21 talde ariko dira Erronkan, Ahora! bandera konkistatzeko lehian

Tolosaldeko Ataria 2013ko ira. 19a, 11:29

Kilometroak egunean «gazteen parte hartzea aktibatzeko zerbait» antolatzeko nahiak sortu du egitasmoa

Urriaren 6ko Kilometroak egunean, Gipuzkoako ikastoletako 21 talde Ahora! bandera konkistatzeko lehian ariko dira, Erronka egitasmoaren harira. Finala irabazten duen taldeak ikasbidaia finantziatzeko 2.000 euroko ordainsaria jasoko du, eta Laskorain ikastola prestatzen ari den egun handirako bi aste inguru besterik falta ez direla, Berazubi estadioan Erronkako proben eta taldeen inguruko azken zehaztapenak eman dituzte arduradunek; burbuila erraldoien lasterketaren erakustaldia ere egin dute, gainera, Laskoraingo ikasleek.

Abraham Olano, Oihan Vega, Edurne Pasaban eta Asier Izagirre izan dira agerraldian, kapitainen ordezkari moduan. Eurekin batera, KMK 13ko koordinatzailea Unai Igartua eta Laskorain ikastolako Jone Urteaga zuzendaria ere izan dira, eta, azkenik, Erronkako sortzaile eta arduradun diren Aitor Elduaien eta Kike Amonarrizek ere parte hartu dute.

Besteak beste, Erronka «apustu handia» izan dela nabarmendu du Jone Urteagak: «Gazteentzako zerbait desberdina egin nahi genuen, erakargarria, Kilometroak egunean beren parte hartzea aktibatzeko». Horren harira, Erronkak festarako eredu alternatiboa ere izan nahi duela nabarmendu du Urteagak, eta aurrerantzean gainerako ikastolen jaietarako baliagarria izatea espero dute.

Bide honetan, Eñaut Telleriak ere gauza bera nabarmendu du, eta Ikastolen Elkartearen erronka «egitasmo hau beste Kilometroak jaietara nahiz beste lurraldeetako ikastolen jaietara eramatea» dela azaldu du, «hemengo ilusio berarekin».

Lehiarako bost gune

Erronka 14 eta 16 urte bitarteko gazteentzako lehiaketa da, eta Gipuzkoa osoko ikastoletako 21 taldek parte hartuko dute, zirkuituan osatu beharreko probetan.

Guztira bost proba prestatu dituzte, eta Tolosan izango dira lehiarako gune guztiak. Goizean Tolosako zezen plazan elkartuko dira talde guztiak, eta lehen proba bateratua amaitutakoan izango dute, egin beharreko hurrengo bi proben berri; honenbestez, atariko probaz gain beste bi proba egingo ditu talde bakoitzak, goizean. Erronkako parte hartzaileen nahiz hauek animatzera etorriko direnen bilgunea zezen plaza izango da urriaren 6an, eta beraz, arratsaldeko probei ekin aurretik, Erronka bazkaria egingo dute zezen plazan bertan.

Arratsaldeko finala lau taldek bakarrik jokatu ahal izango dute, ordea. Goizeko talderik onenak zuzenean sailkatuko dira, baina horrek ez die aukerarik kenduko gainerakoei, izan ere, bazkalorduan bigarren aukera eskainiko dien proba bat egin ahal izango dute.

Modu honetara, probak zezen plazan, Berazubi estadioan, Iurreamendin, San Blasen eta Zumardiaundian izango dira. 21 taldeetako kideek, berriz, burbuila erraldoietan sartu eta oztopodun lasterketa egin beharko dute, batetik; lasto fardoen gainean kapitaina garraiatu eta lasterketa ere burutu beharko dute, era berean; Iurreamendin, aldiz, mosaiko bat buruz ikasi eta berregitea izango da proba; azkenik, Zumardiaundian lokotx biltze bertikalean lehiatuko dira, autobideko zutabeetan gora.

Norgehiagoka hauek guztiek egin ondoren, gazteek uretan lehiatu behar izango dute, garaipena emango dien Ahora! bandera eskuratzeko: baltsak eraiki beharko dituzte, eta Oria ibaian jaitsiera egin beharko dute, Zerkausira iritsi arte.

Abilezia parekidetasunean

Antolatzaileek azaldu dutenez, abilezia, estrategia eta taldean lan egiten jakitea gakoak izango dira Erronkarako.

Horrela, DBHko 3 eta 4. mailetako 21 talde horietako bakoitzean zortzi kide izango dira; erdiak neskak izango dira, eta beste erdiak mutilak, eta azkenik, beste bi lagun izen datu beharko dituzte, azken orduan aldaketarik egin beharko balitz.

Kapitainei dagokienez, berriz, talde bakoitzak bi izango ditu: norbere ikastolarekin zerikusi zuzena duen norbait izango da bata, eta bestea, berriz, norbere herrian ezaguna den norbait. Horrela, beraz, talde bakoitzak aukeratu ditu, jada, bere gidariak, eta antolatzaileek zenbait izen ezagutarazi dituzte: Edurne Pasaban, Asier Izagirre, Oihan Vega, Maider Gaztañaga, Malen Ruiz de Azua, Joseba Gurrutxaga, Edu Etxeberria, Etor Mendia nahiz Abrahan Olano izango dira Erronkako kapitainetako zenbait.

Talderik lehiakorrenak Ahora! bandera eskuratuko du Nafar zubian gora igota, eta oihal horrek emango die 2.000 euroko ordainsaria. Ikasbidaia finantziatzeko erabili beharko dute dirua, eta DBH 3 eta 4. mailako ikasleez osaturiko taldeek parte hartuko dutenez, saria zatitu beharko dute.

Taldeak

Aita Larramendi (Andoain)

Anoetako Herri Ikastola (Anoeta)

Uzturpe (Ibarra)

Jesusen Bihotza (Villabona-Zizurkil)

Laskorain (Tolosa)

Aranzadi (Bergara)

Txantxiku (Oñati)

Arizmendi (Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatza)

Jakintza (Ordizia)

San Benito (Lazkao)

Haztegi (Legazpi)

Urretxu-Zumarraga ikastola

Axular (Donostia)

Herri Ametsa (Donostia)

Haurtzaro (Oiartzun)

Zurriola (Donostia)

Salbatore (Zarautz)

Pasaia / Lezo ikastola

Ikasberri (Azpeitia)

Udarregi (Usurbil)

Orioko Herri Ikastola (Orio)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!