Joseba Otaegi Kantabrikora joango da, baina denbora eskatuko dio Alex Txikoni

Tolosaldeko Ataria 2013ko ira. 19a, 12:57

Joseba Otaegi eta Alex Txikon Tolosako Kantabrikon elkartuko dira bihar, 20:00etatik aurrera. Txikonek zizurkildarrari apustu oso berezia bota zion iragan larunbatean, eta horren inguruan ariko dira hizketan Kantabrikon. Biharko hitzorduan, ordea, ez da akordiorik egongo, desafioaz hitz egiten hasi aurretik Otaegik denbora eskatuko baitu. Zizurkildarra bizkarreko minarekin dabil, eta apustua onartu aurretik, desafio egunean egin beharko lituzkeen hainbat kirol probatu nahi ditu, aurrera begira, ate guztiak zabalik utziz.

Joseba Otaegik apirilean jokatu zuen apustua Antonio Senosiainen aurka. Irabaztea lortu bazuen ere, bizkarreko minarekin amaitu zuen aizkora proba. Ondorengo hilabeteetan lesioak ez du hobera egin, eta mediku azterketak egin ondoren, atzo jaso zituen emaitzak zizurkildarrak: «Hernia diskala izango zela uste genuen, baina probek ez dute horrelakorik erakutsi. Hala eta guztiz ere, arazoa konpontzeko tratamenduarekin hasi beharra daukat». Otaegiren esanetan, uda guztia «arrastaka xamar» pasatu du: «Horregatik esan nuen apustuarena ez dela segurua. Hitz egitera joango naiz ostiralean, baina hilabete inguruko epea eskatuko dut. Ez dut nahi aberia handitu, eta ongi errekuperatzen naizenean hitz egingo dugu».

Urriaren 12an Euskal Herriko aizkolari txapelketa hasiko da, eta Otaegik oraindik ez daki ziur bertan egongo den ala ez. Zizurkildarrak argi dauka bizkarra ongi jarri arte ez duela ezer egingo, eta ondoren etorriko direla etorri beharrekoak.

Lesioaren testuinguruan iritsi zitzaion apustuaren berri Otaegiri, eta «erabat ezustean» harrapatu zuela dio zizurkildarrak. Hala eta guztiz ere, desafio berezi horren ideia gustatu zaiola ezin ukatu.

Apustu berezia: pentatloia

Tradizioari heldu zion Alex Txikonek erronka luzatzerako garaian, eta ohitura zaharrak gogoan, Otaegiri ere gustatu zaio ideia: «Garai batean Tolosako zezen plazan egiten ziren horrelakoak. Pentatloian bost herri kirol proba egiten dira: harri jasotzea, harri tiratzea edo giza proba bakarka, txinga eroatea, aizkora eta korrika».

Datari dagokionez, Txikonek otsaila amaiera martxoa hasieran kokatu zuen apustua, Tolosako zezen plazan. Diru kontuez hitz egiterako garaian, 10.000 euroko zifra bota zuen mendizale eta herri kirolariak. Hori diru gehiegi dela uste du Otaegik, baina puntu honetan, eta hitz eginda, adostasun batera iristeko arazorik ez litzatekeela egongo uste du zizurkildarrak.

Proba berezia da herri kirol pentatloia, eta prestakuntza lana handia eskatzen du. Otaegi aizkolaria da, eta beste hainbat proba egin baldin baditu ere, harriarekin ongi probatu nahi du bere burua nondik nora mugitzen den jakiteko, eta esan bezala, guztia apustua itxi aurretik.

Errebantxa usaina

Apustua gauzatzen bada, ez da Joseba Otaegiren eta Alex Txikonen arteko lehena izango. 2010eko martxoaren 1ean bi kirolariak aurrez aurre izan ziren Azpeitiko zezen plazan. Orduan, harri jasotzen, aizkoran eta korrika neurtu zituzten indarrak, eta Otaegi izan zen irabazlea. Orain, berriro zezen plaza batean elkar daitezke Txikon eta Otaegi, errebantxa usaina duen apustu ikusgarri bat tarteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!