«Pertsona ugari osasun zerbitzurik gabe» gelditu direla salatu dute

Ataria 2013ko irailaren 18a

Jatorri anitz, herri bat dinamika Gipuzkoako hainbat gizarte eragilek osatzen dute, eta tartean, eskualdeko TOPA eta Jatorkin daude. Gipuzkoar guztientzat «eskubide guztiak» aldarrikatzen dituzte ekimeneko kideek, eta atzo Eusko Jaurlaritzan izan ziren agerraldi batean, euren eskariak bertan plazaratu zituztelarik. Bertan, «pertsona ugari osasun zerbitzurik gabe» gelditu direla salatu zuten.

Gipuzkoa mailan osasun eskubidearen hainbat urraketa gertatzen ari direla dioen txostena egin zuten gizarte eragileek, eta ondoren, Jon Darpon Osasun Sailburuari eta Eusko Legebiltzarrean ordezkatuak dauden alderdi politikoei gutuna bidali zieten, diagnostikoa partekatzeko bilera eskaera eginez, eta arazo horren konponketan inplikatu zitezen eskatuz. EH Bildu alderdiaren erantzuna bakarrik jaso zuten, eta eurekin elkartu ondoren, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteko aukera eskaini zien koalizio abertzaleak. Ondoren, Osasun sailetik bilera egiteko deialdia jaso zuten, eta hauekin ere «laster» bilduko dira.

'Jatorri anitz, herri bat’ ekimena

Eskaerak

Osasun arreta bermatzea. Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiei osasun arreta bermatzea, baita egoera irregularrean daudenei ere.

Osasun txartel unibertsala. Pertsona guztiei osasun txartela izateko aukera eskaintzea. Berau ukatzea edota lortzeko zailtasuna jartzearen aurka baikaude.

Eusko Jaurlaritzari. Osasun txartela lortzeko urtebeteko errolda eskakizuna bertan behera uztea.

Familia medikua. Pertsona guztioi familia medikua bermatzea.

Normalizazioa. Osasun arreta normalizatua guztiontzat, larrialdietara jotzera behartu gabe. Osasun harretako zerbitzuen fakturazioa indargabetzea.

Berrordaindu. Berrordaintzearen ondorioz ezarritako trabak indargabetzea. Gaixo kroniko zein pentsiodunek zailtasun handiak izaten dituzte tratamendua jasotzeko botiken kostu altuengatik.

Partaideak

Eusko Islamiar Kontseilua, Anitzak, Bai Euskal Herriari, LAB, Esperanza Latina, Kolore Guztiak, Elkartzen, EHE, Harresiak Apurtuz, Bidez Bide, CNT, Adiskidetuak, Colectivo Bachué, Malen Etxea, Jatorkin, Arrats, Al Fatiha, Banda bat, Topa, Asoleus, Eraldatzen, STEE-EILAS, Sortzen, Eleak, ESK, IKasle Abertzaleak, Bilgune feminista, SOS Arrazakeria…

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!