Segi ETA da, eta Segiko kide izatea, ETAko kide izatea da. Espainiako Auzitegi Gorenak irizpide hori jarraitu zuen 2013ko apirilean, Donostiako 15 gazte independentisten aurkako epaiketan. Hori horrela balitz, gazteak Segikoak direla ziurtatzea, nahikoa litzateke gazteak ETAkoak direla frogatzeko. Donostiako hamabosten kasuan, Espainiako Auzitegi Nazionalak lehenik, eta Auzitegi Gorenak ondoren, zein froga aurkeztu zituen gazteak Segikoak zirela esateko?
Aritz Sorzabal Irutxuloko Hitza egunkariko zuzendariak, honela kontatu zuen Non dago delitua? artikuluan: «Euskal Herriko hainbat gazteren etxetan aurki daitezkeen gauzak besterik ez dituzte aurkeztu froga gisa. 'Xoxoaren Xirula' izeneko musika CD bat, euskara eta autodeterminazioaren aldeko kamisetak, Deskontrol taldearen elastiko bat, Euskal Herria Askatasuna lelolun zozketa txartel bat, Intxaurrondoko Letaman gaztetxearen inaugurazioaren kartelak, 2006ko Gazte Topaguneko DVD bat, sakabanaketaren aurkako banderola bat, EHAK alderdiaren pegatinak, Alde Zaharra izenburudun txosten bat, amnistiaren ikurra duen giltzatako bat, ETAri buruzko liburu bat, Independentzia lelodun DVD bat, AHTaren aurkako idatziak… Hori guztia, Segi gazte erakundearen zenbait ikur, pegatina eta txostenekin batera, froga gisa aurkeztu zuten epaiketan. Miaketetan bildutakoaz gain, epaileek pisu handia eman diete gazteek atxiloketa aldian egindako adierazpenei, presiopean egin zituztela salatu zuten arren. Hain zuzen ere, Auzitegi Gorenaren epaiak gazte donostiarrek torturak salatu zituztela aipatzen du, baina ez dio garrantziarik ematen elementu erabakigarri horri».
Astelehenean Madrilen 40 gazteren aurkako epaiketa hasi zen. Horietatik hiru eskualdekoak dira: Aritz Lopez tolosarra, Mikel Ayestaran billabonatarra eta Irati Mujika amezketarra. Espainiako Auzitegi Nazionalera 40 gazte hauetatik 36 aurkeztu ziren, eskualdeko hiruretatik bi. Irati Mujikak «planto» egitea erabaki zuen, «auzitegi nazionala euskal herritarrak epaitzeko inor ez dela» salatuz. Desobedientzia ekintza honekin, herritarrei «elkartasunetik konpromisora» jauzi egiteko eskatu zien Mujikak. Epaiketari dagokionez, lehen egunetan, besteak beste, ondorengo frogak aurkeztu zituzten gazteen aurka: EHNAren inguruko tramitazio paperak; Amarako Festa Batzordearen inguruko txostenak; Gazte Topaguneren batera joan izana; Gazte Eguneko bazkariko txartel bat; pegatina kolekzioak; LABeko pankarta eramatea…
Mikel Ayestaranen txanda iritsi zenean, asteartean, fiskaltzak ondorengo frogak erakutsi zituen: Villabonako jaietako txandak; mendi irteera bateko argazki bat; Remi Ayestaran, bere anaiaren, omenaldiko argazki bat. Alberto Pradilla kazetariak, epaiketaren lehen egunaren kontaketa egin ondoren, honakoa idatzi zuen: «@albertopradilla: (…) Zigor eskarien larritasunik egongo ez balitz, hau txiste puta bat litzateke. #libre». Espainiako egunkarietan, «agentzia» bidez jasotako albiste bezala zabaldu zuten epaiketaren hasiera, eta aretoan gertatua puxika laranjetara mugatu zuten: «Globo laranjekin protestak, Segiren aurkako epaiketaren hasieran». Titular horren jarraian, epaiketaren iraupena eta fiskaltzaren azken elegitea dirudiena: «ETA banda terroristaren jarduera armatuaren osagarria da Segi: kale borroka…», El Pais, 2013ko urriaren 15a. Epaiketa batetatik errugabe edo errudun irteteko behar diren datuez, ezer gutxi; tortura salaketez, ezer ez.
