Mintzalaguna egitasmoa hiztun bila

Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko urr. 16a, 15:15
Galtzaundi Euskara Taldeak martxan jarri du aurtengo Mintzalaguna egitasmoa. 9 talde osatu badira ere, hiztunen beharra dago oraindik.

Mintzalaguna egitasmoa posible egiten duten norbanakoekin elkartu da Ataria. Galtzaundiko teknikari Idoia Lahidalgak egitasmoaren nondik norakoen berri eman du. Ainhoa Aizpuru eta Maikel Gomez hiztunak, boluntario gisa aritzean jasotzen dutenaz mintzatu dira.

Tolosako Galtzaundi Euskara Taldeak euskaraz hitz egiteko erraztasuna ez dutenei, ahozkotasuna praktikan jartzeko proiektua eskaintzen die, Mintzalaguna egitasmoa. Ikasturtea hasi berri den honetan, dagoeneko 50 pertsonek izena eman dute; hainbat talde oraindik ezin izan dira hasi hiztuna, gidari papera burutuko duena, falta delako.

Mintzalagunaren baitan Hitano taldea ere kokatzen da. Euskaldunei zuzendutako egitasmoa da honakoa: «Hika praktikatu nahi dutenentzat, praktikarekin ikasten delako», dio Galtzaundiko teknikariak. Hitano taldeak Galtzaundin bilakaera luzea badu ere, aurten oraingoz ez da talderik osatu eta horrenbestez Euskara Taldeak euskaldunei deia luzatu die: «Euskaldunak beste pauso bat ematera bultzatu nahiko genituzke, hika eskuragarri dago eta Galtzaundik espazio bat sortu nahiko luke hitanoa praktikan jartzeko», adierazi du Idoia Lahidalgak, Galtzaundiko teknikariak.

Idoia Lahidalgak hitz egin du Ataria Irratian.

 

«Euskararen igerileku aberats honetara etor zaitezte»

Maikel Gomez eta Ainhoa Aizpuru • Mintzalaguneko hiztunak

Maikel Gomez Sanchez Lemoakoa da, bizkaitarra. 32 urte ditu eta irakaslea da lanbidez. Ikasturte berriarekin batera, Tolosan bizitzen jarri da, eta euskarari ekarpena egin asmoz Galtzaundiren Mintzalaguna egitasmoan hiztun gisara eman du izena. Herri berri batean egonik, jendea ezagutzeko bidea ere bada Mintzalaguna Maikelentzat.

Ainhoa Aizpuru Garmendia ordea, tolosarra da, 23 urte ditu eta lanbidez erizaina da. Mintzalaguna taldeko gidari lana bigarren urtez hartu du Ainhoak. Txandakako erreleboan aritzen da Ainhoa lanean, goizez eta arratsaldez. Hasiera batean, Mintzalaguna egitasmoan jardun ahal izateko traba izango zela pentsatu bazuen ere, gerora ez du arazorik izan: «Galtzaundikoen laguntzaz aritzen naiz, Idoia Lahidalgak hartzen du nire papera ni ez nagoenean. Taldeak astero-astero jarraipen bat izaten du horrela».

Noiz eta zergatik hasi zineten hiztun gisara kolaboratzen?

Maikel Gomez: Orain dela gutxitik Tolosan bizi naiz. Egun batean kaletik nindoala kartel bat ikusi nuen Galtzaundik hiztunak behar zituela, bertara joan, Idoia Lahidalga ezagutu eta berak informazioa eskainita egitasmoan hasi nintzen. Oso jarduera interesgarria eta aberatsa iruditu zitzaidan. Hasiera batean, ez dakizu nondik nora joango den, ekarpenen bat egingo duzun edo ez, baina gero hasi eta ikusten duzu ekarpena berez mintzalagunek egiten dutela, euren esfortzuarekin. Mintzalaguna proiektu egokia iruditu zitzaidan euskara munduan murgiltzen laguntzeko. Euskara guretzako horren aberatsa izanik, zaindu eta sustatu behar dugu. Euskararen alde apur hori ematearekin pozik nago.

Ainhoa Aizpuru: Goiz batean jaiki eta gosaltzen ari nintzela, Hitza irakurtzen ari nintzela, deialdi bat irakurri nuen: Galtzaundik hiztunak behar zituen. Momentuan bertan Galtzaundin azaldu nintzen, iruditzen zitzaidan lastima zela jendea euskara ikasteko gogoarekin egon eta jendea laguntzeko prest ez egotea. Guri hain erraz ateratzen zaigun hizkuntza, beste batzuek ikasteko gogoa izan eta praktikatzeko aukerarik ez edukitzeak lastima eman zidan.

Zenbat mintzalagunek osatzen dute zuen taldea? Zer nolako profila osatzen dute?

M.G.: Sei bat pertsona daude nire taldean. Gehienak kanpotarrak dira. Bikote argentinar bat dago, Venezuelako neska bat... Urte pare bat daramatzate Euskal Herrian, euskara euskaltegian ikasi dute baina hitz egiteko orduan freskotasuna falta zaie.

