Amaia Agirre: «Tenplearen eta tentsioaren arteko oreka topatzen saiatuko naiz»

Ataria 2013ko irailaren 18a

2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusian final laurdenetan gelditu zen Amaia Agirre (Villabona, 1977), final erdietatik puntu bakarrera. Lau urte igaro dira, eta billabonatarra berriro ere prest da oholtza nagusira igo, eta barruan duen guztia emateko. Adinean gora joan ahala, beldurrak ez doazela baretzen dio Agirrek, baina bai «ilusioa eta erronkarako desioa».

Hitzordua iritsi da berriro. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan egote hutsa, ez da makala.

Bai, norberak bere herrialdeko txapelketan lortzen duen postuaren arabera eskuratzen da edo galtzen da Euskal Herrirako txartela. Nire kasuan duela bi urte jokatu zen Gipuzkoako Txapelketan egindako lanaren saria da Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera, eta ahal den neurrian aprobetxatzen saiatzea da helburua.

Zure burua nola iritsi da txapelketara, eta non jartzen dituzu mugarriak?

Aurten ez dut helburu zehatzik sailkapenari begira. Nire buruari begira presio handirik gabe, eta bertsolaritzan ibilbide bat dagoeneko eginda daukan baten moduan joan nahi nuke. Gazteak dira euren lekua aurkitu nahian dabiltzanak eta atzetik bultzaka datozenak. Tenplearen eta tentsioaren arteko oreka topatzen saiatuko naiz, eta hortik aurrerakoak ez nau itsutzen. Adinean gora joan ahala beldurrak ez doaz baretzen baina ilusioa eta erronkarako desioa itzaltzen doaz, nire kasuan behintzat.

Nola prestatu duzu, eta nola prestatzea gustatuko litzaizuke?

Prozesu hau urte hasieran egiten ditugun promesen antzekoa da. Udaberrian udazkenera begira jartzen ahalegintzen naiz, burua txapelketarako prestatzen, baina ia denoi gertatzen zaigun moduan gure asmoak askotan udako sargoriak urtu egiten ditu. Udara, familiako gorabehera batzuk tarteko, mediku eta kontsulta artean pasa behar izan dut, eta nire udaberriko asmoak udazkeneko orbel bihurtu dira. (Barreak). Horrelaxe tokatu da, eta egia esan burua txapelketan baino etxeko kontuetan murgilduta daukat.

Lau urtetik behin jokatzen da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Maialen Lujanbiok txapela jantzi zuen hartatik hona, zeintzuk izan dira zure ustez, lau izen propio esanguratsuenak bertsolari munduan, eta zergatik?

BEC-eko finalean lehen lau postuetan geratu ziren bertsolariak plaza asko egiten ari dira. Ez dira erreferente bakarrak, ordea. Zazpi bertsolari badira ia-ia finalista ziur azken edizioetan, eta horrek zerbait esan nahi du. Bi-hiru finaletara jarraian sailkatu den edonor da atzetik datozenen eredu. Finalera iristeko zoria izan ez zuten asko ere antolatzaile askoren gustuko dira, eta herriz herriko zirkuituan presentzia handia dute. Gazteak dira baina dagoeneko eskarmentu handia dute oholtza gainean.

Zeintzuk ikusten dituzu faborito txapela janzteko, eta zergatik?

Lehen esan bezala orain arte txapelaren lehian aritu diren berberak ikusten ditut. Denok buruan ditugun hiru edo lau izen horiek, hain zuzen. Egun bakarreko lanak erabakiko du, ordea, noren buruan jantzi hain sari preziatua, eta denetik gerta daiteke. Nik, hala ere, argi daukat finalean aurten izen berri bat baino gehiago izango ditugula. Txapelerako lehian ez, baina finaleko abanikoa osatzen bai.

Jexuxmari Irazu eta Aitor Mendiluze izango dira eskualdeko beste bi bertsolariak. Definitzen hasita, nola definituko zenituzke?

Horien eskarmentua eta esperientzia ez dago zalantzan jartzerik. Irazuk ez du zorte handirik izan azken txapelketetan, biok ere badakigu elkarren berri, azken txapelketetan batera kantatzea eta sufritzea egokitu zaigulako, baina horrek ez du esan nahi aurten arantzarik kentzeko aukerarik izango ez duenik. Eta, Mendiluze, badakigu zer nolako bertsolaria den, eta zer egiteko gai den. Inor gutxik egiten duen moduan egiten du bertsotan, eta bertso tartean egiten dituen malabarak eta joskerak ez dira oharkabean pasatzen, beraz, argi!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!