Nora Urbizuk, Amasa-Villabonako Kultura eta Euskara zinegotzia eta Mintzola Fundazioaren ordezkariak, eta Karlos Aizpuruak, Mintzola Fundazioko Zuzendaritza kideak eman dituzte ekimenen xehetasunak. Batetik, Bertsolari Txapelketa Nagusian ikerlari eta adituen analisiak argitaratuko dira; bestetik, munduko kantu inprobisatuen jardunaldiak izango dira Mintzolan bertan; azkenik, kulturarteko ordezkaritza izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean.
Adituen analisiak
Hiru ekimenetan lehenengoari, hau da, ikerlari eta adituen analisiari dagokionez, hainbat esparrutako ikerlarirekin ari direla auzolanean bertsolaritza ikertzen adierazi dute Mintzola Fundaziotik. Hala, ikerlari horietako batzuei zein beste adituei eskatu diete azterketaren korpus gisa Txapelketa Nagusia hartzeko, eta azterketa horri buruzko ondorioen zein gogoetaren berri emateko. 14 adituk aztertuko dute txapelketa, eta euren analisiak Txapelketa Nagusiaren (www.bertsozale.com /eu/bertsolari-txapelketa-nagusia-2013/adituen-analisia) eta Mintzolaren (www.mintzola.com) webguneetan argitaratuko dituzte.
Arkaitz Goikoetxea (filologo, itzultzaile, bertso eskolako irakaslea), Jone Miren Hernandez (EHUko unibertsitate ikerlaria), Xabier Paia (ahozkotasunean aditua eta ikerlaria), Xabier Sukia (kazetaria), Olatz Mitxelena (komunikazioan lizentziatua), Teresa del Valle (EHUko Gizarte Antropologiako katedradun emeritua), Gorka Azkarate (bertso eskolako irakaslea), Jexux Larrañaga (antropologian doktorea), Andoni Egaña (1993-2009 artean txapelduna), Pio Perez (EHUko ikerlaria), Pere Bescos (AEBko Harvardeko unibertsitatea), Anais Falco (musikologian aditua), Christian Simelio (corrandista), Manex Agirrezabal (informatikaria eta doktore gaia) eta Joxerra Garzia (komunikazio zientzietan doktorea eta ahozkotasunean aditua) dira analisiak egingo dituzten adituak.
Arkaitz Goikoetxearen Aniztasuna Txapelketaren bertsogintzan analisia dagoeneko argitaratuta dago bi webguneetan. Gainerako analisiak azaroaren 4an, abenduaren 9an eta abenduaren 19an argitaratuko dituzte. Emakumeak txapelketan, abertzaletasuna, emozioak, txapelketaren musika... askotariko gaiak jorratuko dituzte.
Kantu inprobisatuen jardunaldiak
Antolatu duten bigarren ekimenaren bitartez, munduko kantu inprobisatuen berri izango da Mintzolan. Atzo hasi ziren jardunaldiak, eta urriaren 16an, azaroaren 6an, abenduaren 11n, abenduaren 12an eta abenduaren 13an izango dute jarraipena. 19:00etan izango dira, doan, eta nahi duen herritar orok parte hartu ahalko du. Mexikoko, Kubako eta Kataluniako kantu inprobisatuak, emozioak, transmisioak eta emakumearen figura, 1986 eta 2009 urteen arteko Txapelketa Nagusien azterketa edota bat-batekotasuna izango dira, besteak beste, jorratuko dituzten gaiak.
Kulturarteko terraza finalean
Bertsolaritza Txapelketaren finalean amaituko dira Mintzola Fundazioak antolaturiko ekimenak. Egun horretan, abenduaren 15ean, BECen terraza batean bilduko dituzte Mintzolarekin elkarlanean ari diren hainbat ikerketa erakundeetako edo kultur elkarteetako ordezkariak, ikerlariak eta bertso zaleak, Euskal Herrikoak zein atzerrikoak.
Bertan espero dituzte Txapelketan zehar iritzia emanez kolaboratu duten ikerlari eta adituak; hitzaldi edo saioetan parte hartuko duten hizlariak; Kataluniako 20 laguneko taldea; Galeseko ordezkaritza bat; Reno Unibertsitateko ordezkariak, Zesar Martinez ikerlaria, Unesco Etxeko eragileak, BCBLko ikerlariak, EHUko IXA taldeko ikerlariak, Mikel Laboa katedrako ordezkariak edota EHUko euskara errektoreordea.