Pilota eta txakolina uztartzen dituen jaia, etzi Amasan

Tolosaldeko Ataria 2013ko ira. 19a, 11:08

Hirugarren urtez Txakolin Eguna ospatuko dute etzi, larunbatean, Amasan. Pilota jaialdi interesgarria eta txakolin dastaketa dira festaren osagai nagusiak, eta aurreko bi urteetako arrakasta izatea espero dute Uxo Toki elkartekoek.

Pilota jaialdiarekin hasiko da festa, 16:00etan. Hala, pilotarekin batera, desafioa eta bertsoa uztartuko dituzte. «Zerbait berria sartzen saiatzea da gure helburua, beti ere Amasa inguruko pilotari gazteei aukera emanez, eta iaz Amasako gazteen arteko partida bizia izan bazen, aurten pilotarekin batera beste bi euskal ezaugarri nahastu nahi izan ditugu», azaldu dute Uxo Toki elkartetik. Lehen partidan pilota eta desafioa elkartuko dituzte, eta Eskudero andoaindarrak Otaño amasarraren eta Ormazabal billabonatarraren aurka egingo du. Ondorengo partidan bertsoarekin nahastuko dute pilota, binakako partidan, kasu honetan. Ohiana Iguaran amasarra eta Amaia Agirre billabonatarra ariko dira bertsotan eta Lizaso zizurkildarra eta Aranburu oiartzuarra Urmeneta añorgatarra eta Urruzola asteasuarraren aurka pilotan.

Ondoren iritsiko da profesionalen txanda. Aurreko urteetan bezala, aurten ere binakako partidak ikusmin handia piztea espero dute. Mikel Goñik eta Eulatek Eugi eta Otxandorenaren aurka jokatuko dute.

25 txakolindegi

Pilota jaialdiak bi orduko iraupena izango duela aurreikusi dute antolatzaileek. Jaialdia amaitzen denean, festa Amasako pilotalekutik plazara pasako da, txakolin dastaketari hasiera emateko. Aurten 25 txakolindegik hartuko dute. Hain zuzen ere, txakolindegiek festa honetan izan duten erantzuna nabarmendu nahi izan dute: «Harremanetan jarri garen ia upategi guztien oniritzia jaso dugu, eta horrelako ekintzak kostaldetik kanpo antolatzea txalotu dute». Hala, lehenengo Txakolin Festan 11 txakolindegik parte hartu bazuten, eta iazkoan 22k, aurten hiru gehiago izango dira. «Getariako Txakolina izendapena duten ia guztiek parte hartuko dute, bost bakarrik faltako dira osotasunera iristeko».

Gipuzkoako txakolindegiak dira guztiak, kostaldekoak, nahiz barrualdekoak, denak Hondarribi zuri mahatsarekin egindako txakolinak. 2012ko uzta izango da dastagai, «fruta gustukoa, intentsitate handikoa, eta ahoan iraunkortasun luzea duena».

Musika eta jatekoa

Bestalde, pilota partidak eta txakolin dastaketa alaitzeko, dultzainero eta trikitilarien musika izango da arratsalde osoan, dantza egiteko aukera izango da, eta bertsolarien saioak izango dira. Era berean, txakolinarekin batera jatekoa ere emango dute larunbatean Amasan. Sardinak, txorixoa, patata tortilla edota gazta izango dira guztien eskura. Afalorduan, berriz, festarekin jarraitu nahi duenak Uxo Toki elkartean egingo duten afarian parte hartzeko aukera izango du. Horretarako nahikoa izango du antolatzaileekin hitz egitea.

Festan parte hartzeko sarreren salmenta Amasako Iturri-Goxon, Villabonako Iru Aldeta, Xiker, Itzalpe, Obaba, Iratzar, Or konpon, Urrizpe, Amasa kafetegia, Larrea okindegian, Zizurkilgo Egarri eta Iriarten eta Asteasuko Iturriondo tabernan jarri dute. 12 eurotan eskura daitezke txartelak helduentzat eta 6 eurotan haurrentzat. Helduen txartelarekin, pilota partidak, txakolina dastatzeko edalontzia eta bi pintxo jateko aukera sartzen da eta haurrenekin, pilota partida eta pintxoak jateko aukera. Amasan bertan, txartelak ere salgai egongo dira eta txakolinetara bakarrik joan nahi duenak ere edalontzia eta pintxoak bakarrik hartzeko txartela erosteko aukera izango du. Txartel horiek 5 eurokoak izango dira.

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte festa honetan parte hartzera, «giro aparta» izango dela ziurtatuz. Era berean, Txakolin Eguna antolatzen lagundu duten guztiak eskertu dituzte, hala nola, «Amasako gazteak, Amasa-Villabonako Udala, Iturri Goxo taberna, pilotariak, musikariak eta txakolindegiak».

Txakolin Eguna

Egitaraua

16:00. Pilota partidak: Eskudero (Andoain) Otaño (Amasa) eta Ormazabalen (Villabona) aurka. Ondoren, Ohiana Iguaran eta Amaia Agirre bertsotan, eta Lizaso (Zizurkil) eta Aranburu (Oiartzun) Urmeneta (Añorga) eta Urruzolaren (Asteasu) aurka pilotan. Ondoren, profesionalak: Mikel Goñik eta Eulatek Eugi eta Otxandorenaren aurka jokatuko dute.

18:00. Txakolin dastaketa hasiko da pilota partidak amaitzearekin batera.

Txartelak

Prezioa. Helduentzako 12 euro (pilota partidak, txakolina dastatzeko edalontzia eta

bi pintxo), eta gazteentzat 6 euro (pilota partidak eta bi pintxo).

Salmenta. Amasan: Iturri-Goxo; Villabonan: Iru Aldeta, Xiker, Itzalpe, Obaba, Iratzar, Or konpon, Urrizpe, Amasa kafetegia eta Larrea okindegia; Zizurkilen: Egarri eta Iriarte; Asteasun: Iturriondo. Amasan ere txartelak erosi ahalko dira. Txakolina soilik edo pintxoak ere eskuratu ahalko dira, 5 euroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!