Zizurkil eta Adunako poligonoa lotzen dituen bidegorri zatia ireki dute

Tolosaldeko Ataria 2013ko ira. 26a, 10:23
Zizurkilgo bidegorri sarea osatzeko lanetan pauso garrantzitsu bat eman du udalak, paper-fabrikatik hasita Oria ibairantz, Zizurkil eta Adunako poligonoa lotzen dituen zatia ireki baita. Oinezko eta bizikletentzat egindako bide honekin azken zatia besterik ez da falta bidegorri sare osoa amaitzeko.

Zizurkilgo bidegorri sarea osatzeko lanetan pauso garrantzitsu bat eman du udalak, paper-fabrikatik hasita Oria ibairantz, Zizurkil eta Adunako poligonoa lotzen dituen zatia ireki baita. Oinezko eta bizikletentzat egindako bide honekin azken zatia besterik ez da falta bidegorri sare osoa amaitzeko.

 

Zubimusutik plazaraino doan bizikleta bidea urte amaierarako bukatzea da udalaren helburu nagusia. 2010. urtean Zubimusu norabide bakarrekoa bihurtu zenetik, bizikleta bide bat egokitzeko aukera ematen du.

 

Tarte horren lehen lana, Pasus plazako hiritartze lanen barruan, Ernio Bidea gurutzatzeko oinezko eta bizikletentzako pasabidea gauzatzea izango da. Ernio Bideako bi espaloietatik bat bizikletekin partekatuko da. Horretarako oinezkoek gutxien erabiltzen duten bidea hautatu da, aldi berean, zabalena delako. Baina zabalera nahikoa –5,9 metro inguru– hartzen duen puntuan, bizikletentzako bereizitako bidea gauzatuko da.

 

Paper-fabrikaren parean, bizikletentzat egokitutako pasabide bat egokituko da. Puntu horretatik aurrera, galtzadaren zati bat, 4,3 metrokoa, ibilgailuentzat utziko da, eta 2,8 metroko beste bat bizikletentzat. Gainera, eremu horretan, bidegorria ibilgailuen bidetik babesteko birziklatutako kautxoz eginiko elementu etzanak ipiniko dira, banda islatzaileak dituztenak, gauez ere ongi ikus daitezen.

 

Bidegorria Zubimusura iristen den lekuan, ibilgailuen bidea gurutzatzeko pasabidea ipiniko da, eta horretarako beharrezkoa izango da espaloia egokitzea. Zubimusutik Ugare auzoko bidegorrira egingo den lotura, berriz, oinezko espaloia partekatuz egingo da, espaloiaren bost metroak horretarako nahikoa baitira.

 

Behin lan horiek amaituta, oinezko eta bizikleta bideen udal sareak 1.735 metro izango ditu. Horietatik 480 metro bizikleta bidearenak izango dira, eta 1.255 metro erabilera bateratukoa, non oinezkoek lehentasuna izango duten.

Hazkunde garrantzitsuak

 

Bizikleta Behatokiaren 2011ko memoriaren arabera, Zizurkil eta Asteasu batzen dituen bidegorriak «hazkunde garrantzitsuak» izan ditu. 151.000 bidaia egin dira, 2010ean baino 32.000 gehiago. Erabiltzaile kopuruak ere %28 egin du gora urte batetik bestera, oinezkoena %31 hazi zen, eta txirrindulariena %14. Bide horretan dauden enpresa kopuru handiak zerikusi zuzena du horretan, lantokietara joateko erabiltzen baita. Horretarako herri gunea eta Elbarrena inguruko bizikleta egokitzea lehentasun moduan ikusten du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!