Bertsolari Txapelketa Nagusia

Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu ia seguru dira hurrengo fasean

Jon Miranda Labaien 2013ko urriaren 14a

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bi kanporaketa ospatu dira asteburuan Hendaian eta Altsasun. Amaia Agirrek kantatu zuen larunbatean Hendaian eta bigarren egin zuen Julio Sotoren atzetik. Bigarren egin zuen igandean Jexux Mari Irazuk Beñat Gaztelumendiren atzetik. Eskualdeko bi bertsolariek aukera handia dute txapelketan aurrera egiteko.

Gora-beheratsua izan zen larunbateko saioa Hendaiako Beltzenia frontoian. Behetik gorakoa egin zuen Amaia Agirre billabonatarrak eta barrenak hustu zituen kartzelakoan. Beretik jardun zuen ariketa horretan eta publikoaren esker ona jaso zuen. Horixe zuen helburu Amaiak hasiera hasieratik, "publikoarekin bat egitea". Emaitzarekin gustura azaldu zen saioa bukatu eta berehala.

Jexux Mari Irazu larrauldarra indartsu dator aurtengo Txapelketa Nagusira. Eroso jardun zen igandean Altsasun ospatutako kanporaketan. Kartzelako ariketan sinisgarri aritu zen eta bertsorik borobilenak bertan eman zituen eskualdeko bertsolariak. 666,5 eskuratu ditu Jexux Mari Irazuk eta hortaz, aukera handiak ditu hurrengo fasean kantatzeko. Finala du jo puntuan larrauldarrak.

Legazpin jokatuko da bosgarren kanporaketa. Saioa hurrengo larunbatean, hilaren 19an, izango da, 17:30ean, Urbeltz pilotalekuan. Sei bertsolari arituko dira: Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Lizaso, Igor Elortza, Inigo Mantzizidor Mantxi, Jokin Uranga eta Oihana Bartra.

Asteazkenean, Ataria Irratian, 16:30etik aurrera emango dugu Txapelketa Nagusiaren berri. Bertsoaldi aipagarrienak entzun eta txapelketaren martxari begiratuko diogu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!