Tolosaldetik izarrak ikustera

Ataria 2013ko irailaren 19a

Txapeldunen Ligarako itzulerak ilusio handia piztu du realzaleengan. Tolosaldeko txuri-urdinak beti izan dira leial. Han eta hemen, bigarren mailan eta lehenengoan, beti izan dira zaleak taldeari animoak ematen, ilusio berarekin beti. Txanpionsa, ordea, txanpionsa da. Ez da nolanahikoa. Horregatik, zaletuen artean giro berezia sortu da eskualdean.

Bi igandez behin gertatzen den moduan, eskualdeko herrietako realzaleek hainbat autobus bete zituzten Anoeta estadiora joateko. Ilusioa nabaria zen, eta taldearengan konfiantza osoa zuten guztiek. Realak irabazi egingo zuelakoan zeuden zaletuak.

Anoetara joan ezin zutenek ere bilatu zuten euren txokoa partida jarraitzeko: elkarteak, tabernak, lokalak, etxeko sofak... Iurre Elkartekoen kasua da. Lyonen aurkako partidan gertatu bezala, jendez bete zen.

Gaua ez zen izan nahi bezalakoa, Realak 0-2 galdu baitzuen Xakhtar Donetsk-en aurka.

Bizipenak partekatu

Baina, galduta ere, gutxienez, bost partida geratzen zaizkio oraindik Realari Txapeldunen Ligan, eta ilusioa bere horretan mantentzen da. Hori dela eta, realzale guztien ilusioa partekatu nahi du Tolosaldeko Hitzak.

Horretarako, zaleak protagonista bihurtu nahi ditu, eta ahotsa eman nahi die. Beraz, eskualdeko realzaleek Txapeldunen Ligako datozen norgehiagoketetan, Anoetan, nahiz Manchester, Leverkusen edo Donetsk-en dituzten bizipen eta inpresioak kontatzeko aukera izango dute bideo, argazki edo testu bitartez. Hiru modutara egin ahalko da: Facebook bidez, Twitter bidez (@tolosaldeataria edo #TolosaldeaTxanpions hashtag-a erabiliz) edo tolosaldean@hitza.info helbidera bidaliz. Hau lehen kapitulua izan da, eta gutxienez, beste bost geratzen dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!