Tolosaldeko herritarrentzat bigarren Garbigunea ireki du mankomunitateak

Asier Imaz 2013ko urr. 7a, 14:58

Eskualdeko udal ordezkariak Andoaingo Garbigunean
Gaur goizean, Tolosaldeko Mankomunitateak bere bigarren Garbigunea inauguratu du, Andoaingo Leiotz industriagunean. Orain arte zabalik zegoen bakarra, Tolosako San Blas auzoan kokatutarik dago.

Gaurtik aurrera, eskualdeko herritarrek bigarren Garbigunea dute erabilgarri. Orain arte, ohikoak ez diren hondakinak, Tolosako San Blas auzora eramaten zituzten, bertan baitzegoen eskualdeko Garbigune bakarra. Gaur, Andoaingo Leiotz industrigunean zabaldu dute bigarrena. Zerbitzua doakoa da, eta Tolosaldeko Mankomunitea osatzen duten 28 herrietako biztanleei zuzendua dago. Hauekin batera, urnietarrak ere erabilgarri izango dute Garbigunea, Tolosaldeko Mankomunitateak eta San Markokoak lortutako lankidetza hitzarmenari esker.

Inaugurazio ekitaldian, eskualdeko ordezkari politiko ugari izan dira, eta guztien izenean, mankomunitateko lehendakariak hitz egin du, Ainhoa Ugalde Irurako alkateak: "Hilabeteak pasa ditugu lanean, eta azkenean, gaurkoan poz handiz, gune hau martxan jartzeko eguna iritsi zaigu". Herritarrei, Tolosakoari eman zaion erabilpen bera ematea eskatu die Ugaldek, San Blasko Garbigunean jendearen joan-etorria "handia" izan dela azalduz.

Andoaingo zentroak hondakinak hamabi multzotan sailkatzeko aukera ematen du, eta bertan, hamalau hondakin arriskutsu sailkatu ahalko dira. Mankomunitateko lehendakariaren esanetan, "helburua ahalik eta aukera zabalena ematea da, horrela, gehiago sailkatzearekin batera, zabortegietara gutxiago eramaten baita".

Hondakinen gaikako bilketarekin batera, Garbiguneak badu beste zerbitzu bat. Tolosan bezala, Andoainen ere berrerabilgunearen zerbitzua eskainiko dute: "Horrela, norberak erabiltzen ez dituen baina oraindik ongi dauden tresna, altzari, aparatu elektriko etabar. ekarri daitezke gune honetara, eta bertan egongo diren antzeko gauzak ere hartzeko aukera izango da. Erabiltzen dugun edozerk izan dezake bizi berri bat, beste norbaiten eskuetan, eta asmo horrekin sortua dago berrerabilgunea", Ainhoa Ugaldek argitu duenez.

 Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak Ugaldek esana berretsi zuen, «hondakin kudeaketa egoki batera begira», beste urrats bat gehiago dela esatean. Ondorioz, Errazkinek eskualdeko udalak eta herritarrak zoriondu zituen Andoaingo Garbigunearen inaugurazio ekitaldian.
Ingurumen diputatuak etxeko lanak hartu zituen atzokoan: «Herritarrei esfortzu bat egiteko eskatzen diegu, baina gure aldetik, azpiegituretan, zerbitzuetan... urratsak eman beharra dauzkagu aipatzen ditugun helburu horietara iristeko».


Iñaki Errazkinek gipuzkoarrek duten erronka gogoratu zuen, hau da, 2016rako sortzen dituzten hondakinen %60 birziklatzea. Horretarako bi gauza behar dira Ingurumen diputatuaren esanetan: «Gure aldetik, azpiegiturak ezartzea, eta herritarren aldetik, esfortzu txiki bat egitea hondakinen birziklapenean».
Guzti horregatik, behin etxeko lanak zehaztuta, Iñaki Errazkinek Tolosaldeko biztanleei deialdia luzatu zien Andoaindik: «Garbigune hau erabil dezatela eskatuko nieke, benetan praktikoa izan dadin, eta ematen ari garen aurrerapauso hauek emaitzik onenak eman ditzaten».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!