Gazte independentistek epailearen aurrean banaka deklaratu dute aste honetan, eta gehienek, atxiloaldian torturak jasan zituztela esan dute. Batzuk, inkomunikazio garaian jasandakoa kontatu dute epailearen aurrean; negar malkotan amaitu duenik ere izan da. Donostiako hamabost independentisten aurkako epaiketan, epaileak ez zien garrantziarik eman antzeko salaketei. Espanian, ordea, bada «torturapean» egindako polizia deklarazioak onartu ez dituen epailerik: 2010eko uztailaren 27an, inkomunikazio garaian poliziaren aurrean egindako deklarazioa «nahikoa froga» ez dela esan zuen Auzitegi Gorenak. Kasu horretan, Lea-Artibaiko zortzi gazte ari ziren epaitzen, eta hauei ere, Segiko kide izatea leporatzen zien Espainiako justiziak.
Esperantza hori ez zaio arrotza Mikel Ayestarani, «baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko atea gurutzatzean, logika guztia galdu egiten dela» gogoratu du. Aritz Lopezekin batera atxilotu zuten billabonatarra, 2009ko azaroaren 24ean. Tolosarrak 22 hilabete egin zituen espetxean. Inkomunikazioaren ondorengo uneak gogoan ditu tolosarrak, eta «surrealistak» izan zirela dio: «Asko ez ginen gure artean ezagutzen, baina inpernutik atera berriak ginenez, mozkorrak geundela ematen zuen. Funtzionario batek esan behar izan zigun espetxean geundela, eta ez taberna batean».
Ayestaran lehenago atera zen espetxetik, atxilotu eta zortzi hilabetera. Epaiketa iritsi arteko tarte hori ez dela erraza izan dio billabonatarrak: «Lau urte pasa ditugu mehatxu hori atzean genuela, bizitza erabat baldintzatuta. Gogor egin behar diozu zure buruari, eta aurrera egin. Etsaiak zure bizitza baldintzatzea bilatzen du, eta horregatik egin behar duzu gogor. Ingurukoen laguntza ere asko eskertzen da une horietan». Eta gertukoenak, ohi denez, senideak izan dira. Hauei ere une gogorrak bizitzea tokatu zaie, eta Ayestaranek dioen bezala, «gaizki» pasa dute: «Ni atxilotu baino lau hilabete lehenago Remi anaia hil ziguten ertzainek. Espetxean nengoela, izeba bati ea ama nola zegoen galdetu nion. Amak zera esan omen zion berari, seme batengatik ezin zuela borrokatu, baina bestearengatik, gutxienez, borrokatu dezaket. Aurrera jarraitzeko falta zitzaion indar puntu hori atera zitzaion».
Aritz Lopezen esanetan, une gogor horietan senideek asko eskertu dute herritarrengandik jaso duten elkartasuna, eta aurrera jarraitu ahal izateko hori «oso garrantzitsua» izan dutela azpimarratu du tolosarrak.
2009ko operazio hartan 34 gazte atxilotu zituzten. Ondoren, sei gehiago elkartu zaizkie. 6 eta 9 urte bitarteko zigorrak eskatzen ditu fiskaltzak euren aurka. Guztiak elkar ezagutzen ez zirela kontuan hartuta, behin guztiak espetxetik atera ondoren, defentsa prestatzen eta elkar hartzen hasi zirela dio Ayestaranek: «Sarekada egin zutenean, Segiren zuzendaritzaren aurkakoa zela esaten zuten, baina dena gezurra zen, asko ezagutu ere ez baikinen egiten. Asmakizun bat besterik ez zen izan; herri bakoitzetik gazte bat hartu zuten. 2012ko urrian iritsi zitzaigun fiskaltzaren eskaria, eta orduan hasi ginen guztiok elkartzen, defentsa estrategia zein izango zen eta abar eztabaidatzeko».
