Gune eta postu gehiago izango ditu aurtengo Ibarrako azoka bereziak

Ataria 2013ko irailaren 18a

Urteko hitzordu garrantzitsuetako bat dute Ibarran igande honetan, hilaren 22an: Ibarra, Azoka eta Piparra. Herriko elkarte ugari biltzen dituen Hauspoa elkarteak antolatuta, hamalaugarren urtez egingo dute Ibarrako azoka berezia. Herriko nekazaritzari eta abeltzaintzari bultzada eman, eta herrian egiten diren produktuak kaleratzea du helburu azokak.

Aurreko urteetan egin moduan, hainbat gunetan banatuko da azoka, baina aurten gune gehiago izango dira, izan ere, Ibai-Gain eta Arantzazuko Amaren plaza erabiliko dituzte. Halaber, San Bartolome plazan postu gehiago jarriko dituzte, lehen bazkarirako jartzen zuten karpa handia kendu, eta leku hori postuetarako erabiliko baitute. Azokaren diseinua ere berritu nahi izan dute antolatzaileek, eta ondorioz, baita kartela bera ere, «azokan adierazten dena islatzen duelarik».

Lehiaketak eta abereak

Aurreko urteetan egin moduan, Xepla elkarteak antolatzen duen Ibarrako Piperraren Lehiaketa Gastronomikoa egingo dute Emeterio Arresen. 22 bikotek pintxoak eta piperrada sukaldatu beharko dute, Ibarrako piperra osagai nagusi moduan erabilita. Antolatzaileek azaldu dutenez, «bere lekua eta garrantzia ari da finkatzen lehiaketa Euskal Herriko gastronomiaren kultur eremuan». Horren adierazle da Euskal Herriko leku askotako partaideak izango direla, hala nola, Donostia, Irun, Orereta, Lezo, Hernani, Lekeitio, Lekunberri edota Gasteiz.

Euskal Herriko Piperraren IV. Topaketa ere egingo dute gune horretan. Ibarrako piparra, Peraltako Fugi piperra, Lodosako pikillo piperra, Ezpeletako biperra eta biper eztia izango dira dastagai. Era berean, beste urteetan bezala, barazkiak ere egongo dira, Ibarrako pipar errea prestatuko dute, eta taloak, gozogintza eta sagardoa izango dira, besteak beste.

Bestalde, Tolosaldeko XVI. Ezti Lehiaketa ere egingo dute. Eztia eta yogurta dastatu ahalko dira, eta horien onuren inguruan hitz egingo dute. Halaber, Aranen, ganadua jarriko dute, eta Ibarran ekoizten den azienda ezagutu ahalko da. Ahuntzak, behorrak, behiak, txerriak, astoak… izango dira, eta baita hegaztiak ere.

Postuak, tailerrak, bazkaria

San Bartolome plaza izango da bigarren gunea. Aurten leku handiagoa egongo denez, postu gehiago jarriko dituzte. Artisautza, Ibarratik Misio Taldea eta merkatari elkartearen postuak, argazkiak eta Uzturpe ikastolaren eta Kilometroetako arropa izango da, besteak beste.

Bestalde, Ibai-Gaini erabilera berria emango diote aurten. Haurren gunea izango da, eta tailerrak egongo dira, taloarena kasu. Arantzazuko Amaren plaza, berriz, herri bazkaria egiteko erabiliko da, eta eguraldi txarra egingo balu, Belabieta pilotalekuan egingo litzateke.

Ikusi, erosi eta dastatzeko askotariko jaki eta materialekin osaturiko 60 postu inguru izango dira, abereak, lehiaketak, tailerrak, eta hori guztia musikak alaiturik, gaiteroak eta txarangaren doinuak izango baitira. Beraz, goiz pasa atsegina egiteko osagai ugari topatuko dituzte igandean Ibarrara doazenek.

Ibarra, Azoka eta Piparra

1 gunea:

Emeterio Arrese

Produktuak eta abereak. Ibarrako baserrietako ekoizpena ikusgai, 10:00etatik 14:00etara.

Euskal Herriko Piperraren IV. Topaketa. 10:00etatik 14:00etara. Ibarrako piparra, Peraltako Fugi piperra (Nafarroa, Lodosako pikillo piperra (Nafarroa), Ezpeletako biperra (Lapurdi), Biper eztia (Lapurdi).

Ibarrako Piperraren Euskal Herriko IX. Lehiaketa Gastronomikoa. 10:00etatik 12:00etara. 22 parte hartzaile izango dira. Lehiakide bakoitzak sei pintxo eta piperrada prestatu beharko ditu. Irabazleak txapela, oroigarria eta 200 euro, bigarrenak oroigarria eta 150 euro eta hirugarrenak oroigarria eta 120 euro jasoko ditu.

Tolosaldeko XVI. Ezti Lehiaketa. 10:00etatik 12:00etara izango da.

Sari banaketa. Piperrada Lehiaketa, 12:00etan; Ezti Lehiaketa, 12:30ean; Pintxo Lehiaketa, 13:00etan.

2 gunea:

San Bartolome plaza

Postuak. Artisautza, Ibarrako urtean zeharreko ekitaldietako argazkiak eta Uzturpe ikastolako  eta Kilometroetako arropa izango da. Horrez gain, Ibarratik Misio Taldeak postua jarriko du euren proiektuen inguruko informazioarekin, eta dirua biltzeko materiala salduko dute eta jatekoa eta edatekoa ere izango da. Halaber, Ibarrako merkatarien elkarteak ere postua jarriko du. 10:00etatik 14:00etara. Orotara, gune guztiak kontuan hartuta, 60 postu inguru izango dira.

3 gunea:

Ibai-Gain

Haurren gunea. Talo tailerrak izango dira gaztetxoentzat. 10:00etatik 14:00etara.

4 gunea:

Arantzazuko Amaren plaza

Bazkaria. Bazkari herrikoia egingo dute, 14:30ean. Txartelak 20 euroan eskura daitezke, Zubiaurre, Sendi Ekintza, Txumitxa eta Arkaitz Azpi tabernetan. Eguraldi txarra eginez gero, bazkaria Belabieta pilotalekuan izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!