Igande honetan, Bizipozaren Jaia ospatuko da Lazkaon. Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak (ILGE) antolatutako festak, bertako kide diren 22 kolektiboei laguntza ematea du helburu du.
ILGE Elkartasun Elkartearen gogoeta estrategiko batetik sortu zen, duela bi urte. Behar bereziko haurren eta hauen familien bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten duten kolektiboei proiektu egonkor bat egin, euren behar afektibo eta materialei aurre egin, eta euren errealitateak gizarteratzen laguntzen du. Euskal Gorrak, Etiopia Utopia, Banaiz Bagara, Pausoka, Saharako Lagunak, Gehitu, Ademgi, eta beste hainbat kolektibok osatzen dute.
Horien artean da Afestta. Ibarran sortutako elkarte honek Tourette sindromea duten euskal haurren familiak batzen ditu duela bi urtetik hona. «Tik edo keinuak egitean datzan gaixotasun arraroa da Tourette sindromea. Batzuk sinpleak dira, baina badira konplexuak direnak, hala nola, oihu egin, hitzak errepikatu edo saltoak egitearenak», azaldu du Eli Agirretxe, elkarteko kideak.
Hiru familiek eratu zuten, eta gaur egun, hamaika dira. «Elkarri laguntzen diogu, esperientziak konpartituz eta terapia psikologikoak eginez», dio Agirretxek. Horrez gain, gaixoei ere integratuta egoteko laguntzen diete, terapia psikomotrikoak eginez. «Gizarteari eritasun honen berri ematea da gure beste helburuetako bat».
Hori guztia egin ahal izateko, ezinbestekoa zaio Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak ematen dion laguntza. «Pailazoei laguntza eskatu genien, horrelako gauzetan sozialki oso konprometituta daudelako. Erantzuna berehalakoa izan zen, eta elkartean sartzea eskaini ziguten». Harrezkero, «beti laguntzeko prest» izan direla aitortu du Agirretxek: «Oraindik ez daukagu erakunde publikoen diru-laguntzarik, eta ILGEk emandako laguntzari esker psikologoekin egiten ditugun terapiak ordaintzea posible da».
Erronka berriak
Afesttarena ILGE osatzen duten 22 elkarteen kasu bat besterik ez da.Orain arte, elkarte hauei indar mediatikoa eskainiaz errealitatea gizarteratzen saiatu dira euskaratik eta euskaraz. Hori dela eta, Irria aldizkarian presentzia izan dute; webgunean ere euren txokoa izan dute; eta abesti, jaialdi, ikuskizun, egutegi edo bestelako ekitaldi eta elkarlanak sustatu dituzte elkarrekin.
Aurten, erronka berriak proposatu ditu ILGEk. Esaterako, ospitale, ikastetxe eta bestelako ekitaldietara joateko prest leudekeen boluntario taldea osatu nahi du, pertsonaia ezagun eta anonimoekin. Bestalde, gizarte arlo ezberdinetako adituez osatutako kontseilu bat eratu nahi dute, ILGEren jarraipena egiteko.
Igandean, festa mundiala
Badu beste erronka bat ILGEk. Izan ere, Irrien Lagunak Klubaren egunaren ordez, urtero iraileko hirugarren astean, Bizipozaren Jaia ospatzeko asmoa du. Igandean, Jantzi Zapia! lelopean, lehen aldiz ospatuko da Lazkaon, eta egun horretako etekinak ILGE proiektura eta jaia antolatzen laguntzen duten herriko eragileen artean banatuko dira.
Ekitaldi askoz osatutako egitaraua izango da bertan, eta jaialdirako sarrera apropos egindako zapi pirata bat izango da. Zapiaren salneurria bost eurokoa izango da norbanakoentzat, eta hamar eurokoa familia osoarentzat. Irrien Lagunak Klubeko txarteldunek, doan izango dute sarrera.
Horrez gain, elkarte bakoitzak bere jarduerari eta inguratzen dieten arazoei buruzko informazio mahaiak jarriko ditu.
Egutegia
Egunean zehar
- Puzgarriak eta tailerrak, Txatxilipurdi aisialdi taldearen eskutik.
- Lazkaoko Jun da jo txaranga.
- Asto ibilaldiak Giasel elkartearen eskutik.
- ILGEko 22 elkarteen mahai informatiboak.
- Lazkaoko talogileak.
- Kirol gunea, eta Beasaingo gaztetxeko malabare taldea.
- Euskarazko esamoldeekin osatutako panelak.
Oholtza nagusian
- 10:00. Antzar Gazteak taldeko txistularien emanaldia.
- 10:15. Lazkao, Beasain eta Altsasuko dantza taldeen ibilaldiaren irteera.
- 10:30. Irri Herri anitz saioa.
- 11:30. Dantza taldeen emanaldiak herriko plazan.
- 12:00. Lazkaoko abesbatzak.
- 12:30. Sentitu, pentsatu, ekin emanaldia Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin.
- 15:00. Iztueta baserrira bisita Largabista eta Lazkao Txiki musika eskolarekin batera.
- 15:00. Txantxariak jolas dinamizazioa Urtxintxa eskolarekin.
- 16:00. Irrien Lagunak Klubeko sari banaketa.
- 17:00. Ane eta Piratekin parrandan dantzaldia.
- Amaitzeko. Txokolatada Iztueta baserria eta Tolosako Gorrotxategiren eskutik.
Elkarteen txokoan
- Juan Gorriti artistaren eskutik horma-irudiaren margoketa.
- Kirol egokituak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin.
- Kajoi tailerra, Kale dor Kayiko elkartearen eskutik.
- Gida-txakurren erakustaldia, Bocalan-Biak Bat elkartearekin.
- Zeinu tailerra, Euskal Gorrak elkartearen eskutik.
- Hena tailerra, Goierriko Sahararen aldeko Lagunekin.
- Ipuin kontalaria, Gizakien Lurra elkartearen eskutik.
- Horma-irudi erraldoia Lazkaoko marrazketa tailerrarekin.