Azoka bereziz betetako asteburua izango da honakoa, izan ere, eskualdeko hiru herritan, Belauntzan, Asteasun eta Tolosan, mota ezberdinetako produktuak ikusi eta erosteko aukera egongo baita.
Larunbatean, Birziklatu eta berrerabili Etiopiaren alde lelopean, eta Abay Gipuzkoa elkarteak antolatuta, bigarren eskuko azoka izango da hirugarrenez Tolosan. Herritarrengandik bildutako objektuez gain, trentzak egiten dituen neska bat izango da. Goizeko bederatzietatik hasita, iluntzeko zortziretara arte izango da hauek bisitatzeko aukera Trianguloan. Gainera, urriaren 4tik 18ra bitarte, Walmara, en un lugar de Etiopia izeneko erakusketa izango da ikusgai Aranburu jauregian.
Igandean, berriz, Belauntza, Asteasu eta Goiatzen izango dituzte azoka bereziak. Belauntzako azokaren kasuan, animalia, eskulan, barazki eta bestelako produktuek osatutako 18 postu izango dira.
Ganaduaren kasuan, behiak, behorrak, pottokak, ahuntzak, ardiak eta oiloak izango dira. Garai bateko usadioari jarraiki, menditik jaitsiko dituzte animaliak, goizeko bederatzietan.
10:00etan plazan dena prest izango da, eta 15:00etara bitartean egongo da ikusteko aukera. Postuez gain, erreminta zaharren eta artisauen ikuskizunak izango dira. Posturik hoberenari ere, bertako produktuekin osatutako otarre bat emango zaio sari moduan.
Asteasun ere eskulan, abere eta elikagaiak izango dira, 10:00etatik aurrera. 22 baserrietako zerri, abere, txahal, larre eta esne-behi, idi, ahuntz, ardiak izango dira. Frontoian eta karpan, baserri produktu, gozogintza, pate, gazta eta kontserbekin osatutako 50 postu izango dira, horietako 14 Asteasukoak. Egurlan eta ukondoen postuak ere izango dira. 11:00etan, Asteasuko baserri bateko txekor bat erreko dute, eta pintxoak salduko dituzte. 12:00etan, arroz-esne txapelketa izango da. 12:30ean, esne behien erakustaldia izango da. Aranzadi elkarteak ere mikologiaren inguruko postu bat jarriko du. 14:00ak arte izango da. Arratsaldean 17:00etatik 19:30ra izango dira. Egunean zehar, herriko trikitilariek giroa alaituko dute.
Goiatzen, berriz, produktu ezberdinen salmenta izango da, hala nola, taloak, sagardoak, edo bertako produktuak. Urtero moduan, sardina jatea egingo dute.