Argazki rallyak egingo dituzte Gaztelun eta Berastegin

Argazki kamera hartu eta primerako irudiak hartzen iaioak direnak zorteko daude. Asteburu honetan, Gaztelun zein Berastegin, argazki rallyak antolatu dituzte.

Baserriari eta naturari loturiko lehiaketa antolatu dute Gaztelun. Igandean, 10:30etan hasita, partehartzaileek 2-3 orduko ibilaldia burutuko dute elkarrekin, Alberto Gonzalezek proposaturiko ibilbidea eginez. Partaide bakoitzak  bidean zehar ateratako argazkietatik 6 aukeratu beharko ditu lehiaketan aurkezteko. Jasotako irudietatik dozena bat Erroizpe Azpiko kirol eta kultur elkartean izango dira ikusgai, Kultur asteburuaren baitan. 636.201.517 zenbakira deitu behar da izena emateko.

Berastegin antolatzen duten XI. lehia da aurtengoa. Ostiralean hasi eta asteburu guztian zehar izango da martxan. Bi modalitate bereizi dituzte: kamera analogikoarekin ateratakoak eta digitalarekin lortutakoak. Modalitate batean zein bestean, argazkilariek ateratako irudietatik 3 aukeratu beharko dituzte lehiaketarako: analogikoarekin lan egingo dutenei, 12 argazkitako karrete bana banatuko zaie, eta digitalarekin arituko direnei 15 argazkiz bete beharko duten CD bana. Digitalarekin aritutakoak, noski, ezin izango dute jatorrizko argazkia edizio programekin ukitu. Gaia egunean bertan jakinaraziko zaie eta argazkia lortzeko partehartzaileek ezin izango dute herriko mugetatik atera. Azaroaren 3an jakinaraziko dira irabazleen izenak, Berastegiko Azoka Egunean. Bestalde, argazkiak ikusgai izango dira Kultur Astean, aparkaleku azpiko lokalean. Parte hartzeko, udal bulegoetan eman behar da izena ostiralean, 20:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!