Azokak izango ditugu urriko bigarren igandeko osagai nagusi eskualdean: Leaburun, Anoetan zein Zizurkilen izango da bertako produktuen salerosketarako aukera, eta baita haren inguruan osatutako jarduera eskaintza zabalaz gozatzekoa ere.
Euskal jaia ospatuko dute anoetarrek: «Udara joan eta iritsi dira udazkeneko doinuak, eta doinu horiek ardatz harturik, euskal musika tresnak izango ditugu gure nortasuna eta naziotasuna aldarrikatzeko gai nagusi» azaldu du Aratz Luisa zinegotziak Arotz-etxean egindako aurkezpenean. Gerturatzekoak diren guztiei baserritarrez jantzita agertzeko eta zorro propioa ekartzeko deia egin dute. Anoetarrei ikurrina eskegitzeko gonbidapena egin zaie: «Espainiar gobernuak bandera jartzera derrigortuko gaitu, beraz, horri erantzunez herritar guztiei dei egiten diegu euren balkoian ikurrina jartzera eta aldarrikatzera».
Bestalde, eta horrelako jai bat aurrera eramateak sortzen dituen lan guztiak burutu ahal izateko, herritarren ekarpena eta parte hartzea beharrezkotzat jo dituzte antolatzaileek; horregatik, lan zerrendatan izena emateko gonbidapena luzatu dute, nahi duenak ahal duen neurrian lagun dezan. Anoetako Itzuli tabernan dago lan zerrenda horretan izena emateko aukera.
Bestalde, frontoian eskainiko den bazkarirako txartelak salgai daude gaurko eguna bitarte herriko tabernatan.
Bosgarrenez, Leaburun
Bosgarren aldiz antolatu dute Leaburukoek Barazki eta Artisau Azoka, eta haren inguruan eskaintza zabala osatu dute beraiek ere. Haurrek zaldi-gurdian ibiltzeko aukera izango dute eta talo tailerra ere eskainiko zaie: azken honetan parte hartu nahi izanez gero, mantala edo arropa zaharra ekartzea gomendatu dute antolatzaileek. Herriko trikitilariak eta Anjel Mari Peñagarikano eta Sustrai Kolina bertsolariak ariko dira goizean zehar giroa alaitzen; bazkarira ere luzatuko dute beraien saioa. Otordurako txartelak salgai daude Ostatuan ostirala bitarte: helduek 20 euroren truke lortu ahal izango dituzte, eta 16 urtetik beherakoek 10 euro ordaindu beharko dituzte.
Zizurkilera autobusez
Zizurkilgo XVI. Azoka Berezira gerturatu nahi duena, autobusen doako zerbitzu bereziaz balia daiteke: Bulandegi Bideko biribilgunetik edo Zubiaurretxotik Zizurkil Goiko Plazara igoko da garraio publikoa egun guztian zehar. 14:30ean bazkaria eskainiko da Zimiterioan, eta han otordua egin nahi duenak txartela eskuratu beharko du Iriarte, Egarri edo Atxulondo tabernetan.Bihar hasi eta igandera bitarte, emakume baserritarren argazki zaharrak izango dira ikusgai Iriarte Kultur Etxean.
ANOETAKO EUSKAL JAIA
09:30: Herriko txistularien kalejira
10:00-13:30: Eskualdeko baserritar eta artisauen azoka plazan, dultzainero eta joaldunekin
Bitartean: Euskal musika tresnei buruzko erakusketa plazan
12:00: Jaiaren aurkezpena txalapartariekin, dantzariekin eta Loatzo Musika Eskolako ikasleekin.
Ondoren, postu politenaren sari banaketa.
Jarraian, ardo dastaketa, Bentaldea Bodegoiaren eskutik.
12:30-13:00: Talo tailerra 8-12 urte bitarteko umeentzat
13:30: Baserriko produktuen saskiaren zozketa
14:00: Herri bazkaria frontoian. Dultzaineroek alaituko dute bazkalostea
17:00: Musika emanaldiak:
Loatzo Musika Eskolako ikasleak: trikitilariak, dultzaineroak, albokariak,...
Aho-soinujoleak
Hiahoka taldea
19:00: Talogileak eta erromeria plazan Nonnahi taldearen eskutik
LEABURUKO AZOKA
09:30-14:00: Azokaren irekiera
Talo tailerra herriko ume eta gaztetxoentzat, taloak egiten ikasteko.
Herriko trikitilari eta Anjel Mari Peñagarikano eta Sustrai Kolina bertsolariak
Haurrentzako ibilaldiak zaldi-gurdian
Bertako produktuekin osatutako bi saski zozkatuko dira
Bertso-bazkaria, Peñagarikano eta Kolina bertsolariekin eta herriko trikitilariekin.
ZIZURKILGO AZOKA
11:00: Azokaren irekiera.
12:00: Haurrentzako jokoak
13:00: «Baserriko Argia Saria»
Zizurkilgo baserritarren postu onenari eta kantu-jira
14:30: Bazkaria Zimiterioan
17:00: Poniak eta aurpegi margoketak
18:30: Xuxurlariak Kale Antzerkia, Ados Teatroaren eskutik