Bizikletaren erabilera sustatuko du VII. Mugikortasun Asteak

Tolosaldeko Ataria 2013ko ira. 17a, 10:39

Aire Garbia, hau da zure mugimendua lelopean, eta mugikortasun kultura berri bat aldarrikatzeko helburuarekin, Mugikortasun Astea antolatu dute zazpigarren urtez eskualdean. Europa mailan ospatzen den kanpainarekin bat eginez, gaurtik hasita igandera bitarte, hainbat ekitaldi antolatu dituzte bailarako udalek eta eragileek Tolosaldea Garatzenekin batera.

Eskualdean auto pribatuaren erabilera altua da sentsibilizazio kanpaina hau antolatzearen zergatia. Izan ere, Garbiñe Mendizabal, Tolosaldea Garatzeneko teknikariaren esanetan, «Tolosaldeko biztanle bakoitzeko 0,81 ibilgailu daude», Gipuzkoa eta EAEko motorizazio tasak baino altuagoa. Bailararen landa izaera, eskualde barneko errepide sarea, orain arteko beharretara egokitzen ez zen garraio publikoko eskaintza eskasa eta bidegorri sare amaitu gabea dira, besteak beste, tasa hori horren altua izatearen arrazoiak.

Udalen erronka nagusia, eskualdean auto pribatuaren erabilera murriztea da, izan ere, 2007ko EAEko mugikortasunaren ikerketa baten arabera, Tolosaldeko biztanleen joan-etorrien %54 autoz egiten zen, %10a garraio publikoan eta %36a oinez edo bizikletaz. Horretarako, Tolosaldea Garatzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, hainbat ekimen jarri dira martxan.

Horietako bat, eskualdeko herriarteko autobus bidezko eskaintza berrantolatzearena izan da. Alde batetik, TSST Tolosa eta Donostia arteko zerbitzua hobetu da, maiztasuna eta ibilbidea erabiltzaileen beharretara egokituz. Bestetik, Tolosaldea Bus eskualdeko garraio zerbitzua diseinatzen ari dira Garraio Sailean, eta 2014ko urtarriletik aurrera linea eta ordutegi berriak prestatuko dituzte. Bestalde, martxoan Irisgarritasun plana abian jarri zuten Tolosan. Proiektu honen bitartez, 14 pertsona kontratatu ziren herritarren lehentasunak ardatz zituzten obra txikiak egiteko, bereziki, Rondilla eta San Frantzisko pasealekuko oinezkoen pasabideak eta espaloiak txukuntzeko.

Bizikleta sustatu nahian

Garraio publikoa eta irisgarritasunaz gain, bereziki, indar handia jarri dute udalek bizikletaren erabileran, eta horregatik Tolosaldeko Bizikleta Plana jarri zuten martxan. Eguneroko joan-etorrietan ibilgailu honen erabilera areagotzea du helburu. Tolosan, esaterako, 30 gunea ezarri zuten ekainean, txirrindularien  segurtasuna bermatu eta CO2 isurketak gutxitzearren. «Tolosaldeko CO2 isurketen %64 ibilgailuenak dira, eta hori gutxitu nahi dugu», adierazi du Ibai Iriarte, Tolosako alkateak.

Iraila eta urria bitartean, berriz, bizikleta aparkaleku sarea hobetuko dute eskualdeko bederatzi udalerrik: Ikaztegieta, Alegia, Tolosa, Ibarra, Anoeta, Irura, Villabona, Zizurkil eta Asteasuk, hain zuzen. Horretarako aldundiaren diru-laguntza bat jaso dute. Bestalde, herri barneko bidegorri sareak osatzen ari dira Villabona eta Zizurkilen. Horren berri emateko, bilera irekia antolatu du ostegunean Gaztelekuan Amasa-Villabonako Udalak, 19:30ean.

Gaurtik aurrera, egitasmoak

VII. Mugikortasun Astearen barnean, egitasmoak antolatu dituzte. Adunan izango da lehena, gaur goizean Agenda 21 Foroa eta aPARKElekuak kale ekintza egingo baitute. Bihar, berriz, Sobre Ruedas dokumentala proiektatuko da 19:00etan Bidaiarien Txokoan. Ironiaz eta umorez betetako zinta da, hiri handi eta ez handietan kotxearen dependentzia alde batera utzi eta mugikortasun kultura berri bateko proposamen desberdinak aurkezten ditu. Ondoren, Alfonso Sanz, mugikortasunean adituarekin solasaldia izango da. Ostegunean, berriz, bizikletan ikasteko ikastaroa izango da Tolosan, eta udaletxean izena ematea beharrezkoa da.

Egitaraua

Irailak 17, asteartea

Aduna. Goiz osoan zehar, Eskola Agenda 21 Foroa eta aPARKElekuak kale ekintza.

Irailak 18, asteazkena

Tolosa.  Sobre Ruedas dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia Alfonso Sanz, mugikortasunean adituarekin 19:00etan, Bidaiariaren Txokoan.

Irailak 19, osteguna

Tolosa.  11:00etan, bizikletaz segurtasunarekin ibiltzeko tailerrak ikastetxeetako umeekin Trianguloan.

Tolosa.  10:30ean eta 18:00etan. Herriko errepidetik bizikletaz ibiltzeko ikastaroa. Doakoa da, baina udaletxean izena ematea beharrezkoa da.

Amasa-Villabona.  19:30ean. Bidegorriaren sare nagusiaren aurkezpena Gaztelekuan.

Irailak 20, ostirala

Ibarra.  17:00. San Bartolome plazatik abiatuta, bizikleta bira.

Tolosa.  18:30-19:00. 30 gunetik bizikleta bira.

Irailak 21, larunbata

Amasa-Villabona.  Bizikletaren bigarren eskuko azoka Berdura plazan. 08:00-10:30 bitartean material jasotzea; 10:30etik 14:00era azoka; 11:00etatik 12:00etara,  bizikletak konpontzeko tailerra; 14:00etatik 15:00etara sobratutako materiala jasotzea.

Tolosa.  17:00. Zein erbi zein dortoka! Zein iristen da azkarrago Plaza Berrira? ekimena Poxpolo eta Konpañiarekin. Sketch bat grabatuko dute bitartean. Ondoren, txokolate jatea.

Irailak 22, igandea

Tolosaldea.  KMK 2013 Tolosa eta Irristaka Patinaje taldearen laguntzarekin, Bizibira Tolosaldean, bidegorritik barrena. 10:30ean Asteasu eta Ikaztegietatik irteera. 11:30ean, Anoetan, hamaiketakoa, ipuin kontaketa, eta eskualdeko bizikleta denden eskutik sari banaketa. Rural Kutxa taldeko bi txirrindulari profesional ere izango dira.

Irailak 26, osteguna

Alegia.  Sobre ruedas dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia.

Irailak 21-22-28-29

Zizurkil. Ikasi/Gogora ezazu bizikletan ibiltzen neska! izeneko emakumeei zuzendutako ikastaroa. Aurrera plazan izango da egun horietan, 10:30ean. Izen ematea, Zizurkilgo udalean. Prezioa: 30 euro.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!