A.A.: Nire taldean sei mintzalagun daude. Perfil aldetik, gehienak hemengoak dira. Kataluniar bat eta Logroñoko beste partaide bat ere badaude baina gainontzekoak ingurukoak dira, txikitatik euskara euren ama-hizkuntza izan ez dutenak. Bizpahiru kasu ere badaude erretiro garaian daudenak, bilobekin euskaraz hitz egin ahal izateko egitasmo honetara gerturatu direnak. Beste bi kasu badaude euskara lan munduan behar dutenak, horretan buru-belarri dabiltza. Azkenik, Kataluniatik eta Logroñotik etorritakoen kasua dago, haiek euskara ikasi nahi izan dute bertako hizkuntza delako, interesatuta daudelako.

Nola dinamizatzen dituzue zuen taldeak?

M.G.: Mintzalagunak eroso sentitzea da helburua, haiek erabakitzen duten tabernan biltzen gara, leku ezberdinak probatuko ditugu. Gaiak berriz, berez sortzen dira.

A.A.: Iaz tabernetan biltzen ginen, baina jendearen iritzi orokorra zaratak distraitzeko aukera erraza sortzen zuela izan zen, orduan kultur etxean hasi ginen probatzen eta egia esan gustura daudela esaten dute. Hasiera batean, berez datozen gaien inguruan hasi ginen hizketan eta saio asko egin ditugu horrela, baina orain mintzalagun bakoitzak bere interesari heldu dio.

Batek, esaterako, ahozkotasun proba bat gainditu nahi zuela aipatu zuen. Horri begirako saioa prestatu dugu; gai bat eman, hiruko taldetan bildu eta talde bakoitzari gai bat eman zaio, hasiera batean bakoitzak bere iritzia ematen du eta ondoren hiruren artean eztabaidatzen dute, ahal bada ondorio batera iritsiko da talde bakoitza. Beste mintzalagun batek, irakurmena landu nahi zuela esan zidan. Hurrengo saio batean artikuluren bat landu dezakegu orduan. Pixkanaka mintzalagun bakoitzaren nahiak eta ahuleziak aterako dira, ase nahi diren alor horiek.

Orain zerrendatutakoa, azken batean, zuek eskaintzen duzuena da. Baina, zer da jasotzen duzuena?

M.G.: Apur bat ematearekin askoz gehiago jasotzen dut. Mintzalagunek nire ekarpenak asko eskertzen dituzte. Hori da inportantea.

A.A.: Eman baino gehiago jaso egiten dut. Miresgarria iruditzen zait euskara ikasteko haiek duten nahia eta borondatea. Horregatik, gure eskaintza eduki behar dute, erantzun bat eman behar zaie.

Zure kasuan, Ainhoa, iaz ikasturte oso bat bete zenuen Mintzalaguna proiektuan. Mintzalagunen bilakaera antzeman ahal izan zenuen ikasturte amaieran?

A.A.: Euskara aldetik bai, baina bereziki soltura aldetik bilakaera jasan zutela esan dezaket, askoz gehiago parte hartzen zuten ikasturte amaieran. Dudarik gabe, atzerapena baino gehiago aurrerapena antzeman nuen.

Nola animatuko zenukete jendea mintzalagun eta hiztun gisa parte hartzera?

M.G.: Beldurrik gabe etortzeko esango nieke. Euskara ikasi eta sakondu nahi izatekotan, euskararen igerileku honetara etortzeko esango nieke, igerileku aberatsa baita honakoa. Oso gomendagarria iruditzen zait. Lotsak etxean utzita asko jasoko dute.

A.A.: Hiztunei dagokionez, guk ematen dugun gutxiarekin besteei zenbat eskaintzen diegun konturatzen gara. Guk horren erraz egiten dugunak, besteei zenbat laguntzen dien pozgarria da. Mintzalagunei berriz, akatsak eginez ikasten dela esango nieke. Horretarako da, hain zuzen ere, Mintzalaguna egitasmoa, euskara ez dakitenek euskara ikas dezaten; ez dakitenek, hitz egin dezaten.

M.G.: Tankerako ekimen gehiago egon daitezela, euskararentzat onuragarria baita!

Izena emateko

Mintzalagun edo hiztun gisara aritzeko Galtzaundi Euskara Taldeko Idoia Lahidalga teknikariarekin harremanetan jarri beharra dago. Astean ordubetez euskara praktikatzeko aukera izango dute mintzalagunek, eta hiztunek astean ordubetez euskararen trebakuntzan laguntzeko beta izango dute. Hitano taldeari buruz datu gehiago eskuratzeko bide berdinari ekin behar zaio:

Galtzaundi Euskara Taldea; Nafarroa etorbidea, 6 behea. Tolosa. 943 655004 publizitatea@galtzaundi.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!