Epaiketak berarekin hainbat ondorio ekarri ditu. Alde batetik, galera ekonomikoa, eta bestetik, gizarteratzea. Epaiketa politikoa dela salatzeko, hainbat bidaia egin dituzte. Aritz Lopezek bidaia horietan hartu du parte, eta Europako 17 parlamentarirekin elkartzeko aukera izan du Bruselan. Gustura agertu da tolosarra jasotako erantzunarekin: «Oso harrera ona izan dugu, eta ahal duten neurrian, konpromisoak hartuko dituztela azaldu dute. Adibidez, ikuskatzaile moduan epaiketara joanaz. Aieteko Adierazpena eta gero, ez dute zer gertatzen ari den; aztoratuta agertzen dira». Herrialde Katalanetan, hainbat hitzaldi ematea ere tokatu zaio Lopezi, gazteen aurkako epaiketaren inguruan, eta ekonomikoki laguntza emateko prest zeuden gazteekin topo egin duela azaltzen du eskualdeko auziperatuak. Horrez gain, etxean, eragile desberdien atxikimendua lortu dute, eta horien artean, «ezohikoa delako» Comisiones Obreras sindikatuarena nabarmendu du Lopezek. Guzti hau Libre dinamikaren barruan sartu behar da, eta ekimen honek, bigarren epaiketara garamatza. Izan ere, aste honetan ez da gazte independentisten aurkako epaiketa bakarrik hasi. Ostegunean, 35/02 auzia jarri zen martxan Espainiako Auzitegi Nazionalean. Herriko tabernen epaiketa delakoan, eskualdeko hiru elkarte daude: Ibarrako Subegi, Tolosako Intxurre eta Villabonako Iratzar. Bi auzi hauek salatzeko, Euskal Herri osoan eta eskualdean isla izan duen Libre! dinamika jarri zen martxan.
Mikel Ayestaranek honela azaltzen du ekimenaren nondik norakoa: «250 euskal herritar inguru gaude auziperaturik, epaiketan edo epaiketaren zain. Libre! Epaiketa politikorik ez! dinamikak guzti honekin apurtzea lortu nahi du, auzi politikoek aurrera ez egitea. Elkartasunetik konpromisorako urratsak ematea eskatzen dugu, gatazkatik konpondierako zubi horretan pausoak ematea. Euskal Herrian konponbide garaia da, eta horretan aurrera egiteko, gizarteari eta mundu osoari konpromisoa eskatzen diogu». Billabonatarrak gaineratu duenez, «hemen estatua ez da ari auziperatuen aurka, herri osoaren aurka baizik», eta ondorioz, euren aurkako auzia «azken epaiketa politikoa» izatea nahi dute.
Herriko tabernen aurkako epaiketaren barruan, Periko Gordo joan zen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalera, lekuko gisa. Tolosarra Intxurreko kudeatzailea da, eta lan boluntario horregatik, Madrilen amaitu du. 35/02 auzia bi zatitan banatzen du Gordok: «Alde batetik inputatuak daude, gu baino egoera larriagoan. Estatuak epaiketa honekin ezker abertzalea bururik gabe utzi nahi du, lanketa politikoa egiteko zailtasunak jarriz. Bestetik, elkarteetako kudeatzaile edo administratzaileak gaude. Oinarriko militanteak gara. Lehendik ez dugu lan asko egiten, eta horrelako gauzekin beldurra sartu nahi digute, oraindik eta gutxiago mugitzeko. Lehen esan bezala, Espainiako Auzitegi Nazionalera egingo ditugun bidaiek, ez dute inongo garrantzirik; dentistarena joatea bezala da, pasa beharreko hitzordu bat».
Eskualdeko hiru Herriko tabernak une honetan Espainiako Auzitegi Nazionalaren kontrolpean daude, duela 11 urteko operazioa medio, orduan jarri baitzuen Espainiako justiziak 35/02 auzia martxan. Orain, epaileak esango du kontrol hori eta elkarteen jabetza noren esku geldituko den. Bestalde, lekuko bezala edo auziperatu bezala Madrilera joateak ekonomikoki izugarrizko eragina duela aipatu dute Madrilen egon diren hiru kideek. Mikel Ayestaranen esanetan, ia milioi bat euroko gastua aurreikusten da ondorengo hilabeteetan, bi epaiketa hauekin. Libre! dinamikak, horretan ere eragin nahi du, eta hainbat ekimen antolatu dituzte eskualdeko herrietan bidaia, egonaldi, abokatu eta abarren gastuei buelta emateko. Villabonan, adibidez, Libre Eguna antolatu dute azaroaren 23an. «Herritarrek euren elkartasuna erakusteko aukera izango dute egun horretan. Horrez gain, eragile desberdinei konpromisoa eskatu diegu, modu aktiboan ekarpenak egin ditzaten», dio Ayestaranek.
Luze joango dira Segiren eta Herriko tabernen aurkako auziak. Ayestaranek eta Lopezek, esaterako, urriaren 24an, ostegunean, eta hilaren 30ean itzuli beharko dute Auzitegi Nazionalera. Aldiz, herriko tabernetako lekukoek azaroan egin beharko dute Madrilerako bidea. Aurreikuspenen arabera, epaiketak 2013. urte amaieran edo 2014aren hasieran amaituko lirateke.