«Gure afizioetan, egunero egiten ditugun gauza horietan, laguntza eskaintzea inportantea da»

Amaia Goikoetxea Azpeitia - Naiara Roldan de Aranguiz 2013ko urr. 11a, 10:01

Mitxel Lakunza, Atzegiren kanpaina berriaren kartela eskuetan duela.
Atzegi, Gipuzkoako adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundea da. «Atzegin guztiok dugu gure papera. Aurkitu zeurea!» da erakundeak martxan jarri duen kanpaina. Mitxel Lakunzak, Atzegi elkarteko kideak, elkarteaz eta kanpainaz mintzatu da.

Marcial, Amaia, Cristina, Edu, Joseba, Maria, David, Juanma eta Mamen dira Atzegiko sentsibilizazio kanpaina berriaren protagonistak. Rol ezberdinean, era batera edo bestera, Atzegiren proiektuen parte dira haiek ere.

Leloak ongi laburbiltzen du transmititu nahi duzuen mezua, azaldu ezazu zertan datzan kanpaina berria.
Aurten ere, urtero egiten dugun bezala, Atzegik sentsibilizazio kanpaina berria bultzatuko du. Hala ere, inportanteena jendearen jarrera eta laguntza izaten da. Aurtengo mezua norbanako orok betetzen duen paperari egin nahi izan dio erreferentzia. Dagoeneko Atzegin jende askok betetzen du paper bat, baina gero eta jende gehiagok paper bat izatea nahi dugu. Hau da, gero eta kolaboratzaile gehiago izan nahi ditugu.
Jendea laguntzeko prest egoten da, baina askotan ez du jakiten nola. Gure aurtengo kanpainak 9 pertsonek betetzen duten paperari egiten dio erreferentzia. 9 aukera dira, baina askoz ere paper gehiago daude betetzeko. Azken batean, gure mezua guztiok laguntzeko kapaz garela da. Norberak laguntzeko orduan bere papera hartu behar du.

Adimen urritasunik izan ez baina kanpaina hau ikusiz animatzen den pertsona horrek nola parte har dezake?
Norberaren zaletasunei erreparatuz, bakoitzaren papera topatu daiteke. Adibidez, mendira joatea gustatzen zaionari zaletasun horretan topatu dezake bere papera. Atzegirekin harremanetan jarri eta astero edo hilero adimen urritasuna duen pertsona batekin mendira joateko konpromisoa hartu dezake. Konpromiso handiagoa nahi izanez gero, aukera badago, paperak anitzak dira eta.
Beste adibide bat adimen urritasuna duen pertsona bati erosketak egiten laguntzea izan daiteke; bai arropak edota baita eguneroko elikagaiak ere. Adimen urritasuna duen pertsona hori bakarrik bizi bada, egunerokotasunean jasoko duen laguntza hori oso garrantzitsua izango da. Laguntzeko paperak oso diferenteak izan daitezke, bakoitzak berea bilatu behar du.

Sentsibilizatzeko 9 lagunen kasuak irudikatu dituzue zuen karteletan. Funtzionatzen al du formulak? Gizartea sentsibilizatuta dago adimen urritasuna duen jendearekiko?
Ezin da esan gizartea erabat sentsibilizatuta edo bat ere ez dagoenik. Prozesu bat da. Azken finean, integrazio eta inklusio bezalako hitzak asko eta asko entzun ditugu. Gizarte honetan guztiok elkarrekin bizi behar gara, guztiok izan behar dugu gure tokia.
Guk zerbait txikia egiten badugu, adimen urritasuna duenarentzat oso garrantzitsua izango da laguntza hori. Eguneroko jarrera txiki horiek, eguneroko tratua oso inportanteak izaten dira. Adimen urritasuna duen pertsonaren bizi kalitatea hobetzen da tankerako laguntza txiki horiekin. Zorionez gizartean geroz eta jende gehiagok horrela pentsatzen du.

Kanpainako Cristinak komunikabideen bidez adimen urritasuna modu positiboan ematen du ezagutzera; Marcialek lan munduan Cristina integratzen laguntzen du; Edurnek aisialdi aukerak zabaltzen ditu; Mariaren eginbeharra kanpainaren kartelak itsastea da eta Mamenena Lourdesen laguna izatea da. Denak dira beharrezko eginbeharrak baina zein ekarpen izaten da topatzen zailena?
Bakoitzak badu bere afizioa, bere laguntzeko jarrera. Adimen urritasuna duen jendearekin futbolera jolasteko astean behin partiduak antolatu daitezke, adimen urritasuna duen pertsona horri lana eskaintzea beste aukera bat izan daiteke. Marcialek, adibidez, bere ile-apaindegian lan egiteko aukera ematen dio adimen urritasuna duen pertsona bati.
Adibide biak ezberdinak dira baina oso garrantzitsuak era berean. Gure afizioetan, egunero egiten ditugun gauza horietan, laguntza eskaintzea inportanteena da. Cristina, adibidez, kazetaria da. Zer egin dezake kazetari batek? Informazioa modu positibo batean zabaldu dezake, bere lanean adimen urritasunaz normaltasunez hitz egin dezake. Garrantzitsuena kontzeptua barneratzea da.

