Punturik bildu gabe hasi dira Ibarra eta Laskorain

Ataria 2013ko irailaren 24a

Egintza sailkapeneko bigarren postuan da Laskoraini 5-10 irabazita; Ibarrak 6-1 galdu du bigarren B mailan

Porrotekin hasi dute denboraldia, areto futbolean, Ibarra Lauburuk eta Laskorainek. Egintza, berriz, hirugarren mailako sailkapeneko bigarren postuan da.

Mailaz igo berri da Ibarra Lauburu, eta Xota Bren aurkako norgehiagoka izan zuten, bigarren B mailan. Atzelarien jokoa nagusi izan zen, eta ibartarrak izan ziren markagailua martxan jarri zutenak, Txipiren 0 eta 1ekoarekin.

Golak, ordea, Xotaren kontraerasoa piztu zuen, eta atsedenaldia baino lehen berdinketa lortu zuten.

Bigarren zatia berdindu samar hasi zen arren, 32. minuturako 4-1eko emaitza zuen markagailuak,  eta atezaina jokalari gisa jarri zuten, orduan, ibartarrek; ezin izan zituzten, hala ere, beste bi golak saihetsi. Taldeko kideek «maila berri honek eskatzen duen errendimendu ona» azpimarratu dute.

Datorren asteburuan, Labastidako taldearen aurka jokatuko dute partida, Belabieta kiroldegian, eta punturen bat eskuratzea izango dute helburu.

Egintza eta Hirukide nagusi

5 eta 10ekoarekin amaitu zen, pasa den larunbatean, Laskorain eta Egintza taldeen arteko areto futbol partida. Denboraldi hasiera billabonatarrentzat askoz ere hobeto hasi zen, eta sailkapeneko bigarren postuan dira.

Laskoraingo taldea hirugarren mailara igo berria da, eta «erantzukizuna eta ilusioa» zituztela azaldu dute. Horrek, ordea, kezka ere sortu zien aurredenboraldiko azken astean, bi jokalari entrenatu ezinik izan baitira azken astean.

Neurketako lehen erdia orekatua izan zen, eta Egintzak markagailuko lehen gola sartu zuen arren, Laskoraingoek segituan berdindu zuten norgehiagoka. Atsedenaldira iristear zela, ordea, bilabonatarrek 1 eta 2koa sartzea lortu zuten, errebotez.

Lau minututan partida erabat irauli, eta 5 eta 10eko emaitzarekin, Laskoraingo taldea punturik gabe geratu zen. Egintzakoek, aldiz, hiru puntu eskuratuta, hirugarren mailako sailkapeneko bigarren postua lortu dute lehen jardunaldian.

Beren aldetik, Tolosala Hirukideko kideek ere badute pozik egoteko arrazoirik, lehen jardunaldia garaipenarekin bukatu baitute hauek ere. Buruntzaren aurka, etxetik kanpo, 2-4koa lortuta, sailkapeneko seigarren postuan dira tolosarrak, hiru punturekin.

Datorren asteburura begira jarrita, Mallabiaren aurkako norgehiagoka prestatu beharko dute Laskoraingo jokalariek aste honetan, eta Egintzakoek, berriz, Sasikoa Durango jasoko dute etxean.

Hirukide Tolosalak ere etxean jokatuko dute, Eskolapioetako kantxan, eta San Jorge Santurtzi izango dute hasi berri den 2013-2014  denboraldiko bigarren aurkaria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!