Mendi tontorrean gurutzeak jartzea galaraziko dute Herniopeko udalek

Ataria 2013ko irailaren 26a

Hernioko gainean ezin izango da hildakoen omenezko gurutzerik jarri hemendik aurrera. Horixe erabaki dute Herniopeko zortzi udalek, azken urteetan ohitura hori hazten ari zela ikusita.

Hernioko gainean ezin izango da hildakoen omenezko gurutzerik jarri hemendik aurrera. Horixe erabaki dute Herniopeko zortzi udalek, azken urteetan ohitura hori hazten ari zela ikusita.

 

Orain hamar urte hasi zen oroigarriak jartzearen joera. Gehienak gailurretan badaude ere,  bidean ere aurki daitezke. Hildakoaren izen-abizenak dituzte gurutzetako batzuek, eta beste hainbat identifikaziorik gabekoak dira.

 

Baina berriak ala zaharrak, tontorrekoak edo bide bazterrekoak, edo partikularrak edo anonimoak izan, gehienak baimenik gabekoak dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Habitatak kudeatzeko zerbitzuburua den Ismael Mondragonen arabera, «baimen eske deitu izan duten familiei ukatu egin zaie».

 

Hala ere, denboraren poderioz arazoa areagotzen joan da. «Pixkanaka mendia kanposantu itxura hartzen ari da», azaldu du Gregorio Iraola, Albizturko alkateak. Arazo honi konponbidea emateko urtebeteko lanaren ostean, gurutzeak jartzea galaraztea erabaki dute Hernioko lurrak dituzten zortzi herrietako udalek –Aia, Albiztur, Alkiza, Asteasu, Hernialde, Bidania-Goiatz, Errezil, eta Larraulek–, eta Erniozale elkarteak.

 

Jarritakoak kendu

Oroigarriak jartzea bakarrik ez, orain daudenak ere kentzeko agindua eman dute udalek. «Hernioko gaina bere osotasunean herri ondare bat da, naturak horrela eskatzen duelako, eta ezin da pertsonalizatu inongo zatirik», adierazi du Pilar Legarra, Asteasuko alkateak beste guztien izenean. Adostutakoa, Legarraren esanetan, ez da «inola ere pertsonala eta norbanakoen kontrakoa, egoera orokor baten aurrean sortu den adierazpena baizik».

 

Sentimenduz betetako oroigarriak direla jakinda, gaia publiko egin aurretik, izen-abizenak dituzten gurutzeetako familiekin harremanetan jartzen saiatu dira. Ez dute lortu denekin hitz egitea, baina posible izan denekin, ez da inolako arazorik izan: «Batzuk hobeto, besteek okerrago, baina gehiengoak ulertu du erabakia».

 

Hala ere, denbora tarte bat ematea erabaki dute udalek, horrelako gauzak «ezin baitira egun batetik bestera egin». Helburua, beraz, datorren urteko irailerako senideek euren familiartekoen gurutzeak kentzea da. Izenik gabekoekin, ordea, sortzen da arazoa, udalek ez baitakite norengana jo. Kasu horietan, beraiek kentzea hausnartzen ari dira.

 

Partikularrak bakarrik

Hernion, ordea, badira norbanakoenak eta identifikatu gabeak diren gurutzeez gain, bestelako ikurrak, tradizioz bertan dauden gurutze edo kalbarioak, esaterako. «Leku batzuetan beti ezagutu izan dira gurutze, postontzi eta halakoak, partikularrak ez direnak, eta historikoak direnak».

 

Behin gurutzeak kentzen hasita muga non ezarri behar ote zen eztabaidatu zuten udalek eta aldundiak. Bada, azken erabakia, norbanakoenak diren horiek soilik kentzearena izan da, eta historikoak diren horiek mantentzea.

 

Oroigarri orokorra

Hala ere, beste aukera batzuk ere aztertzen ari dira. Adibidez, mendizale eta herniozale guztientzat baliogarria izan daitekeen oroigarri orokor bat jartzeko aukera baloratzen ari dira. Baina hori ez da aukera bakarra, izan ere, gaur egun, zuhaitzak landatzeko baimenak ematen dira eta aurrerantzean, gurutzeen ordez, aukera hori zabaltzeko prest daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!