Kalera atera dira eskualdeko herritarrak, erasotzaile sexisten aurka

Ataria 2013ko irailaren 25a

Igandean Irurako festetatik bueltan gertaturiko erasoaren harira, elkarretaratzea izan zen atzo

Tolosaldeko herritarrek erantzun sendoa eman diote pasa den igande goizaldean gertaturiko sexu erasoari, eta Trianguloa plaza bete dute elkarretaratzean, Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin! Erasotzaileak kanpora! lelopean. Gazte, heldu nahiz zaharrek parte hartu dute, eta azken urteotako erantzunik argienetakoa eman dio Tolosaldeak, eraso sexista bati.

Tolosaldeko Emakumeen Mundu Martxa plataformak antolatu zuen mobilizazioa, igandean Anoetatik Tolosarako bidean gertaturiko bortxaketa medio, eta udaletako ordezkariek ere babestu egin zuten deialdia. ELA, LAB, EHNE, Bilgune Feminista eta Ikasle Abertzaleak erakundeetako ordezkariak biltzen dituen plataformak, besteak beste, horrelako gertakarien aurrean «erantzun sendo eta irmoa emateko garaia» dela uste du: «Nazkatuta gaude horrelako berriak jasotzeaz. Noiz arte horrela?».

Eskualdeko udal ordezkariek ere gaitzespen berarekin bat egin zuten asteleheneko agerraldian, eta horrelako gertaerek barkamenik ez dutela merezi diote. Bide horretan, adierazpen instituzional bateratua onartu zuten atzo Tolosa, Ibarra eta Irurako udaletan, eta besteak beste, «erasoa jasandako emakumeari elkartasuna eta babesa» eskaintzearekin batera, «isilik ez» direla geratuko nabarmendu dute: «Igandekoa ez da kasu isolatua, ez baita inondik ere, horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia». Horrela, genero indarkeria eta eraso sexistak gizarte osoaren arazotzat jo dituzte adierazpenean: «Erasoen eta indarkeriaren aurkako kontzientzia aktiboa izatea ezinbestekoa da».

Eztabaida soziala piztearen beharra nabarmendu dute, beraz, erasoekin amaitzeko. «Eredu matxistak nonahi daude, eta igandekoa eredu horren gertakizunik bortitzena besterik ez da». Udalek, horrela, «indarkeria matxistaren kontra borrokan jarraitzeko konpromisoari tinko» eutsiko diola azaldu dute.

Azkenik, «kontuaren larritasuna ikusita», herritarrei eta hedabideei «honi buruz tentuz hitz egitea» eskatu diete.

Hilabetean bi salaketa

Hilabete eskasean, antzekotasun handiak dituzten bi salaketa jarri dituzte eskualdean. Igandean, 04:30ean, Hernialdeko bidegurutzean izan zen erasoa, neska Irurako jaietatik zetorrela. Abuztuaren 24an, berriz, Ibarrako jaiekin bat eginez, neska batek eraso sexista jasan izana salatu zuen; kasu hartan emakumeak aurre egin zion erasotzaileari, eta honek ihes egitea lortu zuen.

Ertzaintzak, bere aldetik, ez du argibiderik eskaini ikerketaren inguruan, eta oraindik ez dakite erasotzailea bera izan daitekeen edo ez. Udalek, momentuz, bakarrik ez joateko gomendioa eman diete emakumeei, eta zaintza areagotu dela ere azpimarratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!