Gure elkartasun maila osasuntsu al dago?
Baietz uste dut. Orain horrenbeste entzuten dugun krisi hitza, Gipuzkoan solidaritateari dagokionez ezin da erabili, Gipuzkoako solidaritatea ez dago krisian. Hala ere, era orokorrean laguntza eskatzen denean jendeak atzera egiten du; bileretan eta tankerako tramiteetan pentsatzen duelako. Baina eginbehar zehatzak emanez gero, adibidez astean behin adimen urritasuna duen pertsonarekin palan jolastera joatea, jendea prest azaltzen da.
Adibide zehatz horiek errazak eta garrantzitsuak dira. Gauza txiki horietan pentsatu beharra dago; adibidez, adimen urritasuna duen pertsonarekin astean behin kafea hartzera joatea. Egoera horretan zure burua ikusiz gero, hori izan daiteke zure papera.

Iniziatiba hori bultzatzeko baliagarria izan daiteke honako kanpaina?
Batzuetan zaila izango dela iruditzen zaigu, baina garrantzitsuena borondatea da. Beti aipatzen den “Ematen dudana baino gehiago jasotzen dut” esaera egia da. Adimen urritasuna duten pertsonekin ematen den erlazioan baieztapen hori ematen da. Horregatik, jendea parte hartzera animatzen dugu.

Zein da normalean boluntario gisa aurkezten den pertsonaren profila?
Pertsona gaztea izaten da. Boluntario hitzak, konpromiso handia du bere gain. Pertsona oro ez dauka zertan boluntario izan, laguntza zehatza eskaini dezake. Ez zara boluntarioa izango baina zure jarrera positiboa baldin bada, edo zure pentsaera irekia baldin bada, adimen urritasuna duen pertsonari nola lagundu pentsatzen baduzu, ez zara boluntarioa izango baina baduzu zure papera barneratuta.

Haziz al doa elkartasun hori? Edo aitzitik, gero eta txikiagoa da?
Nik uste ez dela txikitzen ari. Boluntariotza gure elkartean oso garrantzitsua da, ezinbestekoa da. Jarduera ugari antolatzen ditugu -aisialdi-programak, opor-programak…- horiek aurrera eramateko ezinbestekoak dira boluntarioak.
Hala ere, egunerokotasunean garrantzitsuena gizartearen jarrera da: bizilagunaren jarrera, ogi-saltzailearen jarrera... Nik uste, jarrera hori geroz eta positiboagoa dela.

Gizarte mailan zein maila profesionalean, adimen urritasuna duten norbanakoen aukerak hobetzen, parekatzen ari al dira?
Bai nabarmen. Orain dela 50 urte adimen urritasuna zuen pertsonak ez zuen ezta ikasteko eskubiderik. Lana lortzeko garaian, oraindik orain, zailtasun gehiago ditu kolektibo honek. Gure kanpainako Marcialek betetzen duen papera bezalako pertsona gehiago behar ditugu, euren negozioaren ateak ireki eta adimen urritasuna duten lagunei lanpostua eskainiz. Gizartearen laguntza behar dugu baina zorionez egoera asko aldatu da.

Lehendik landu dituzuen Atzegiko kanpainekin alderatuz, zertan da honakoa ezberdina?
Guztiak sentsibilizazio kanpainak izaten dira. Iaz hezkuntzaren arloan aritu ginen, leloa “Altxa dezatela eskua Atzegizale diren eskolak” izan zen. Aurten berriz, bakoitzak bere papera aurkitzea nahi dugu.
Aurten gainera Gipuzkoako eskualde guztiak indartu nahi izan ditugu. Izan ere, oso garrantzitsuak dira guretzat bai familiak eta baita eskualdeka egiten den lana ere -udaletxeak, bizilagunak…- Azken batean, bizitza gure herrian, gure auzoan egiten dugu, ingurune txiki batean. Hori da aurten landu nahi duguna.

Kanpaina honetatik at, zein da Atzegik egiten duen lana?
Atzegi Gipuzkoako Adimen Urritasuna duten Familien Elkartea da. Zerbitzu ugari eskaintzen ditugu familia horiei laguntzeko: hezkuntzan, lan arloan… Zerbitzuak eskaintzen baditugu ere, elkarte bat gara, ez gara enpresa bat. Familiek bultzatzen dute gainera. Solidaritatea da orain bultzatu nahi duguna.

Donostialdean lan egiten baduzu ere, tolosarra zara izatez. Adimen urritasuna eta haren inguruan Atzegik gure eskualdean egiten duen lanaren argazkia azaltzerik?
Atzegin Tolosaldeko jendeak pisu handia izan du betidanik. Tolosan ere zerbitzu asko eskaintzen ditugu. Tolosaldean Atzegik kudeatzen dituen sei pisu daude. Aisialdi taldea ere badago eta baita boluntariotza zabala ere. Familiek ere badute indarra, urtean zehar elkartu eta lan egiten dute. Uda partean Amasako paellada ospetsua egiten da, ehun pertsonatik gora elkartzen dira bertan. Tolosan eta Tolosaldean elkartasuna badagoela esan daiteke.

Zer egin behar du boluntario gisa Atzegin bere ekarpena egin nahi duenak?
Bulegora deitu dezake, 943 423942 telefono zenbakira. Atzegin Tolosan aritzen den jendea ezagutuz gero, beraien bitartez ere harremana egin daiteke, laguntzeko prest daudela esatea nahikoa da.
Gure webgunea  atzegi.org eta sare sozialak Twitter eta Facebook komunikaziorako bideak ere izan daitezke. Webgunean gainera, «Aurkitu zure papera» atalean, 9 paper horien bideoak ikusgai daude, jendea identifikatuta sentituz gero, orrialdeak berak laguntza eskaintzeko izena emateko aukera ematen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!