Epaiketaren zain segitzen dute

Iñigo Terradillos 2013ko urr. 16a, 13:52

Amando Hernandez tolosarrari ongietorria egin zioten unea, 2003ko urriaren 23an. ATARIA
‘Egunkaria’-ren aurka duela 10 urte eginiko operazioan Amando Hernandez atxilotu zuten; Begoña Zubelzuk auzipetua jarraitzen du

Euskaldunon Egunkaria ixteko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak 2003ko otsailaren 20an. Polizia operazio hartan euskarazko kazetaren sorreran zuzendaritzako kide izandako hamar lagun atxilotu zituzten, tartean, Martxelo Otamendi tolosarra, Euskaldunon Egunkaria-ko orduko zuzendaria. Euskaldunon egunkaria ETAk sortu, ETAk finantzatu eta ETAk bideratu zuela zioen atxilotuen aurkako autoak. Bada, zortzi hilabete beranduago, gaurko egunez, duela hamar urte, bigarren polizia operazioa burutu zuen Guardia Zibilak del Olmo epailearen aginduz, Egunkaria-ren aurka.
Kasu horretan, kazetaren administrazio alorraren aurka egin zuten, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkea kudeatzen duen Buruntzape SLren barruan zeuden enpresetako zortzi ordezkari atxilotuz. Tartean, Amando Hernandez tolosarra, Tolosaldea Komunikabideak SLko arduraduna.
Lehenengo operazioaren kasuan, Otamendi otsailaren 25ean geratu zen aske fidantza ordainduta, eta inkomunikatuta egon zen egunetan torturatua izan zela salatu zuen. 2010eko apirilaren 12an iritsi zen auzi haren aldeko epaia, absoluzioa. Sententziaren arabera, auzipetuek ez zuten deliturik egin, eta ez zuten ETArekin loturarik.
Bigarren operazioaren kasuan, lau egun inkomunikaturik egon, eta epailearen aurretik igaro ostean, aske geratu zen Amando Hernandez. Baita gainerako bederatzi atxilotuak ere, kargurik gabe batzuk, bermea ordainduta besteak. Egunkaria-ren aurkako operazio honetan, auzi ekonomikoa deiturikoan, Begoña Zubelzu ibartarra inputatu zuen gerora epaileak. Berarekin batera, egun, beste zazpi lagunek jarraitzen dute auzipetuta. Eurentzat zigor eskaera guztira, 128 urteko kartzelakoa eta 221 milioi eurokoa da. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren esku dago auzia, eta Fiskaltza da orain akusatzaile bakarra, akusazio partikularra —Dignidad y Justicia— kanpoan utzi zuelako epaileak, eta Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erretiratu egin zituztelako euren akusazioak deliturik ez zutelako ikusten. Beraz, Fiskaltzaren esku dago epaiketa gauzatuko den ala ez.
Langileen lana, «goraipatzekoa»
Amando Hernandezek gauza batzuk «atzo gertatu izan balira bezala» gogoratzen dituela aitortu du. «Atxiloketaren unea oso gogorra izan zen; emaztea eta hamar urteko umea etxeko atarian eduki zituzten zain, nirekin erregistroa egiten ari ziren bitartean». Hala ere, bere atxiloketa «arina» izan zela dio. «Bai behintzat, Martxelo Otamendirekin edota Iñaki Uriarekin egin zutenarekin alderatzen badugu, horiena latzagoa izan baitzen».
Hernandezen arabera, Egunkaria itxi eta hurrengo egunean egunkari bat kalean izatea «irain handia» izan zen. «Hori ordaindu beharra zegoen, eta guri egokitu zitzaigun». Zazpi urte eta gero iritsi zen absoluzio epaiarekin «poz handia» sentitu zuela dio, baina, baita «amorrua» ere, «Egunkaria desagertzea lortu zutelako».
Berria sortzearekin egoera nolabait «normalizatu» egin zela adierazi du Hernandezek, baina, Egunkariko langileen lana nabarmendu nahi izan du: «Egunkariari jarraipena ematea izan zen euren lehentasuna, eta lortu egin zuten. Meritua eurena da, beraz, urtemugek balio
beharko lukete beraien lana goraipatzeko». Halaber, auzi ekonomikoarengatik epaiketaren zain jarraitzen dutenak gogoan izan ditu tolosarrak, eta guztia ondo amaitzea espero duela esan du.  
«Epaiketak ez du zentzurik»
Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariak, bere aldetik, Fiskaltzak epaiketarik ez egotea erabakitzea espero eta nahi duela adierazi du: «Ez du zentzurik epaiketa horrek, gure kontuak garbiak zirelako, beraz, epaiketa hori itxi egin behar da». 2013 urte hasieran espero zuten auziaren inguruan zerbait jakitea, baina, oraindik ez dakite ezer. Otamendik positibotzat jotzen du epaileak akusazio partikularra atzera bota izana, eta bai Jaurlaritzak bai eta Aldundiak ere euren akusazioak erretiratzea, «deliturik ez egoteagatik». Hala ere, egoera ez dela erraza gogoratu du: «Auzi ekonomikoan egunkariaren itxieran baino gogorragoak dira zigor eskaerak 16 urterainoko kartzela zigorrak baitaude tartean, beraz, ez da lasai egoteko modukoa; hamar urte igaro dira auzipetuentzat, eta euren egoera ez da batere ona».
Otamendik 2003 urteko otsailean Euskaldunon Egunkaria-ren itxierarekin nahiz urte bereko urrian kazetaren aurkako bigarren operazioarekin herritarrengandik, eta, batez ere, Tolosaldekoengandik jaso zuten babesa eta elkartasuna eskertu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!