Bertsolari Txapelketa Nagusia

Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazuren txanda Txapelketa Nagusian

Jon Miranda Labaien 2013ko urr. 10a, 11:02

Pixkanaka badoa aurrera Bertsolari Txapelketa Nagusia. Dagoeneko lehenengo bi kanporaketa saioak ospatu dira Villabona eta Markinan eta asteburu intentsua da aurrean daukaguna. Hendaian eta Altsasun jokatuko dira hurrengo bi saioak eta gainera, eskualdeko bi bertsolariek hartuko dute parte bertan. Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazurekin izan da Tolosaldeko Ataria.

Larunbatean Hendaiako Beltzenia pilotalekuan kantatuko du Amaia Agirrek. Arratsaldeko 17:30etatik aurrera arituko da kantuan, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Sotorekin batera. Saioaren bezperatan, Igotz Alkortak hitz egin du villabonatarrarekin. Lasai doa txapelketara, gogoz baina ez lehengo amorrazioarekin. 2005ean, finalaren atarian geratu zen txapelketan, Hendaian saio bikaina egin ondoren. Ilusioa egiten dio Amaia Agirreri berriz bertan kantatzeak.

Jexux Mari Irazuri Altsasun kantatzea egokitu zaio Txapelketa Nagusiaren lehen fasean. Beñat Gaztleumendi, Erika Lagoma, Oihane Perea, Unai Agirre eta Xabier Silveira izango ditu ondoan. Gustura dago tokatu zaion taldearekin, ingurukoak baititu kantukideetako batzuk. Txapelketa borobil bat egitea du helburu larrauldarrak. Urteotan egin duen bide propioa, pertsonala erakutsi nahi du aurtengo ekinaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!