oinarri batzuk bete behar dituzte, kapital bat izan behar dute, eta bazkideek jartzen duten diruarekin osatzen da kapital hori. Gero, diru hori kreditu moduan erabili ahalko da.  
Banku etikoaren beste ezaugarrietako bat, diruaren ibilbidea publiko egitearena da.
Gure web orrian, proyectofiare.com-en, zer nori eman zaion agertzen da. Mailegu guztiak eta diru kopuru guztiak argi eta garbi azaltzen dira. Partaidetzarekin batera, oinarri nagusienetakoa gizarteari lotutako ekonomia eta gardentasuna dira. Bata bestearekin loturik dago, gainera.
Mailegu bat eskatu nahi duenak zer egin behar du?
Lehenik eta behin, Fiare-ren bulegotik pasa behar da. Informazio guztia bertara eraman behar da. Eskaria zehaztu ondoren, lurralde mailan gizarte-etika batzar bat dago. Bertan aztertzen dute eskatzaileak emandako informazio guztia, eta behar horien balantzea bertan egiten da. Gero, eskari horiek edozein bankuk bezala, irizpide tekniko batzuk gainditu behar dituzte. Nolabait esateko, bi iragazki pasa behar dira.
Mailegua jasoz gero, itzultzerakoan interesak beste bankuekin alderatuz baxuagoak al dira?
Kasuan kasukoa aztertzen da. Faktore asko hartu behar dira kontuan, Fiare-ren baloreetara eskaria egokitzen den ikusteko, besteak beste: Proiektuaren bideragarritasuna; gizartean izan dezakeen eragina; lanpostuak sortzeko aukera ematen duen edo ez...
Orain arte, zenbat diru mugitu duzue kreditu eta abarretan?  
Estatu mailan 40 milioi euro inguru jaso ditugu dagoeneko. Horiek ez dira hemen bakarrik sortuak izan, kanpotik ere jaso ditugu, lehen aipatu bezala, Italiako Banco Popolare Etica-rekin elkarlanetik, adibidez. Jasotako indar eta laguntza guzti horrekin, jadanik 30 milioi euro banatu ditugu maileguetan. 2005az geroztik, italiarrekin lortutako akordioari esker, euren izenean ari gara diru hori ematen.

 

Fiare inbertsio eta aurrezki arduratsuaren fundazioaren bilakaera

Hego Euskal Herriko 52 eragile desberdinek Fiare fundazioa martxan jarri zuten 2003an. Inbertsio eta aurrezki arduratsuaren fundazioa deitu zioten Fiare-ri, eta estatu mailan zabaltzeari ekin zioten, lurralde guztietara zabalduz. Gizartearen desberdintasunei aurre egite aldera, arlo finantzieroan hutsune bat zegoela ikusi zuten. Abiapuntu horretatik abiatuta, banku etiko bat sortzeko helburua jarri zuten. Une honetan, Fiare proiektuak 5.000 bazkide inguru ditu, eta horien artean, 600 eragile daude, baita instituzioak ere: Eusko legebiltzarra, Gipuzkoako batzar orokorrak, Donostia, Eibar eta Errenteriako udalak... Eskualdeari dagokionez, Tolosako Udalarekin hizketan ari dira, eta elkarlana bidean dagoela diote. Harreman horien erakusle, Abastosen zabalduko duten bulegoa da. Ondoren, beste bailaretan egingo duten bezala, Tolosaldean informazioa zabaltzen jarraituko dute, erakunde eta eragile desberdinekin elkartuz. Gaur, Tolosan, hitzordua jarri dute banku etikoaren nondik norakoak azaltzeko:19:00etan, kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!