Herriak eta kulturak batzen dituzten azokak

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urr. 14a, 19:39
Azokak Euskal Herriko kulturaren erakusle izan ohi dira askotan, bertako lurrak emandako produktuen plaza diren arren. Asteburu honetan, nekazaritzak, kulturak eta jaiak bat egin dute Leaburun, Anoetan eta Zizurkilen.

Azokak Euskal Herriko kulturaren erakusle izan ohi dira askotan, bertako lurrak emandako produktuen plaza diren arren. Asteburu honetan, nekazaritzak, kulturak eta jaiak bat egin dute Leaburun, Anoetan eta Zizurkilen.

Herriko frontoia izan zen igandean, leaburutarren bilgune, eta aipatu moduan, bertako produktuez gain, artisautza lanak eta animaliak ere izan ziren ikusgai, gaztetxoenen gozamenerako.
Anoetan, berriz, urteroko euskal jaia ospatu zuten, eta herritarrak euskal jantzi tradizionalekin atondu zuten beren burua, egun berezirako. Horrela, goizean goiz txistularien dianarekin hasitako egunak, artisauen postuak, euskal musika tresnen erakusketa, dantzari eta txalapartarien saioa, ardo dastatzea, talo tailerra, nahiz herri bazkaria izan zituen. Sabela bete ondoren, gainera, dantzaldi luzeaz gozatu zuten anoetarrek, musikarien emanaldian.
El Salvador eta Zizurkil bat eginik
Zizurkilen ere azoka berezia izan zen igandean, baina horrekin batera, herrialde eta bizimodu desberdinak ezagutzeko aukera izan zuten herritarrek.
El Salvadorko Suchitoto hiriko alkatea, Pedrina Rivera, izan zen herrian, Donostiako bake konferentzia parte hartu baitzuen. Zizurkil El Salvadorko Meanguera herriarekin anaituta dago, eta Euskal Fondoa Udalen garapen elkartearen bidez bisitatu du Zizurkil Riverak.
Azoka bereziaren harira urtero Zizurkilgo Baserriko Argia eskulturan emakume baserritarrei egiten dieten omenaldian parte hartu zuen Pedrina Riverak, eta El Salvadorko emakumeen egoeraz hitz egin zuen, besteak beste: «Aurrerapausoak eman arren, oraindik muga handiak ditugu, adibidez, haurren zaintza osoa gure gain dugulako. Horrez gain, biolentzia fisikoa ere ohikoa da emakumeon aurka El Salvadorren», nabarmendu zuen.
Bere aldetik, Zizurkilen emakume baserritarren lana azpimarratu, eta etorkizunera begira pausoak emateko egin duten egoeraren diagnosia amaitzear dela nabarmendu zuen Eva Usandizaga Zizurkilgo parekidetasun zinegotziak.Ekitaldi hunkigarria Kantu jira taldekoen abesti batekin amaitu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!